Ezkio-Itsasoko gainak patxada dario, itsas ukitu misteriotsuarekin; pagadi zaharrek babestutako toki kutuna da.
Idatzi gabeko kondairen eta istorioen sehaska da Kizkitza (676 m). Historia zaharraren gordailu, mandabide mugituaren eta festaleku jendetsuen parajea. Itsaso herriaren gainean, Urola eta Goierri bailaren artean kulunkan dago gaintxoa, pago lerdenen erdian misterioa gorde nahian bezala.
Bide bat baino gehiago daude Kizkitzara iristeko. Laburrena eta erosoena, Mandubiko Benta jatetxearen ondotik (539m) abiatzen dena, GR-34. Itsasotik gora bada joaterik, baita Antioko baselizatik (Zumarraga) mendi-gainen zehar ere, Izazpi, Atxurtza, Beotegi eta Arrobiagan barrena.
Historiaurrearen lekukotza topatuko dugu berehala, Mandubizelain: harrespila. Kristo Aurreko II. milurteko hilerria da. Orduko biztanleen imitatzaile izan nahiz edo, ehiztari modernoen ehiza-lekua da ingurua udazkenean, Kontuz, uso postuak ohartarazpen —eta kartutxo zorro— eta guzti.
Bitxitasun bat ere ikusiko dugu Mandubi Zar baserriaren atzean: pilotalekua. Ernio aldetik datorren Done Jakue bidean egingo ditugu lehen pausoak.
Baso-pista garbi eta sendoari jarraituz Elorri aterpera iritsiko gara, mendizaleen babeserako 1988an eraikia. Mandubizelaiko harrespilatik basoz ere jarrai liteke. Bidegurutzean txabola ertzetik segiko dugu, Atxurtzarantz, Ormaiztegira (5,8 km) eta Itsasora (1,6 km) doan mandabide zaharra utzita.
Aldapa pikoan behetik gora zuzenean igo daiteke, erreferentziatzat telefonia-antena hartuta. Pistaz, bi aukera daude: ezkerretik, eseka gora joatea; edo aurrerakotik Kizkitzaren beste aldeko leporaino.
Ahalegin samurraren ondoren, bakeleku eta babesleku apartak egingo dio harrera ibiltariari. Kizkitzako Andre Mariaren baselizan txalupa gainean dagoen amabirjinaren irudia (XVII. mendekoa) leihotik beha liteke, eta atzean 1962an Tarifatik ekarritako itsasargia.
Jatorrizko baseliza 1622an eraiki zen. Antza denez, Kizkitzako pagoak kostaldeko ontzioletan erabiltzen zituzten, itsasontziak egiteko. 1959ko abenduaren 28an erre zen, eta hiru urtera berreraiki zuten.