Mohamed Couera Chauengoa da eta, 2004tik, Alazne Olabide legazpiarraren dendan lan egiten du.
Mohamed Couera marokoarrak 41 urte ditu eta Chaouengoa da. Kontabilitatea ikasi zuen, baina mendian lan egitea erabaki zuen. 1985ean topo egin zuen lehenengoz euskaldun batekin eta, ordutik, hemengo jende asko ezagutu du. Tartean, hainbat legeazpiar. 2004an Alazne Olabidek Legazpiko Kale Nagusiko bere dendan lan egitea eskaini zion eta ordutik Euskal Herrian bizi da. Euskaraz primeran hitz egiten du.
Couerak ez zuen Marokotik irteteko asmorik, Olabideren eskaintza jaso zuen arte. «Alazne arreba modukoa da niretzat. Aspalditik ezagutzen dut eta lan kontratua eskaini zidan. Zorte handia izan nuen. Oparia izan zen. Hemen oso gustura bizi naiz. Hasieran Alazneren etxean bizi nintzen eta egun nirea dut. Ez dut bikoterik, eta askatasuna bera baino askeagoa naiz».
Askea eta euskalduna. «Dendan eta kalean ikasi dut. Euskaldunen artean bizi naiz eta beraien hizkuntza hitz egin behar dut. Euskara ikastea ez da zaila, borondate kontua da. Aspalditik ditut lagun euskaldunak eta Marokon ere beraiekin euskaraz hitz egiten nuen, apur bat, sikira».
Legazpin lagun gehiago egin ditu, noski. «Hemen etxean bezala sentitzen naiz, banekien oso gustura egongo nintzela. Gehien atsegin dudana mendira joatea da: Haizelekura, Korostira… Hondartzak ere oso gustukoak ditut: Zarauzkoa, Getariakoa… Eta janariari buruz, zer esan? Hemengoa munduko onena da. Sagardotegira joatea izugarri atsegin dut». Eguraldia, ordea, ez du horren gustuko. Hotz handia egiten duela dio, eta eta Marokoarrok berora ohituta daudela.
Oso argi du Marokora zer eramango lukeen: Euskal Herrian egindako arropa. Handik, berriz, bere amak egiten dituen pastak eta oliba-olioa ekartzen ditu. «Lehen ia hilero joaten nintzen eta egun hiru hilean behin, gutxi gorabehera. Erretiratzen naizenean Marokora itzultzeko asmoa dut. Izan ere, hemen oso gustura nagoen arren, hura da nire lurra».
Maroko
Herritarrak: marokoar. Biztanleak: 32,7 milioi. Hiriburua: Rabat. Hizkuntzak: arabiera (ofiziala), amazigera edo berberera.