Euskarazko komunikabideen sarea osatu eta haiek etorkizunari begira jartzeko ‘Zure ziztada behar dugu’ kanpaina abiatu zuen iazko udazkenean Berria Taldeak. Diru laguntza eskaera hori herriz herri bideratuko dute orain.
Euskarazko Komunikazio Taldea, gaur egun Berria Taldea deitzen dena, 2003. urteko apirilean sortu zen, Egunkaria itxi ondoren, lehenbailehen euskarazko egunkari nazional bat sortzeko helburuarekin. Urte hartako ekainean argitaratu zuen lehen alea Berria egunkariak, 24.000 lagunek egindako diru ekarpenei esker.
Berria Taldeak 380 lanpostu sortu ditu harrezkero: 270 taldeko enpresetan, eta beste 110 bazkidetza bidez sortutako enpresetan. Taldearen ustiapen kontua 12.000.00 euro ingurukoa da, eta bederatzi urte luzeotan, diru laguntza publikoen ekarpena ez da %18tik pasatu. Gaur egun, ordea, hedabideen merkatua aldatzen ari da. Berria egunkariak inoiz baino irakurle gehiago dituen arren, diru sarrerak nabarmen ari dira beheraka, eta krisiaren ondorioz, publizitate fakturazioa %30 jaitsi da azken bi urteetan.
Orain arteko lanari eutsi eta proiektu berriak garatzeko, Zure ziztada behar dugu kanpaina abiatu zuen taldeak iazko azaroan, eta joan direneko hiru-lau hilabeteetan asko eta asko izan dira kanpainarekin bat egin dutenak, tartean herritar ezagun ugarik. Bost mila ziztada behar ditu taldeak.
Diru bilketa kanpaina hori Internet bidez egin da orain arte, baina aurrerantzean herrietara ailegatu nahi du. Herritarrei diru ekarpenak egiteko deia egin diete, trukean hainbat abantaila eskainiz: urtean 100 edo 200 euroko ekarpena egin daiteke, aldi batean edo lau zatitan ordainduz, edo hilean 10 euro emanez. Ziztada ematen duten herritarrak Berrialagunak izatera pasako dira, eta Berria PDF bidez jasotzeaz gain, txartel bat eta informazio buletinak jasoko ditu, eta deskontuak izango ditu produktuetan. Informazio gehiago berria.info/berrialaguna gunean lor daiteke.
Beasainen eta Urretxu-Zumarragan egin dira dagoeneko kanpaina hori dinamizatzeko bilerak, eta ekimena Goierri osora zabaltzea da orain helburua. Eskualdeko hainbat alkatek joan den astean eman zioten ziztada proiektuari.
Joan Mari Larrarte
Berria Taldearen kontseilari ordezkaria
«Euskarazko hedabideen alde urratsak egiteko eskatuko nieke herritarrei»
Hedabideen krisi bikoitzak eraginda, Berria Taldeak diru-laguntza kanpaina abiatu zuen joan den urteko azaroan. Ekimen horrek eman duenaz aritu da Joan Mari Larrarte (Hernani, 1967), Hernani eta Lazkao artean bizi den Berria Taldeko kontseilari ordezkaria.
Zerk behartu du Berria Taldea ‘Zure ziztada behar dugu’ kanpaina abian jartzera?
Hedabideek bizi dituzten bi krisiak daude oinarrian. Batetik, ekonomia krisia dago, eta bestetik, komunikabideak eredu aldaketa baten aurrean gaudela. Kontsumoa Internetera bideratzen ari da, eta diru-sarrerak gero eta murritzagoak dira. Gure proiektuari eutsi ahal izateko laguntza sistema bat proposatu dugu. Orain arte produktuetan oinarritutako diru- sarreretan oinarritu gara, eta kanpaina honekin proiektuan oinarritutako diru-sarrera bide bat antolatu nahi dugu.
Eta orain artekoak zer moduzko harrera izan du?
Iazko azaroaren 26an aurkeztu genuen kanpaina, eta 1.750 ziztada inguru jaso ditugu. Etengabekoa da laguntzaile kopuruaren hazkundea, eta beraz, balorazioa positiboa da. Berrialaguna izeneko figura bat sortu dugu. Gauza iraunkor baten moduan planteatu dugu, laguntzaile horien ekarpenarekin bideratuko baitugu euskarazko hedabideen zabalkundea ziurtatu ahal izatea etorkizunean.
Orain hamar egun agerraldi bateratua egin zenuten euskaraz lan egiten duzuen hainbat komunikabidek. Egoera ez da inorentzat samurra.
Mundu osoko komunikabideak daude egoera larrian. Urte askoan diru asko irabazi duten komunikabide asko gaizki pasatzen ari dira orain, baina guk ez dugu sekula irabazirik izan. Publizitatearen jaitsierak galeretan sartu gaitu biharamunean. Hala ere, komunikabideen inguruko negozio guztiak berriz asmatu behar direla uste dut.
Administrazioari lankidetzan aritzeko deia egin zenioten.
Gure sektoreak gogoeta bat egin du, eta administrazioari eskatzen dioguna da gogoeta hori partekatzea, eta etorkizuna elkarrekin pentsatzea. Baina horrez gain, sektore honek inbertsioak behar dituela uste dugu, krisiak krisi, sektore hau estrategikoa baita euskararen normalizazioari begira.
Eta herritarrei zer mezu helaraziko zenieke?
Arreta jartzeko eta benetako urrats sendoak egiteko euskarazko hedabideen alde. Herri hau euskaraz biziko den herri bat izatea nahi badugu, denoi dagokigu urratsak egitea. Eta erabileran apustua egiten den bezala, laguntza ere emateko.
Aitor Sarriegi
Bertsolaria
Hizkuntza bada gure herriko lehengai / funtsezko lanabesik nork ez du izan nahi? / ‘Berria’ jarri zaigu ziztada berri zai /
Erlearen ziztadak behin
sentitzean AI! / min ematen du baina sendatu ere bai
Ander Iturriotz
Idazlea
‘Berria’ egunkaririk gabe mundu arrotz batean bizi beharko nuke, beste batzuek eraikitako eta inposatutako des-aberrian.
Joseba Barandiaran
Ekonomilaria
Euskaldungoaren idatzizko erreferente nagusia da ‘Berria’, euskal kulturaren ispilu eta euskal erreferentzien bozgorailu.
Marian Bidegain
Maizpideko zuzendaria
Gaur egun luxua da testuak euskaraz edukitzea; gure ikasleei ‘Berria’ irakur dezaten agintzen diegu.
Joanes Aierbe
Errugbilaria
‘Berria’ da gure hizkuntzan argitaratzen den egunkari nazional bakarra, eta euskara da guri nortasuna ematen diguna. Erasoei aurre egin behar zaie, baina babesa ere eman zaie euskarazko proiektuei.
Oihane Zabaleta
Urretxuko alkatea
Euskal hiztunon komunitatea indartu behar dugu,eta krisialdi garaian, inoiz baino gehiago.
Ahal dugun neurrian
horrelako ekimenak babesten saiatuko gara.
Gorka Izagirre
Txirrindularia
Euskal Herrian daukagun euskarazko egunkari bakarra da ‘Berria’, eta babes hori ematea zilegia eta beharrezkoa da. Bertako hizkuntzari behar adinako laguntza ez zaiola ematen pentsatzen dut.
Nerea Elustondo
Bertsolaria
Behinola hasi ziren erleak hegaz eta / elkarlanak sortu du euskal abaraska / ezti ‘Berria’ denez behar dugun bazka / erlauntza zain dezagun zizti eta sasta
Azeari Andonegi
Lazkaoko alkatea
Gure izaera euskalduna da, eta herri euskaldun batek komunikabide euskaldunak behar ditu. ‘Berria’-k betetzen du lan hori, euskara hutsean lantzen baititu eduki guztiak.
Iñaki Murua
Bertsolaria
Ziztada berez minbera / handitzen duna gainera / baina hori bai ziztatuz gero mugitu ohi gera / Goazen guztiok batera / ezti ‘Berria’ egitera / eta krisia jarriko dugu azpikoz gainera