Olinpoan aspertuta bizi ziren jainkoak lurtar hilkorrei erronka berriak jartzen dibertitzen ziren garaian, ba omen zen muino baten gainean eraikitako herrixka bat .
Behin, herrixka hartako biztanleen borondate ona proban jarri nahian, harri multzo erraldoi bat jarri zuten jainkoek herrixkatik ateratzeko zegoen bide bakarraren erdi-erdian.
Herritarrak, herrixkatik ezin zirela irten konturatu zirenean, jainkoak madarikatu zituzten, baina harri pila hura mugitzen saiatu ere egin gabe, biratu eta etxera itzuli ziren. Asto gainean alboko herrira bidean zihoan nekazaria izan zen harri multzo haren aurrean jainkoak madarikatu gabe pentsakor geratu zen bakarra. Astotik jaitsi, eta harriak kentzeari ekin zion. Halaxe aritu zen urteetan, harriak kendu eta kendu, harik eta harriak mugitzeko gauza izan ez zen arte. Tarteka gerturatu izan zitzaion herritarren bat edo beste laguntzera, baina harri pilak erraldoia izaten jarraitzen zuen…
Gaiz aldatuz, azken boladan puri-purian dabilen gaia da zabor bilketarena gure artean. Legazpin, laster jarriko da martxan atez atekoa. Desinformazio asko zabaldu da bilketa sistema honen inguruan, eta herritar denak ez daude pozik. Ni (eta beste asko), bai. Hondakinen arazoari irtenbide jasangarria eman nahi bazaio, herritarren borondate ona baino zerbait gehiago beharko dela konbentzituta nago.
Eta zu Gorka, zer moduz Zumarragan? Erabiltzen al duzu bosgarren edukiontzia? Ala oraindik ere dena berdera botatzen jarraitzen dutenetakoa zara?
Gorka Azkarate
Aizu, errespetu pixka bat, mesedez. Nola “oraindik ere”? Jakin ezazu ni ez naizela zabor guztia edukiontzi berdera botatzen dutenetakoa. Bueno, tarteka botoi-pila bat edo beste bota izan dut, baina ezer askorik ez (kar, kar). Bosgarren edukiontzia? Bai, noski, atarian orritxoa jarri zuten bezain laster eman nuen izena, eta etxean dauzkat bosgarren edukiontzia irekitzeko giltza, zabor kubo marroia eta patata, arto edo ez dakit zerez egindako zabor-poltsa biodegradagarriak. Beharbada nahikoa ez, baina bada zerbait.
Ipuin polita kontatu didazu, baina Olinpoaren erreferentziak urrun xamarrekoak zaizkit tamalez. Horrelakoetan beti kontatzen dudan istorioa etorri zait berriz ere burura, nire izeba bati jazotakoa (based on a true story). Mutil koxkor batek goxoki poltsa hutsa lurrera nola botatzen duen ikusi eta nire izebak, lurretik poltsa jaso eta errieta egiteko modu zeharkakoa hautatuz “aizu, mutiko, poltsa hau erori zaizu”. Mutikoak, ez bat ez bi: “ez , lasai, ez zait erori, bota egin dut”. Harrapazan!
Atez-atekoa? Emango diguzue esperientziaren berri. Neroni eszeptiko xamarra naiz, egia esan behar badizut, zaborraren kontu honetan; are gehiago, kristo guztia birziklapen tasak, zaborra kudeatzeko sistema ezberdinak, balizko errauste plantak isuriko lituzkeen gas kutsakorren izen xelebreak aipatzen ari den honetan. Euskal Herriko ohiko alderdikeriak erabat kirastu duen gaia dela ez dut aipatu, baina horrek ez dauka garrantziarik, ezta Nerea?