Dionisio Amundarain • Itzultzailea
Badira hitz potolo asko, euskaraz eta erdaraz, aztertu beharko liratekeenak. Adibidez, zer esan nahi dugu berradiskidetu behar dugula esatean? Eta gaztelaniaz reconciliar esaten dutenean? Nago, berez zer esan nahi duten jakin gabe edo kontuan hartu gabe erabiltzen ditugula termino asko.
Biktima batek eta haren familiartekoren baten borreroak berradiskidetu egin behar omen dute. Baina berriro adiskidetu behar izateko, izan al dira inoiz adiskide? Hain zuzen, nik ulertzen dudan moduan, berradiskidetuk berriro adiskidetzea esan nahi du.
Badirudi, ETAko bati beste inori eskatzen ez zaiona eskatu nahi diotela. Niri inork ez dit eskatuko, uste dut, nire euskalduntasunaren kontra dagoen baten adiskide izatea. Ala bai? Kristaua naizelako, halakoaren adiskide behar ote dut izan ezinbestean? Hori eskatzea, adiskide izatea eta kristau izatea faltsutzea da. Gainera, ETAkoen eta biktimen arazoaz ari garela, maila zibilean ari gara, eta ez maila erlijiosoan.
Adiskidea, niretzat, naturaz edo kreazioaz kidea izateaz gain, beste zerbait da. Adiskidea, niretzat, Kristoren salbazioaren harian kide izateaz gain, beste zerbait da. Adiskidetasuna, agian, Aristotelesek esan zuena da: «adiskidetasuna, bi gorputzetan bizi den arima da; adiskidetasuna, bi arimetan bizi den bihotza da». Edota XIX. mendeko poeta batek esana: «adiskidea, ozenki pentsatzeko modua ematen dizun pertsona da».
Bestetik, duela gutxi Bilboko, Gasteizko eta Gipuzkoako gotzainek argitaratu duten izkribua dago. Bibliako puntu asko kontatzen sekulako erakustaldia egin ondoren, betiko lelora etorri dira: «Indarkeria guztien behin betiko amaiera emanez ETAk egin duen iragarpena pozik eta itxaropenez hartua izan da gure aldetik eta gizartearen aldetik, baina bera behin betirako desagertu dadin desiatzen eta eskatzen jarraitzen dugu». Alde batetik, Elizaz duten ikuspegi faltsua nabari da: «gure aldetik eta gizartearen aldetik»; nonbait, gotzainak ez dira gizarteko kide, baizik gizartearen gainetik leudeke; Vatikano II.a kontzilioak agertu duenaren kontra argi eta garbi; hartan izan ere, Lumen Gentium konstituzioan, herria aipatzen da lehenik (2. kap.) eta hierarkia gero (3. kap.). Bestetik, «indarkeria guztien behin betiko amaiera emanez ETAk…» diote; beraz, ETAk bukatu du gure arteko indarkeria guztia? Benetan txundigarria! ETAren adierazpenarekin bukatu al da Espainiako eta Frantziako gobernuen indarkeria? Izugarria gure gotzain hauen zozokeria eta txolinkeria!
Gogora dakarkit horrek beste pasadizo bat. Duela gutxi arte, Ostiral Santuko otoitz batean, Orixek dakarren itzulpenean, hau errepikatzen zen gure elizetan, urtea joan urtea etorri: «Egigun otoitz judu gorbizien alde ere…». Lehenik eta behin, «judu gorbizi» hori, latineko «pro perfidis judaeis»en aldean, eufemismo samarra dela uste dut. Gaur, zorionez, gure eliz hizkuntzatik uxatua da esapide gezurti hori. Esapide horren arabera, juduak izango ziren Nazareteko Jesus heriotzara galdu zutenak. Gaur bestela hartzen da krimen hura: erromatar inperioa izan zen hilketaren erantzule nagusia; erromatar inperioa eta hark morroi eta kide zituen judu agintariak, eta ez judu-herria.
Uste dut, beste horrenbeste esan beharko litzatekeela gurean. Beste guztien gainetik, espainiar eta frantziar inperioak dira gure arteko indarkeria guztien erantzule nagusi.
Badirudi, gure gotzain hauek, besteak beste, oraindik ere badiren exortzisten munduan bizi direla. Beren indar guztiak gaitz guztien erantzule litzatekeen deabru pertsonal baten kontra jarri nahi lituzkete, ETA litzatekeelarik demonio pertsonal horren akolito. Uste dut, garaia dela, exortzismo guztiak alde batera utzi, eta giza liberazioan pentsatzen zintzo edo bulartsu hasteko. ETAtik libra gaitzazu ez, baizik gaitzetik, zapalkuntzatik, gezur sozialetik, injustiziatik, ideologia zekenetatik libra gaitzazu esaten hasteko.
Hasierara itzuliz, ETAkoei biktimekin berradiskidetu daitezen eskatzeak ez du, ez buru eta ez hanka. Hau da behar dena: ETAkoei eta guztiei herritartu daitezen eskatzea. Hiritar edo horrelako kontzeptu artifizial eta hutsalak baztertu, eta herritartasuna bilatzea. Gure kasuan, euskal herritartasuna. Beste lur-eremu batzuetako herritartasuna mespretxatzen ez duena, baina bertakoa sendotuz. Horiek horrela, atrebentzia handiz bada ere, nire gonbita, ETAkoei adina biktimei, orobat Euskal Herrian bizi nahi duten guztiei, euskal herritartzeko premia handiz eta ahalegin osoz.