Euskal Herritik kanpo denboraldi batez bizitzeko gogoa zuen Gorka Berasategik (Ordizia, 1984). Beste herrialde batean nola bizi diren ezagutu eta herrialde ezezagun batean bere kabuz zenbateraino moldatzeko gai zen probatu nahi zuen. Argentina aukeratu zuen abentura horretarako. 2008tik bertan bizi da ordiziarra. Kazetaria da lanbidez.
Zertan zabiltza Argentinan?
Argentinarrekin hartuemanean, haien bizimodua eta kultura ezagutzen. Baita lanean ere. Hainbat hedabide euskaldunekin kolaboratu izan dut: Euskadi Irratiarekin, Argiarekin, Berriarekin, Gara egunkariko Gaur8 gehigarriarekin… Euskal Herriko hedabideetan zabaltzeko gai berrien bila nabil beti, interesgarri iruditzen zaizkidan gaien atzetik.
Buenos Aireseko gida bat ere idatzi dut Astero argitaletxearentzako. Laster argitaratuko da.
Horrez gain, Euskaltzaleak diasporako elkartean euskara eta gaurkotasun tailerra ematen aritu naiz.
Nola egiten duzu kazetari lana?
Argentinako eta Hego Amerikako gertakizunak jarraitzen ditut eta arreta ematen didaten gaietan sakontzen dut. Zorionez, Argentinan, hitz egiteko prestutasun handia du jendeak. Testua prestatu ondoren, Euskal Herrira bidaltzea da hurrengo pausoa.
Ekonomia krisian murgilduta gaude hemen. Zer moduzko egoera bizi dute Argentinan?
Argentinan ekonomia hazkunde handia izan dute azken urteotan. 2001eko krisiarekin alderatuta egoera asko hobetu dela dio jendeak eta lana egon badago. Dena den, lan baldintzak kaxkarrak dira orokorrean, eta bizi baldintza duinetatik baztertuta jarraitzen du jende konpuru handi batek. Buenos Airesen begi bistakoa da hori.
Argentinatik zer ekarriko zenuke Goierrira?
Matea eta Buenos Aireseko kultur agenda.
Eta Goierritik zer eramango zenuke Argentinara?
Txindoki.
Argentina
Herritar izena: argentinar. Eremua: 2.766.890 km2. Hiriburua: Buenos Aires. Biztanleak: 40,6 milioi. Dirua: Pesoa. Hizkuntza: gaztelania (ofiziala), kitxua, guaraniera, aimara, maputxe, tobera, ona, txiriguanoera, pueltxe, tehueltxe, vilela…