Antxiñe Mendizabal Aranburu
Idazlea
Aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunean, ekonomiari eta krisiari lotutako aldarrikapen ugari egin dituzte talde feministek. Eta guztien artean, ekonomiaren egiteko garrantzizkoena jasotzen duen adierazpen bat jaso nahi izan dut: gizakia ondo bizi eta bere beharrizanak asetzeko, baliabideak sortuko dituen prozedura izan behar du ekonomiak. Alegia, gizakia lehenesten da, sistemaren beraren iraupenaren aurretik. Esaldi soil hau gaur egungo egitura sozio-politikoak, sistemak alegia, iraultzeko gauza litzateke, praktikan jarriz gero, noski. Izan ere, itxuraz endredorik zailenek, irtenbiderik soilenak izan ohi dituzte.
Emakumea sistemaren botere guneetatik kanpo, etxean bereziki, aspaldi ari da etxekoak ahal bezain ondo bizitzeko eta bere beharrizanak asetzeko modua egiten. Eta bereziki, sistemak berak inoiz ziurtatu ez dituen ezinbesteko beharrizanak asetzen: zaintza eta afektibitatea batez ere, baina baita hezkuntza edo balioen transmisioa ere.
Halaber, badago emakume kopuru gero eta handiago bat, sistemaren morrontzak ondo ezagutu eta, halere, betidanik gidatu duen goiburua ahaztu gabe –gizakia helburu– sistema iraultzeko prest dagoena. Bulegoetan, lantegietan, ospitaleetan, eskoletan, gehiengo dira erdi-mailako postuetan; gutxiengo goi-postuetan. Eta egunero gogor borrokatzen dira sisteman aldaketa txikiak ezartzeko. Bataila ikaragarriak bizi dituzte, gizonezko aurpegia duen sistema, normalean, aurka jartzen baitzaie, ez ditu aintzat hartzen, edo okerrago, asimilatu nahi izaten ditu. Lehen ere ederki engainatu gintuzten, zorioneko berdintasuna lortuko genuela esan eta etxetik kanpo lanera atera gintuztenean. Sistemak asimilatu gintuen eta ez ginen konturatu ere egin.
Baina gizonezkoek jakin beharko lukete, oraingoan, emakumezkook alde daukagula zientzia, neurozientzia. Eta gizona gutxitan ausartu da zientzia auzitan jartzen, bai horixe! Neurozientziak, hain justu, baieztatzen du emakumezkoaren garunak berezko gaitasunak dituela lidergorako, enpatia garatzeko duen ahalmenari esker. Lan-taldeetako kide guztien arteko harremanak gobernatzeko gaitasuna dakar enpatiak. Adituek diote lidergoa arrakastaz gauza dadin enpatia dela ezaugarri giltzarria. Beraz, bada garaia esateko, emakumezkoek, hormonen eraginpean egoteaz gain, beraien garunak taldeak gidatu eta helburuak arrakastaz gauzatzeko dohain berezia dutela.
Zientzialariek aspaldi azaldu zuten gizonezkoen eta emakumezkoen garunen arteko ezberdintasuna: emakumezkoetan garunaren bi hemisferioak banatzen dituen garun-azala zabalagoa da eta bi aldeen arteko komunikazioa, beraz, hobea. Bestalde, gure neuronen luzapenak luzeagoak dira. Horrek ematen digu gaitasuna ageriko harremanik ez duten pentsamenduen artean loturak egiteko, intuizioa esaten zaion hori. Gure adimena intuiziozkoagoa da. Gizonaren garuna, berriz, hobeto prestatuta dago ulertzeko eta sistemak osatzeko. Bere adimena arrazoizkoagoa da.
Gogora ekarri nahi dut 2008an izugarrizko krisi ekonomikoak jo zuela Islandia. Herritarrek gobernutik bota eta auzitara eraman zuten lehen ministroa. 2009an emakumezko batek hartu zuen gobernuaren zuzendaritza, Johánna Sigurdardóttir, eta baieztatu zuen krisiak gizonezkoen ohiko balioen porrotean zuela jatorria. Gaur egun gobernuan nahiz finantzetan emakumeak dira nagusi. Besteak beste, egiteko modu eta balio berriak ezarri dituzte. Egunen batean jakingo dugu berreskurapen ekonomikoa emakumezkoek ezarritako estrategia eta balio berrien ondorioa izan den.
Edonola ere, ekonomiaz eta zientziaz haratago, kondairak dio, Adan eta Eba paradisutik bota zituztenean, euren kabuz bizitzen hasi behar izan zutenean, libre, Ebak mirespenez begiratzen ziola Adani ehiza egiten, bizilekuak eraikitzen, bizitza eramangarriago egiten zuten tresnak asmatzen, eta baita inguratzen zituzten arriskuei aurre egiten ere. Bestalde, Jainkoari desafio egitera ausartu zen Ebaren jakin-min asegaitzak, gogo menderakaitzak eta bizitzarekiko zuen fede amaigabeak liluratuta zeukan Adan.
Ez dakit bikote honetan zer gertatu zen Adanen bizi-ikuskera gailentzeko. Baina uste dut badela garaia, lidergoa hartu eta sistemaren arrazoiaz urrutiago joaten ausartzeko. Eta emakumeek badakite nola egin. Kondairak ez ezik, gaur egun, zientziak berak ere ematen digu arrazoia.