
Amaia Sorazu
Ekilore belar dendak
Urte sasoi honetan, bezero ugari gerturatzen zaizkigu dendara, oso nekatuta sentitzen direla, egunean zehar logure askorekin, motibazio faltarekin, gogogabetasuna eta suminkortasunarekin daudela esanez. Udaberriko astenia edo nekea deritzonaren seinale dira, sintoma horiek.
Arazo arinen tartean kokatzen da eta, dirudienez, urtaro berriaren hasierak dakartzan aldaketen egokitzapen desegokiagatik sortzen da. Ordutegi aldaketa, argitasun ordu gehiago, neguko arropa soinean dugun bitartean tenperatura oso altuak… Guzti honek, gure gorputzean seinale astunak uzten dizkigu. Elikadura desegoki batek, neke egoera hau bultzatu eta lehenagotik zetorren nekea indartzera eraman dezake.
Hasiera batean, arazo honek ez du tratamendurik behar, baina egia da, irauten duen aste horietan, aholku eta jarraibide batzuk jarraituz gero, hobeto sentituko garela.
Elikadura zaindu
l Udaberria garai ona da gure dieta berdiseinatu, txukundu eta bertan, zereal, lekale,fruitu eta barazki kopurua gehitzeko.
l Gosari oso bat, egunari gogotsu aurre egiteko, bazkari indartsu bat eta afari arina, gauean loa erraztasunez hartzeko.
l Elikagaiak ondo aukeratu:
– Azukre bakunak saihestu (opilak, gozokiak, pastelak) eta karbohidrato konplexuengatik apustu egin (zereal,fruitu eta barazkiak), horiek baitira odoleko glukosa egonkor mantentzen dutenak.
– Lehentasuna eman bihi-osoko janariei, zuntzan aberatsak baitira eta dauzkaten bitamina eta mineralen konzentrazio altuak, nekearen aurkako lan bikaina egiten baitute.
– Koipe aseak gutxitu, eta arrain urdinean dagoen Omega-3 olioen kontsumoa gehitu.
– Azoketan gainezka dauden denboraldiko jakietaz gozatu. Ahal den neurrian, elikagai horiek gordinik jan, bertan aurkitzen diren nutrienteak gal ez daitezen, sukaldeko teknika desberdinekin.
– Frijitutako jakien eta saltsen kontsumoa neurtu. Plater arinagoak prestatu.
– Edari bizigarriak gutxitu (kafea, alkohola, espeziak…).
Ondo hidratatu
Gutxienez litro eta erdi ur edan behar da eguneko. Gorputza ondo hidratatzeaz gain, giltzurrunetako eta hesteetako zereginak hobetu eta azalak itxura ona eduki dezan laguntzen du.
Aire garbia arnastu
Egunak argi ordu gehiago dituela aprobetxatuz, lasaitasunez ibilaldiak egin, kutsadura eta zaratatik ihes eginez eta naturaz gozatuz.
Ariketa fisikoa egin
Lan gehiegiak sortutako tentsioak eta estresak askatu eta gaueko atsenaldirako gorputza aldez aurretik prestatzen du.
Lo orduak errespetatu
Ohera joan baino bi ordu lehenago zerbait arina afaldu, infusio lasaigarri bat hartu, dutxa edo bainu bat hartu eta gutxienez 7 ordu lo egiten saiatu.
Barre asko egin
Baikorra den jarrera mantendu eta, ahal den guztietan, barre egin. Irri egiteak tensioak askatzen, kezkak gainditzen, nerbioak lasaitzen laguntzen du, eta bihotzarentzako ariketa bikaina da.
Elikagai osagarriak
Guzti horretaz gain, elikagai osagarriak topa ditzakegu gure belardendetan, udaberriko neke horri hobeto aurre egiteko, besteen artean: polena, korear ginseng-a, siberiar ginseng-a eta gehien erabili eta ezagunena den erregin-jalea.
Mota askotakoak topa ditzakegu: erregin-jalea freskoa, kirolarientzako berezia, umeentzako, hirugarren adinekoentzako, ansiedade edo depresio kasuentzako, defentsak indartzeko… Guk argituko diogu berezoari zein den bere kasuan aproposena.