

Zumarragako Norteko Ferrokarrilaren geltokia, egun Renfekoa dena, XIX. mende amaieran edo XX. mende hasieran
Zumarragan hainbat bide gurutzatzen dira. Bidegurutze izaera horrek herriaren bilakaeran eragin nabarmena izan du. Horren isla da hiru geltoki izan zituela XX. mendean. Ferrokarrilaz gain, bazegoen, hala ere, beste garraiobide garrantzitsu bat: diligentziak.
Norteko ferrokarrilak Paris eta Madril lotzen zituen. Baskongandoetako ferrokarrilak Zumarraga eta Durango (Bizkaia) elkartzen zituen. Urola trenak Zumarragatik Zumaiarako bidea egiten zuen. Geltokietatik trenik iristen ez zen herrietarainoko tartea egiteko diligentziak erabiltzen zituzten bidaiariek. Zaldiz tiratutako diligentziak ziren, eta Espainiako bi errepubliken arteko garaia izan zen beren urrezko aroa, 1876. eta 1931. urteen artean.
Diligentzien gainbehera autoen eskutik iritsi zen. «Nolanahi ere, 1936. urtean, Zumarragan auto gehiegirik ez zegoen», dio Antonio Prada Zumarragako artxibozainak. Urte batzuen buruan, diligentziak eta autoak elkarren ondoan ikus zitezkeen geltokietan eta, poliki-poliki, motorren zaldiek aurrea hartu zioten zaldiaren indarrari.
Zumarragako Norteko Ferrokarrila inauguratu zuten urtean, 1864an, Madrileko kronista batek Frantziako mugara arteko bidaia egin zuen hainbat politikari, banketxetako arduradun eta arte eta literaturako pertsonaia ospetxurekin batera. Kronista hura Gustavo Adolfo Becquer poeta zen. Zumarragari buruzko ohar zuzenik ez zuen bere artikuluetan utzi, baina bidaia hartan leihotik ikusi zuena goiko argazkiaren antzeko irudia izango zen.