Astelehenean Liburuaren Eguna ospatuko da. Azken urteotan irakurle taldeak sortu dira toki askotan: Beasainen, Lazkaon, Ordizian, Seguran, Legazpin, Urretxu-Zumarragan. Azken bietan bana daude: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa.
Gorka Azkarate, Marijo Etxeberria, Arantxa Gabiria, Maite Imaz eta Maite Zaldua Urretxu eta Zumarragako euskarazko taldeko kideak dira, Gabiria eta Imaz baita gaztelaniazko taldekoak ere.
Udal Euskaltegia izan zen Urretxun eta Zumarragan irakurleak liburuez hitz egiteko elkartu zituen lehena. Mikel Lizarraga eta Sebas Iturriotz ziren gidariak. Ikasleek eta ikasle ez zirenek parte hartzen zuten. Udalek ekimena zabaltzea erabaki zuten, baina lehen saiakerak ez zuen arrakastarik izan. Bigarrengoan Gorka Azkaratek taldetxoa osatzea lortu zuen. Azkarate da, hain zuzen ere, dinamizatzailea. Berak aukeratzen du irakurri beharreko liburua (taldekideen iradokizunak kontuan hartuta, noski), eta bera da solasaldia bideratzen duena.
Taldeak hirugarren ikasturtea du eginikoa. Hamahiru lagun hasi ziren eta, egun, hamazazpi dira. Irakurleak hilero elkartzen dira eta bi saiotik behin liburuaren egilea gonbidatzen dute. Bernardo Atxaga, Edorta Jimenez eta Uxue Apaolaza pasatu dira, besteak beste, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxetik. Datorren asteazkenean, 19.00etan, Anjel Lertxundik, Etxeko hautsa liburuaz hitz egingo du urretxuarrekin eta zumarragarrekin.
Azkaratek dinamizatzaile lanean nola hasi zen azaldu du. «Udalek eskatu zidaten eta, bestela kanpoko norbait ekarri beharko zenez, baiezkoa eman nuen. Liburuak aukeratzea nire esku dago, baina proposamenak onartzen ditut. Eztabaida sortzea ere nire ardura da, baina dagoeneko denok ondo ezagutzen dugu elkar, eta ez dago jendea parte hartzera bultzatu beharrik. Nirea lan erraza da». Liburu «arraro samarrak, bestela irakurriko ez genituzkeenak» aukeratzen dituela aipatu du. Orain arte landu dituzten guztiak euskal idazleenak dira eta aurki atzerriko idazle baten libururen bat aukeratuko duela aurreratu du.
Gaztelaniazko taldean itzulpenak irakurtzea ohikoa dela diote Imazek eta Gabiriak. Euskarazko taldea baino heterogeneoagoa dela uste dute. «Euskarazkoan irakasle asko gaude eta guztiok antzerako adina dugu».
Bestelakoan, bi taldeak antzerako ezaugarriak dituztela uste dute. «Gaztelaniazko taldean ere, Jose Luis Cancho dinamizatzaileak geure kabuz irakurriko ez genituzkeen liburuak hautatzen ditu. Izan ere, gehienok best-sellerrak irakurtzeko joera dugu».
Baina… zer aztertzen dute irakurle taldeen bileretan? «Liburua goitik behera aztertzen dugu: pertsonaiak, edukia, estiloa, gustatu zaigun ala ez…», dio Azkaratek.
Imazen ustez, egilearekin batera egiten diren saioak «oso aberasgarriak» dira. Azkaratek egilearekin egiten diren solasaldiak eta besteak, elkarren oso ezberdinak direla azpimarratu sdu. «Idazleak protagonismoa hartzen du eta parte hartzaileoi gehiago kostatzen zaigu iritzia ematea, batez ere liburua gustatu ez bazaigu. Bi modalitateak tartekatzea komeni da».
Noizean behin idazlea gonbidatzea merezi duela uste dute denek. «Etorri zen azkena Joseba Lozano izan zen eta oso saio atsegina izan zen», aipatu du Azkaratek. Gabiriak egileen etorria miresten du.
Saio batzuk gogoangarriak izan direla uste dute. Guztiek Bernardo Atxagarena aipatu dute, eta asteazkenean Andu Lertxundi oriotarra etorriko dela gogoratu.
Arantxa Gabiriak oso argi du zergatik erabaki zuen irakurle taldeen saioetan parte hartzea. «Bestela irakurriko ez nituen liburuak irakurtzeko. Donostiako saioetan ere parte hartu nuen, baina han maila oso ezberdineko jendea zegoen eta horrek parte hartzea mugatzen du».
Etxeberria Gabiriarekin bat dator. «Solasaldiak irakurketa aberastu egiten du, zuku gehiago ateratzen zaio liburuari. Gainera, talde honetako kide izango ez banintz, liburu batzuk ez nituzke bukatuko», onartu du. Halakoetan, besteei ere liburua ez zaiela gustatu entzutea kontsolagarri dela onartu dute.
Gainera, giro oso ona dute. Parte hartzaileek gutxitan egiten dute kale eta ikasturteko azken saioa Santa Barbaran egiten dute, merienda eta guzti. Eurengana beldurrik gabe gerturatzeko diote, parte hartu ahal izateko ez dela literaturan aditua izan beharrik.
Bukatzeko, gehien gustatu zaizkien liburuak aipatu dituzte. Egia esan, irakurri dituzten ia guztiak gustatu zaizkie: Atxagaren Zazpi etxe Frantzian, Ur Apalategiren eta Xabier Montoiaren ipuinak, Uxue Alberdiren Aulki jokoa, Eider Rodriguezen Katu jendea… Datorren ikasturtean Harkaitz Cano eta Ramon Saizarbitoria ekartzen saiatuko direla aurreratu dute.