Beti pentsatu izan dut gure eskualdeko herriotan balio handiko pertsonak eta taldeak daudela, lehenagoko ekintzak gauza daitezen lanean ari den jendea, eta bide berriak urratzen dabiltzan arrastoko gizakiak. Ekintzaileok ezinbesteko hezibidean eta jardunbidean aritzen direlako, haiei esker, poliki-poliki ehotzen da, zorionez, eskualdeko herri bakoitzean eragileen sare zabala.
Sareotan lanean ari diren eragileen jarduna garrantzitsua den jakiteko, beti pentsatu izan dut, aldiro, taldeok duten dinamika eta funtzionamendua ezagutzeko ondo etorriko litzaiokeela jendeari taldeon lanaz interesatzea; izan ere, sarri, herritarrok beti lanean ikusi izan ditugun taldeok hor dauzkagunez, erraza egiten zaigu, besterik gabe, kritikatzea. Alegia, gaingiroki ahotan ibiltzea, arrazoirik gabe, besteek egin dutena hutsa balitz bezala hartuz, eta ezertan azaletik mintzatu baino, esanak bi aldiz pentsatu beharko genituzkeela iruditzen zait, eta ondoren, hitz egin. Egia da, herria guztiok osatzen dugula, baina herri bat ez da kritika kaskarren bidez eraikitzen, joera hau gero eta nabarmenagoa badugu ere. Herria kritika eraikitzailea eginez suspertzen da, hau da, bat ez gatozenen iritziak edo ikuskerak idatziz eta gure planteamenduak zein ideia berriak orriratuta aurkeztuz eta plazaratuz, horrela, kritika egiteaz gain, egin denaren jarduna inon jasota aurkitzeko eta hobetzeko aukera dago.
Zenbait taldetan aritu izan naizenean, badago arreta deitu didan ezer: talde askok eta askok urteko jardunean beren kabuz aritzeko ohitura hartzen dute, haien antzerakoa ez den bestelako taldeekin elkartzeko eta lan egiteko interesa ez erakutsiz. Hori, nire uste apalean, oso tristea eta kaltegarria da, izan ere, bestelako taldeekin elkartuz, elkarbizitzan, ideien planteamenduen antolamenduan eta moldaketa lanetan izan daitezken arazoak elkarrekin gainditzen ikasteko bideak urra daitezke. Erronka gisa, ederra litzateke talde bakoitzak, bere egitarauaren barruan, profil desberdina duen talde batekin lan egiteko borondatea erakutsiko balu.
Inoiz taldeetan lanean aritzea egokitu izan zaionari, erraz gertatuko zitzaion bere lanbideko zenbait gaitasun ez menperatzean, inoren beharrik izatea; adibide bat jartzearren, herri hauetan hainbat ekitalditan aurkezleak falta izatea, gidoiak idazten dituen jendea ez topatzea… Hauek adibidetxoak baino ez dira, baina iruditzen zait gabezia horiei aurre egiteko sare bat eratzea beharrezkoa zaigula. Inoiz bururatu zaigu geure gidetan profil horiek betetzen dituzten pertsonen izen-abizenak idaztea? Ez ote lukete taldeek errazago izango galdetzen ibili baino, pertsona horien berri izatea?
Aipatutako arazo honi lotuta, eskoletan, txiki-txikitatik, hezitzaileek, gurasoek, irakasleek eta bestelako profesionalek, haurren dohainak ikuskatu, behatu behar lituzkete, dohainoen edo talentuen jarraipena egin, horrela, guztion laguntzari esker, haur horrek zein gaitasun dituen jakitea errazagoa izango litzaiguke eta, etorkizunean, gaitasun horien ikuskatzea eginez, ez bakarrik lan munduan, baizik eta herrigintzan bere dohainak talde jakinetan erabiltzen jakingo dituen gaztea izango genuke; alegia, bere gaitasunen inguruko ikuskatzea eginez, landuak eta garatuak dituen sortzailea. Ezinbesteko ardura daukagu hau bideratzeko, bestela, betiko topiko inozoetan erortzeko joera daukagu: «Gazteek ez dakite ezer egiten», «mozkortzen eta denbora pasatzen baino ez dakite», «zaharrak karka batzuk baino ez dira»… honela, irainaren eta hitz txarren zurrunbiloan norbera murgiltzeko arriskuan sartuz.
Herritar eta adiskide, bakarlanetan edo taldean aritzen zaren hori, eginbide erabakigarri eta ezinbestekoa duzu gizarte honetan, eraikitzen jarraitu, bat egin beste taldeekin eta proiektu berrietan murgildu, hau eginez herrigintza sentiberagoa, gertuagoa eta sortzaileagoa egiten jakingo dugu. Ez utzi biharko, zure beharrean gara, ekin orain honetan zure gaitasunak erakusten herriko talde desberdinetan.
Izan zorte on!