Koldo Saratxagak sortutako K2K Emocionando aholkularitza-enpresako kide da Oscar Garcia (Ordizia, 1971). Duela bost urtetik hona, lan harreman berrien estiloa ezartzen dihardu hainbat enpresatan. «Organizazio esaten diegu guk, eta langileei, pertsonak», zehaztu du. Zumarragako TTT Goiko da lantoki horietako bat. GBE-NER Gizarte Berria Eraikitzen elkartearen bazkide eta sortzaile ere bada. Aipatzen dituen ideia asko Cuando la propiedad no quiere ceder el poder (Jabeek boterea utzi nahi ez dutenean) liburuan bildu ditu. Aurki kaleratuko da euskaraz.
Zein da zuen lan eremurik ohikoena?
Edozein motatako organizazioekin kolaboratzen dugu, ez daukate zertan enpresak izanik. Hobe esanda, guk organizazio deitzen diegu, eta ez enpresak. Eta ez gara soilik kooperatibei buruz ari; une honetan, lanean ari garen tokietatik %30 soilik baitira kooperatibak. Gaur egun, Oñatiko Udalean ere ari gara, eta Urtxintxa astialdi taldearekin ere aritu gara, besteak beste.
Lan harremanetarako estilo berri bat jorratzen duzue, pertsonen balioak gailentzen diren estilo bat.
Eta ez dauka zertan hierarkikoa izan beharrik. Enpresen egitura hierarkikoa armadatik dator, 1912-13 urte ingurutik. Horixe da, Elizarekin batera, gizartean apenas aldatu ez den egitura bakarra. Denak berdin-berdin segitzen du: nagusiak agindu egiten du, eta pertsonak agindutakoa betetzen du.
Eta zuek zer diozue?
Antolatzeko beste modu bat dagoela; sen onarekin jokatzea, gizartean egiten dugun bezalaxe. Gizartearen funtzionatzeko modua askatasunean, erantzukizunean, konpromisoan eta eskuzabaltasunean oinarritua dago. Guk esaten dugu pertsonetan oinarritutako organizazioak kudeatzen ditugula. Guretzat, garrantzitsuena, pertsona da. Hortik aurrera, hazten hasten gara.
Pertsona bai, baina zer adiera eman behar zaio?
Gu ezberdintzen gaituena da oso koherenteak garela. Guk esaten badugu pertsonak direla garrantzitsuena, pertsonak dira garrantzitsuena. Hori egia da, errealitatea, ez da moda bat. Gu lanean ari garen tokietan ez dute inor kaleratzen. Gauzak ondo joan ez arren, denok elkar laguntzen diogu aurrera egiteko. Egiazko zerbait da, erradikala ere bai, baina mamiari heltzen diona.
Nola egiten duzue lehen harremana?
Guk ez dugu komertzial lanik egiten. Hitzaldien bidez eta lanean ari garen enpresetan egiten duten ahoz ahokoaren bidez ezagutu izan gaitu jendeak. TTT Goikoren kasuan, jabeek deitu ziguten.
Orain gutxira arte buru-belarri aritu zara bertan. Arazo dezenterekin zebilen enpresa bat zen.
Arazo asko. Hilabete eta erdiko greba bat eginda zeuden langileak, harremanak zailak ziren… Jabeek ikusi zuten bide horretatik ezin zutela segi, eta deitu egin ziguten. Lan egiteko modu tradizionala erabiltzen zuten; hau da, lan gutxi dago, eta beraz, zer egin ikusi beharko dugu. Gu sartu gara, eta denon artean aurrera egiten saiatzen ari gara. Nik uste dut arrakastatsua dela Goikon egin duguna.
Eta prozedura zein izaten da?
Lehen gauza jabeekin hitz egitea da. Gure printzipioak azaltzen dizkiegu: pertsonengan sinesten dugula, eskuzabaltasunean, partekatzean… Printzipio horiek ezarri ahal izateko organizazio bat sortzea da hurrengo urratsa. Organizazio hori alda daiteke, beti ere gauzak hobeto egiteko bada. Aldatzen ez direnak printzipioak dira.
Mezu hori barneraraztea kosta egingo da, halabeharrez.
Badakigu kosta egiten zaiola jendeari hori ulertzea. Gizarte honetan erremintekin lan egitera ohituta gaude, baina ez ideia, printzipio eta balioekin, hori oso etereoa baita. Guk esaten diegu ondo pentsatzeko, eta lan egiteko estilo hori ezarri duten lekuetara joateko.
Eta erantzuna baiezkoa bada?
Kontratua sinatzeko moduan geundeke, baina ez dugu egiten. Esaten duguna da pertsonen txanda dela, langileena, eta mezu bera ematen diegu. Alde guztiak jabetzen direnean zertaz ari garen, batzar bat deitzen dugu, bozkatu egiten dugu, eta baiezko kopuruaren arabera erabakitzen dugu sartuko garen ala ez. Akordioa hiru aldetakoa: jabeak, pertsonak eta gu. Hori bai, akordioa edonork puska dezake. Denok ados baldin bagaude, printzipio horiek ezartzen saiatzen gara, pixkanaka. Organizazioa bera segituan alda daiteke, aldatzen kostatzen dena lan egiteko kultura da.
Lan harremanen eredu nagusia puskatzen du horrek.
Aldaketa erabatekoa da, auzolanaren garaira itzultzea bezalakoa. Horixe da, azken batean, lortzen saiatzen ari garena. Kapitalismoaren, indibidualismoaren eta gero eta gehiago irabaztearen aroa bizi izan dugu, eta hortik ez gara inora iritsiko. Begira non gauden. Zerbait ezberdina egitea da asmoa.
Erakunde publikoetarako ere balio du, ikusten denez.
Gauza bera da. Udaletan ematen dugun mezua da herritarrei arreta ona eman behar zaiela, eta ea denen artean hobera egin daitekeen, harremanak izanez eta egoerak partekatuz.
Pertsonen askatasunean, erantzukizunean eta sormenean oinarritutako antolaketa estilo berri bat proposatzen duzue. Zer esan nahi duzue baieztapen horrekin?
Orain zorraz eta krisiaz hitz egiten da soilik, baina orain dela gutxira arte berrikuntzaz hitz egiten zen. Berrikuntzaz aritzean, bazirudien, oso bizkorrak ziren pertsona batzuk buruari eragin eta eragin ari zirela, eta gainontzekoek haien esana besterik ez zutela aditzen. Guk esaten duguna da pertsona guztiak direla sortzaileak. Egin beharra dagoena da testuinguru egoki bat sortu pertsona bakoitzak bere bihotz-barruak jar ditzan aurrera egin ahal izateko. Eta askatasunari eta erantzukizunari dagokionez, ezin ditugu ulertu bi kontzeptu horiek bereizita, dena batera doa.
Eta gardentasuna ere bai.
Gardentasuna ezinbestekoa da. Edozein organizaziotan sartu baino lehen gauza bera esaten diegu beti jabeei: nik dudan informazio guztia eduki behar dutela pertsona guztiek, ez gehiago eta ez gutxiago.
Zuk esana da pertsonen inplikazio emozionalak %40 igotzen duela produktibitatea.
Eredu tradizionala zaharkitua dago, arkaikoa da, eta eredu hori hausten hastearekin batera hobetzen hasiko gara. Zuri eskari bat iristen bazaizu ostiralean, eta bezeroak esaten badu astelehenerako behar duela, zuk zer egin behar duzu, lanik ez egin? Edota bezeroa galdu behar al da nahiz eta bezeroa izan berandu ibili dena? Jendea ulertzen hasten denean zein den bere lanaren garrantzia aldatu egiten da, erabat. Horrek ez du esan nahi erraza denik, utopikoa ez denik. Borroka eta eztabaida sortuko da. Komunikazio asko eskatzen duen prozesu bat da hau.
Orain krisiari eta zorrari buruz soilik hitz egin dela aipatu duzu. Zein da zure irakurketa?
Jendeak uste du hau krisi ekonomiko bat dela, baina ez da hala; hau balio krisi bat da. Gauden bezala gaude dauzkagun balioengatik. Hori aldatzen ez badugu, ez goaz inora. Luzera begirako zerbait da, eta gizartean aldaketa erradikal bat gertatu beharko da honi buelta emateko. Nik uste dut gaudena baino okerrago pasatu behar dugula aldatzen hasteko.