Rufino Iraola Garmendia
Idazlea
Udaberrian, naturak eztanda egiten duenean, argia ere hazi eta luzatu egiten da. Orduan, berandutxo ere, eguzki-printzak ikusten dira etxeen leihoetako kristalen kontra zartaturik. Eta han, urrunean, horizonte-lerroaren gainean, arrautza-gorringoa, hurrengo egunerako eguraldi ona iragartzen. Eta beheko ibaian itotzen dira handik datozen urrezko ezpata mehe eta luzeak, eta kristaletakoen antza dute, material berarekin eta fabrika berean eginak dirudite.
Ortziak arrautza-gorringoa irentsi ondoren hasi dira ilunaren lehen zantzuak. Gero freskura dator, eta ondoren jaioko da erabateko iluna. Freskura eta gaua elkarren ondoan ibiltzen dira beti. Gaur ilargia ere adiskide dute. Gaugiro paregabea dago.
Gure elkarte gastronomikoaren terraza mahaiz beterik dago. Oraingoz, eserlekuak hutsik, baina sua piztuta. Ikatz gorituaren beroa parrillan itsatsi da. Arkume-txuletak ipini dizkiogu gainean, laster mahaian eseriko diren hogei lagunen begiak ase eta sabelak betetzeko.
Gustuko janak eta edari onak bizkortu egiten dituzte irudimena eta mingaina. Orduan etortzen dira txisteak eta ateraldiak. Ba omen zen Goierri aldean Joxe izeneko gizaseme bat, eta gailegoak ez gutxi Goierrin. Behin, Joxe hori tabernako atetik kanpora begira omen zegoen eta galdetzen dio gailego batek: «Jóse,¿qué tiempo hace?». Eta Joxek erantzun: «Lambroa». Gailegoak berriro: «¿Qué es esu?». Eta Joxek: «Menos que zaparrada».
Beste behin, askotan bezala, Joxe beste lagun batekin omen zetorren autoan, eguna sagardotegian igarota. Eta Joxek esaten dio lagunari: «Hi, nahi badek paeta jo zak, baino frenuari ez iok eman, leher beteta netorrek eta».
Joxeren semeetako bat alkate izan zen, orain gogoan ez dudan herri batean, eta galdetzen diote Joxeri: «Hi, Joxe, zuen seme hori zein partidutakoa dek?». Eta Joxek: «Ez zekiat, ba, moteil… Eskubiko Ezkerrekoa edo…»
Gero ilargi-argitan, elkarteko atari aurrean, hasiko gara solasean. Ez ilargiak bakarrik, mundu osoak ere hartuko du konpondu ederra gure hitzekin, Raxoik berak ere non aurkituko luke kontseilari hoberik? Ipini dugu aurreneko adreilua: «Hau duk gaugiroa! Mundu hau egin duenak badik guk adinako abildadea!». Besteak: «Mundu hau egin? Mundu hau ez dik inork egin. Bere kasa sortua duk?». Ez du inork isildu nahi: «Bere kasa, e?Jar hadi aurreko baratzeari begira eta ikusiko duk zenbat hartzen duan, erein gabe».
Bigarren kopa ezkero politika mintzagai izango dugu. Batena jakina dago: «Politikorik onena zintzilik!». Aldamenekoak: «Hi, erlatibiza ezak pixka bat». Gero etorriko dira erregearen elefante-ehizak eta beste kontu batzuk. Honetaz ere gogoratu da bat: «Polita duk, horratik, errepublikaren egunean erregeak istripua izatea!». Beste batek gizakiaren berezko izaerari leporatzen dizkio gauza asko: «Hemen, ezin duenak ez dik sartzen eskua zakuan. Guk ere bai ahal izanez gero!». Finenaren itxurakoak zorrotz bota die: «Zaudete isilik, hori ez duk horrela eta!».
Badira uste dutenak norberagandik hasita ezagutzen dela ongien bestea, eta hortik ateratzen ditugula kontuak. Berdin alderantzizkoak, hau da, pentsatzen dutenak besteak hobeto ezagutzen gaituela guk geure burua baino. Hala ere, zenbat ote gaude prest besteei geure buruari baino kasu gehiago egiteko?
Eta ikatz-sua erabat itzaltzen den bitartean, horrelaxe jardungo dugu, jeneralean goizeko ordu txikiak arte, eta orduan hemen ipintzeko modukoak ez direnak ere esaten ditugu, nahiz eta, batzuetan, oroitu ere ez ditugun egiten. Besteetan, berriz, hurrengo egunean lotsa apur bat sentitzen dugu, baina sekula ez errepikatzeko gogoa kentzerainokoa.