
Ainara Oiartzabal 1997ko udan joan zen lehen aldiz Bartzelonara, logopedia ikasketak egitera. Garai hartan Euskal Herrian ikasgai hori erakusten zuten unibertsitate gutxi zegoela eta, Bartzelonako Ramon Llullera joan zen. Ainarak ikasketak amaitu zituen, baina ez zuen Bartzelona utzi.
Zer egin duzu orain arte Bartzelonan?
Gauza gehiegirik ez, egia esan. Logopedia ikasketak amaitu nituen, eta zenbait hizkuntza ikasteko aukera ere izan dut: katalana, alemana eta frantsesa. Juan Carlos I hotelean aritu nintzen lanean. Ondoren, lagun bati laguntzeko escolta talde batean egon nintzen.
Zer da scolta talde bat?
Boy scouts bezala ezagunagoak dira, agian. 14 eta 17 urte arteko gazteak biltzen dituzten taldeak dira. Haietako baten arduradun izan nintzen, eta lan honi esker kultura katalana sakonean ezagutzeko aukera izan nuen.
Eta orain, zertan zabiltza?
Bartzelonako autobus turistikoan egiten dut lan. Baina escuelas libres deitzen zaion heziketa munduan ere buru belarri nabil. Haurren heziketa naturala errespetatzen duten eskolak dira, baina gurasoen parte hartzea beharrezkoa da.
Zehaztuko zenuke gehiago?
Berez, haurren errespetuan sinesten dugu, eta heziketa bat baino gehiago bizitzeko modu bat dela esan daiteke. Garrasiak eta mehatxuak saihesten ditugu, arazo guztiak elkarrizketa bidez konpontzen dira eta haurrentzako interesgarriak izan litezkeen jarduerak egiten ditugu. Beti, seme-alabek erabakitzen dute zer egin.
Ekonomia krisian murgilduta gaude. Zer moduzkoa da egoera Bartzelonan?
Ez nahi bezain ona. Zoritxarrez, gero eta aiton-amona gehiago dago kalean bizitzen. Azkenaldian, denda asko itxi dituzte, enplegua erregulatzeko espediente (EEE) asko egin dira, zerbitzuak murriztu dituzte, enpresa askok ezin izan dute aurrera jarraitu… Nik zortea izan dut, turismoa jaitsi bada ere, oraindik lana, egon badago.
Senarra bertan ezagutu zenuen, eta alaba kataluniarra da, ezta?
Bai. Tim Ingalaterratik etorri zen Bartzelonara. Behin, nire etxe azpian dagoen tabernara etorri zen. Hantxe nengoen ni nire kuadrillarekin. Ingelesez hitz egiten nuen bakarra nintzen eta orduan hasi zen gure arteko harremana. Hiru urte beranduago ezkondu ginen, eta 2008an Maddi jaio zen.
Sarritan itzultzen al zara?
Zoritxarrez, Gabonetan bakarrik itzultzen naiz. Azkenaldian sarriago, aitona-amonen osasuna dela eta.
Kataluniatik zer ekarriko zenuke Goierrira?
Pa amb tomaquet, all i olia, eta batez ere, escuelas libres delakoak.
Eta Goierritik zer eramango zenuke hara?
Dena. Familia, lagunak, mendia, belarra, zuhaitzak, janaria, usaina, jendea, dantza, festa, pintxoak eta nire alabaren Pirritx, Porrotx eta Marimotots maiteak. Katalanez Pitx, Potx i Maricuetes dira, baina berak nahiago ditu euskaldunak.