
Kokaina, porno, Lady Gaga. Eta horrela bai Mikel, nik uste gazteren baten arreta gureganatuko genuela GoiBerri eskuetan bazuen, ezta? Kar, kar, kar. Baina hemendik aurrera zer? Nola eutsi orain arreta horri hasierako tontakeria horiek gabe? Hiperestimulatu gabeko hitz huts-huts hauekin? Eta paperean!
Honezkero sumatuko zenuen nondik joko dudan gaurkoan. Izan ere, alde batetik hilabeteak dira nik behintzat nire hitzak paper baten gainean ikusten ez ditudala (‘nire hitzak’ esan arren gainera ordenagailuarenak gehiago dira, jada eskuzko letra pertsonalik eduki ere ez dudalako, dena teklatuz idaztean) eta zu ere nire antzera ibiliko zarela pentsatzen dut.
Pantailan argitaratzea ordea askoz errazagoa da, eta blog edo sare sozialetan, argazkiak erantsi ditzakegu testuak girotzeko. Eta irudi batek ordezkatzen omen dituen mila hitzekin nahikoa ez badugu, bideoak ipin ditzakegu, edo abestiak… Dena, «momentu zehatz horretan» sentitzen duguna ahal bezain ongien adierazteko.
Mikel, nola ikusten duzu zuk papereko komunikabideen etorkizuna garai hauetan? Gazteak aipatzen nizkizun hasieran, beraiek izango direlako etorkizunean aldizkari kontsumitzaileak. Nola eutsi hauei? Atal honetan letra lodiz ere ez ditugu eta ideia nagusiak azpimarratzen! Beno Mikel, zuri pasatzen dizkizut orain ona beheraino iritsi diren irakurleak. Barkatu bidean asko galdu bazaizkit.
Mikel Alvarez
Guztiok ditugu familian, lagunartean edo dena delako eremuan koaderno txiki batetan apuntatzeko modukoak diren gertaera edo pasadizo bitxiak, eta zure galderak, nire koaderno marroi ziztrinean aspalditik idatzia dagoen kontu bat argitara eramateko aitzakia ezinhobea eskaini dit (bai, koadernoekin ibiltzen naiz oraindik…). Honela dio:
Nire amonaren izeba soltera etxera etorri zen igande eguerdi batean. Halako batean, nire amonaren aitak, Donostiatik lehengusu batek ekarritako oparia martxan jarri zuen. Emakumezko bat hasi zen kantari, bazkalorduero zazpi seme-alaba bata bestearen ondoan eserita izaten zituen sukalde txiki hartan. Kantariak amaitzean, izeba soltera txaloka hasi zen. Amaitzean, horrelaxe esan zuen: «ateaizkiok txoixo egosi zati bat eta baxoerdi bat emakuma horri ederki abestu dik eta!». Opari hura, irratia zen.
Urte batzuk beranduago, nire ama etxera iritsi berria zen lehen telebistari begira zegoen bere lau anaiekin batera, lurrean eserita. Amona sofan zegoen baina telebistari begiratu beharrean, bost haurrei begiratzen zien: «Ulertzen al dezue hor gertatzen ari dena? Galdetu zien harrituta».
Urte batzuk beranduago, gure etxean, anaia eta biok ordenagailuan jolasean ari ginen munduko bideo-jokorik sinpleenean. Ama atzean genuen, zur eta lur zertan ari ginen begira: «ez dut sekula ulertuko nola zareten gai nondik joan behar duzuen jakiteko…»
Uste dut Artola, hiru istorio hauek bata bestearen atzetik nahiko erantzun badirela egin berri didazun galderarentzat, ezta?