Familia guztiz beharrezkoa da haurren garapenerako, baina, zoritxarrez, askok ez dute euren gurasoengandik behar duten berotasuna jasotzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak Harrera programa du ume horiei, euren etxeko arazoak konpondu bitartean, familia giroan bizitzeko aukera eskaintzeko. Une hori heldu bitartean, Aldundiaren harrera etxeetan bizi dira.
Aldundiak eta Beroa harrera familien elkarteak apirilean hitzaldiak eskaini zituzten Beasainen eta Ordizian, euren egitasmoa aurkezteko eta jendea animatzeko. Jasotako erantzunarekin gustura daude, ohi baino jende gehiagok parte hartu baitzuen bi ekitaldi horietan.
Goierrin 16 harrera familia daude, eta Gipuzkoan 240. Erdiak lehenagotik ere harremanen bat zuen adin txikiko horiekin eta gainontzekoek ez. Gipuzkoako Foru Aldundiak haurraren egunerokoan sortzen diren arazoei aurre egiteko laguntza eskaintzen die familia guztiei, eta bakoitzak teknikari bat du bere zerbitzura. Gainera, Gizarte Politika departamentuak diru-laguntzak eskaintzen dizkie harrera familiei.
Zumarragako Aitor Peñagarikano, Itsaso Esteibar eta euren bi alabak elkarteko kideak dira. Alabek hilabete gutxi zituztela heldu ziren euren etxera eta, egun, nagusiak 14 urte ditu eta gazteenak, berriz, 11.
Aitor Peñagarikanok boluntarioak lortzea sekula ez dela erraza izan dio, baina krisia dela eta, egun sekula baino zailagoa dela. Horregatik, Goierriko familiak ekimenarekin bat egitera animatu nahi ditu.
Esperientziak merezi duela dio, eta eurek pausoa nola eman zuten azaldu du: «Haurrik ezin genuela izan jakin bezain pronto, ume bat adoptatzea erabaki genuen». Horretarako eskura zituzten aukerak aztertzen hasi ziren, eta gaitzak dituzten haurrek ere gurasoak behar dituztela esan zieten. Gainera, «adopzio arrunterako 7.000 lagun zeuden gure aurretik zerrendan, eta beste kasu honetan, berriz, hirugarrenak ginen. Hala ere, ez genuen zorterik izan», aipatu du Peñagarikanok.
Handik urte pare batera harrera familiak behar zirela irakurri zuten egunkari batean, eta pauso hori ematea erabaki zuten. «Haurra gurekin izan eta gure maitasun guztia eman ondoren agurtu egin beharko genuela uste genuen. Baina sekula ez da hori gertatzen, guraso biologikoengana itzultzen direnean, harremana ez baita galtzen». Gainera, hau guztia bizipen oso aberasgarria dela dio. «Ume bati laguntzeko modu bat da, baina haurrak jasotzen duena baino askoz ere gehiago jasotzen dugu guk», azaldu du.
Haurrak guraso biologikoekin elkartzen dira noizean behin, eta hasieran egoera hori gogorra izaten bazen ere, «ondoren guraso biologikoekin ere harreman estua sortzen da. Lehenengo guk hartzen ditugula eta ondoren gu hartzen gaituztela esan ohi dugu», azaldu du Peñagarikanok.
Zumarragarrak eta bere bikoteak alaba nagusia behin-betiko adoptatzeko aukera izan zuten, baina argi utzi du hori ez dela ohikoa izaten. «Normalena haurrak euren gurasoekin itzultzea da». Hala, bi harrera mota daudela azaldu du: «Arruntak bi urteko iraupena du, eta bere helburua guraso biologikoen arazo zehatz bati erantzuna ematea da. Harrera iraunkorrak, izenak berak dion moduan, iraupen luzeagoa du. Zoritxarrez, haur gehienek Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera etxeetan ospatzen dute euren 18. urtebetetzea», esan du.
Peñagarikanoren ustez egoera hori «penagarria» da. «Foru Aldundiak babesa eta ikasketak eskaintzen dizkie, baina familiaren berotasuna ezinbestekoa da gizakiarentzat. Duela gutxi harrera etxe batean bizi izan den mutil batek hitzaldia eskaini zuen, eta ekitaldi hartan aita izateari beldur diola esan zuen. Izan ere, gazte horrek sekula ez du aitarik izan, eta ez daki aita batek zer egin behar duen».
Saharakoak eta Txernobilgoak ere, familia beharrean
Beroa elkartea ez da harrera familiak behar dituen bakarra. Beste batzuek Txernobilgo eta Saharako haurrak ekartzen dituzte, eta horientzat ere familiak behar dira.
Iaz Txernobilgo bederatzi haur etorri ziren Goierrira udan: hiru Legorretara, bi Beasainera eta bana Ordiziara, Legazpira, Olaberriara eta Zaldibiara. Ukrainiako haur bat etxean hartu nahi duenak 670 419 078 telefono zenbakira deitu behar du eta Marianengatik galdetu.
Saharatik, berriz, hamazazpi haur etorri ziren. Hango haur bat ekartzeko Mari Mar Renedori deitu behar zaio: 657 793 235.