Futboleko Lehen Mailako liga bihar bukatuko du Gorka Elustondok (Beasain, 1987), Realarekin. Hirugarren denboraldia osatu du goren mailan; jaitsieraren mikatza, ondoren 2. Mailako hiru urteko lana, eta atzera goian beste bi urte. Abenduan bost urte bete ziren lehen taldearekin hasi zela, eta 103 partida jokatu ditu harrezkero. Liga gehiago ari da gozatzen bukaeran —salbazioarekin—, hasieran baino —lesioagatik—.
Denboraldiaren zer zapore geratu zaizu, orokorrean?
Sentsazio nahiko politak. Hiru jardunaldiren faltan salbazioa lortzea, hori helburuetako bat zen. Hasieran egon ziren zalantza momentuak, zailak; azken postuan ere egon ginen. Hortik aurrera, lehen eta bigarren itzulietan taldeak puntu onak atera ditu, batzuetan joko hobea eginez, besteetan ez hain ona. Baina etxean sendo egon gara, eta azkenean sentsazioak nahiko positiboak dira.
Lehen Mailan, Realaren aspaldiko liga bukaera lasaiena izan da sailkapenari begira.
Bai, eta ez da erraza izaten. Talde asko egoten dira puntu gutxitan, aurten ere bai. Azpiko taldeak ere indartsu datoz. Egia esan, lanak aurretik eginda izateak lasaitasuna ematen du azken partidetarako. Helburua hori zen, ez lehengo urtean bezala azkeneko jardunaldira jaisteko aukerarekin iristea. Presio handia izaten da partida horietan, eta inori ez zaio gustatzen. Ea azken partida polita egiten dugun bihar, garaipenarekin, eta 47 punturekin Liga postu on batean bukatzen dugun.
Hala ere, azken asteak mugituak izan dira. Montanier entrenatzailea zalantzan jarri dute, tartean klubaren zuzendaritzak; kritikak taldeari…
Egoera asko gertatzen dira. Aste batetik bestera gauzak asko alda daitezke; partida on batekin taldeak itxura ona eman, eta hurrengoan ez hain itxura ona, eta kritikak aldatu egiten dira. Gauzak ez dira ez hain goian, ez hain behean hartu behar. Erregulartasun bat mantendu da, batez ere bigarren itzulian. Larunbatera arte jarraian zazpi partida generamatzan galdu gabe, kanpoan neurketa zailak edukita. Hori ere baloratzekoa da. Hortik aurrera egiten diren balorazioak, klubak ikusiko du. Guk ondo bukatzen saiatu behar dugu.
Eskerrak helburu guztiak, aitortutakoak behintzat, bete dituzuen: jarraipena, harrobikoek jokatzea eta jokalari gazteak ateratzea, Denouexen garaitik puntu gehien bil ditzakezue…
Bai, diferentzia asko egoten da partidaz partida. Batzuetan ondo ateratzen da planteamendua, besteetan ez. Baina, helburuak, bai salbazioa hiru jardunaldiren faltan, bai gazteak sartzea, hor daude. Horri balio handia eman behar zaio. Gainera etxeko jende askok jokatu dugu partida gehienetan; gaur eguneko Espainiako Liga honetan horrek ere garrantzia handia du, eta agian jendeak batzuetan ez du ikusten. Taldearen kalitatea, espiritua eta batasuna zelaian islatu da. Orain, urtez urte hazten joan behar da.
Aldagelan, jokalarien artean, baduzue konfiantza eta segurtasun hori?
Bai, garbi daukagu. Etxeko jendea edukitzeak lasaitasuna ematen du. Denak oso kontzentratuta gaude, bai aste guztiko lanean, bai partidetan, eta badakigu kanpotik datozenak batuta talde sendoa garela. Horregatik gustura gaude, taldean oso giro ona daukagu, eta datozen gazteak ere gorantz joan gaitezke.
Itxaropena badago talde honengan. Adinez bataz beste oso gazteak, hirugarren urtea izango duzue Lehen Mailan, esperientzia pilatuz zoazte… Nola ikusten duzu datorren urtea?
Ilusio handiarekin hartu behar da. Helburua, lehendabizi, salbazioa ematen duten puntuetara iristea da. Baina, noski, lehenbailehen iritsiz gero, goragoko helburuak kendu gabe. Taldea badago, oinarriak ere bai; gogoarekin, ilusioarekin eta lana eginez, gorantz joan gaitezke.
Beti jaitsierari begiratzen zaio, baina parekotasuna hain da handia, Europako postuak ere ez direla hain urruti geratu. Koska bat gehiago beharko da hara begira jartzeko. Nondik lor daiteke hori?
Hori da, azken batean. Postu batean zaude, baina partida bat gora, bat behera, gauzak asko alda daitezke. Liga honetan berdintasun handia dago, eta azkenean detaileek erabakitzen dute non egon, goraxeago ala beheraxeago. Ez da erraza arrazoiak bilatzea gorago nola egin. Partida askotan detaileak dira, etxeko partidak azken minutuan irabazi ditugunak ere bai, eta puntu horiek gabe… Alderantziz ere bai. Futbola askotan zirkunstantziak dira; liga, amaieran, bakoitzak bere lekuan bukatzen du, baina ea datorren urtean puntuak hasieratik batzen hasten garen.
Zeuretzat denboraldia gaizki hasi zen, lesio batekin. Gero jokatu duzu: 18 deialdi, 16 jokatu, 15 hasieratik, Kopan hiru…
Ongi egon naizenean entrenatzaileak nigan konfiantza izan du. Gehienetan hamaikakoan sartu nau, eta alde horretatik ez nago kexatzeko. Lesioak direla-eta liga erdian jokatzeko aukerarik ez dut izan. Datorren urterako, ea jarraikortasun hori dudan eta lesioek uzten didaten.
Realarekin ehun partidaren muga gainditu duzu (103 denera). Jokalari bezala eginago ikusten duzu zeure burua?
Urteek beraiek jokalaria hobetu egiten dute. Egoera desberdin asko bizitzen dituzu, zure akatsak hobetzen saiatzen zara, esperientzia hartzen duzu. Bizi izan dugunarekin, geroz eta erosoago sentitzen naiz: Lehen Mailatik bigarrenera jaitsi, 2. Mailako guztiak ere laguntzen du hobetzen, orain goian gaude bigarren urtez. Gorantz joatea espero dut.
Gol bat sartu duzu aurten. Aizkorrin jokatzen zenuenean, Seguran, aurrelari fina omen zinen. Erasoan gehiago zorrozteko gogorik datorren urterako?
Taldean bakoitzak bere lana daukagu. Jokaldi jakinetan aurrera joan zaitezke, kontuan izanik beste norbaitek hartzen duela zure lekua. Baina, bai, golak sartzea gauza polita da, eta ahalik gehien sartuz gero, hobe pertsonalki eta taldearentzat.
Datorren urtean Kopan Beasainekin topo egingo al duzue?
Berri ona litzateke Beasain igotzea. Hirugarrenetik 2.B Mailara igotzeko kanporaketak ez dira errazak, baina Beasain denboraldi ona egiten ari da eta aukera badu. Loinatzen jokatzea polita litzateke; ea irteten den.