
Aranzadi zientzia elkarteak antolatuta, espeleologian sakontzeko ikastaroa egin zuten hainbat gaztek, Noel Llopis doktoreak gidatuta eta Juan Arin apaizak lagunduta. Jardunaldiaz gain, Troskaetako kobara bisita egin zuten.
Espeleologia arloan toki aberatsik inon bada, Ataun da leku horietako bat. Bere mendi eta mailoetan barrena, 300 kobatik gora daudela esaten da. Joxemiel Barandiaran zenak ere, koba horietan egin zituen bere aurkikuntzetako asko. Aranzadi zientzia elkarteak ere, bazuen natur aberastasun haren berri, eta berrogeita hamargarren hamarkadan, natur zientzietan sakontzeko ikastaroak antolatu zituen.
Ikastaro horietako bigarrena, 1952. urteko ekainaren 15etik 18ra egin zutena, Ataunen antolatu zuten. Ikastaroa, udaletxeko areto nagusian emandako hiru saio teorikotan banatu zuten, baina berezitasun bat izan zuen ikastaro hark. Izan ere, saio teorikoez gain, Troskaetako kobara egun pasako irteera egin zuten. Ikastaroa, Noel Llopis Lladó, Oviedoko Unibertsitateko katedradunak gidatu zuen. Aranzadi zientzia elkartearen memorian azaltzen dutenez, «ikasleek gogo handiz» jarraitu zituzten haren eskolak. Ataundarren aldetik izandako harrera ona eta Juan Arin apaiz eta ikerlariak emandako laguntza ere eskertu zuten elkarteko kideek.
Ekainaren 16an, tresna eta tramankulu guztiak asto gainean jarri eta San Martindik oinez abiatu ziren. Behin kobara iritsitakoan, hainbat azterketa eta ariketa praktiko egin zituzten. Horien artean, kobaren hondoraino egindako bidaia azpimarratzen dute garaiko agiriek, hango aintzira eta haren inguruan dagoen buztina sedimentazioaren adibide garbiak baitira. Hori zen, hain zuzen ere, Llopis doktorearen tesi nagusia, alegia, kobak kalizaren fenomeno geologikoak zirela.
Hartzen leizean ere, aurkikuntza interesgarriak egin zituzten; Ursus Espeleus koba zuloetako hartzaren inguruko informazioa bildu eta hartz baten hezurdura osatzeko adina material atera zuten.