Antonio Manuel da Silva (Porto, 1966) tornulari eta kamioilari lanetan aritu zen Portugalen. Bere familiaren bizimodua hobetzeko, Portugal uztea erabaki zuen orain bost urte. Lehenengo Alemanian izan zen, baina hango bizimodua ez zitzaion gustatu, eta Euskal Herrira etortzea erabaki zuen.
Zergatik ez zitzaizun Alemania gustatu?
Lehengusu bat dut han eta lana aurkitu zidan, baina 15 egun bakarrik eman nituen: hizkuntza oso zaila iruditu zitzaidan eta tokia arrotza.
Alemaniatik Goierrira salto handia izan al zen?
Nire lagun bat Legazpin zegoen, berarekin hitz egin nuen eta Goierrira etortzea erabaki nuen. Gelmam enpresan hasi nintzen lanean eta hor darrait. Lehen hilabeteak Legazpin eman nituen, beste portugaldar batzuekin batera bizitzen. Ondoren, Urretxun etxea aurkitu nuen eta familia etorri zen. Orain, Iparragirre kalean bizi gara.
Emazteak, Gloriak, kale bereko Navarro tabernan lan egiten du sukaldari. Ines alabak 14 urte ditu eta lizeoan ikasten du eta 8 urteko Joao semeak, berriz, Urretxu-Zumarraga ikastolan.
Ondo moldatu al zarete?
Ondo moldatu gara Euskal Herriko bizimodura, Portugalgoaren antzekoa da eta. Gainera, hemengo lasaitasuna izugarri atsegin dut. Porton jende asko bizi da, eta hango bizimodua zoratzekoa da; egia esan, hemengo dena gustatzen zaigu, lagunak egin ditugu eta seme-alabek ez dute jaioterrira itzuli nahi.
Zer egiten duzue aisialdian?
Paseatzea gustatzen zaigu. Legazpira edo Aizpurutxora joaten gara, bidegorritik. Bestalde, Iparragirre plaza eta bere ingurua ere asko gustatzen zaizkit. Beharbada, euskaltegira joango naiz euskara ikasteko eta hala eurei ikasketetan laguntzeko.
Herriminik ba al duzu?
Portugalen egoera ekonomikoa hemen baino okerragoa da, eta soldatak baxuagoak. Lagunengandik eta familiarengandik urrun egotea ez da gozoa, baina gaur egun zazpi ordu besterik ez dira behar autoz Portora joateko. Urtean bitan joaten gara jaioterrira, gutxi gorabehera.
Luzaroan gelditzeko asmoa al duzue?
Seguru asko, betirako geldituko gara hemen. Izan ere, jendeak oso ondo hartu gaitu. Hori izan da gehien estimatu duguna, eta egia esan, neure burua ez dut etorkintzat.
Nolakoa da Porto?
Porto ezagutzeak merezi du. Hiria gizon-emakume guztien ondare izendatu zuten eta aurten Europako toki turistiko onenari saria eman diote. Gaueko giroa eta upategiak bikainak dira… eta futbol taldea zer esanik ez!