Emakundek, Euskadin, Emakumeen eta Gizonen 2011ko egoerari buruzko datuak kaleratu berri ditu. Nire amari, gaur, zifrak irakurri gabe ere, honen ondorioa galdetzen badiot, ziur naiz, paperean agertzen dena ederki asko azalduko didala, ia ama guztiak bezala, errealitatearen ikuspegi orokorra, zabala eta zehatza izaten baitu. Zera esango dit: «Ez dut zuen bizitza miresten, ez desiratzen, ekilibristak zarete eta gu zuen sarea». Horra hor edozein datu gordinaren interpretazio praktikoa. Hau da, asuntoa gaizki dagoela. Beste azterketa baten arabera, Espainiar Estatuko amek, bataz beste, 39 minutu dituzte denbora libre bezala ulertzen denaz gozatzeko. Era berean, kirolaren erabilerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta baten arabera, gizonen artean gehien egiten dena futbola da, taldekoa, alegia. Emakumeen artean, aldiz, gimnasia, aerobic, fitness eta yoga agertzen dira lehen postuetan, bakarka egin daitekeena, alegia. Hiru azterketen datuak nahastuta zera esan daiteke: emakumeak ez du futbol partida gehiago jokatzen eta ez da gizonen parean jartzen, erantzunkidetasunaren eta denboraren erabilera datuetan aurrerapauso handirik somatzen ez denez, libre dituen 39 minutu horietan ia berotzeko denborarik ez diolako emango. Eta gainera, bere lagunek bakarkako kirolak nahiago dituztenez, taldea osatzeko ere arazoak izango dituelako. A ze suerte txarra… Horixe, desberdintasuna, ñabardura kontua.
Tere Madinabeitia
Desberdintasuna gora, desberdintasuna behera. Edo berdintasuna gora, berdintasuna behera. Badaramazkigu urte batzuk, asko, gehiegi, kontu hauekin, eta badirudi amaierarik gabeko kontuak izango direla gainera. Ni ez naiz batere inkesta zalea. Izan ere, inkesten arabera, emakumeen erdiak adarrak jartzen dizkie beren bikoteei, edo ezkontzen direnen laurdena baino gehiago dibortziatu egiten da. Datuak edo emaitzak magnifikatu egiten direla pentsatu izan dut beti. Horregatik, ez diek kasu gehiegirik egiten.
Amari, ordea, bai, kasu egiten diot, zureak bezala, nireak ere errealitatea «errealago» ikusten duelako. Eta nireak, zureak bezala, ez du guk aukeratu dugun bizitza honen batere inbidiarik. Ez berak, ezta beste askok ere. Orain dela hilabete batzuk lagun batek zera esaten zidan nik bere aurrean telefonoa hartu eta amarekin (zeinekin bestela?) nire bi semeen eskolaz kanpoko orduak antolatzen jardun eta gero: «Bolillo enkajeak egiten dituzue etxetik kanpo lanean ari zareten emakumeek!». Ba bai, horrela da. Baina guk aukeratu dugu, eta aurrera egin behar. Hala ere, askotan etortzen zait burura beste lagun batek, bromatan edo, nire lehen semea izan eta gero lanera itzulitakoan esan zidana: «Baina zeinek agindu zizuen zuei, emakumeoi, lanean hastea, etxean hain ederki egonik?».
Kontua da inork ez zigula ezer agindu eta geu geure kabuz atera ginela etxetik. Ondorioa? Bat ez, ondorio asko. Onak eta txarrak. Txarren artean, Idoia, zure inkesta horrek aipatzen duena: norberarentzako 39 minutu libre soilik!