
Anja Bernecker eta Malou Henriksen. Izenak ikusita, erraza da asmatzen ez direla Gaintzako alabak. Zumarragakoak ere ez, ziur asko. Lehena Alemaniatik iritsi baitzen Euskal Herrira. Ingalaterratik, bigarrena. Zientzialariak dira biak; Gipuzkoako punta-puntako ikerkuntza zentroetan dihardute lanean.
Zergatik ematen dizudan Anja eta Malouren berri? Azkenaldian komunikabideetan ikusiko zenuten agian arrazoia: Urgarden izeneko taldea sortu dute. Joan den azaroko uholdeek ibaietan agerian utzi zuten zabor mordoskaz jabetuta, erreka eta erriberak garbitzeari ekin zioten. Ez zuten gauza handirik behar izan. Zazpi bat lagun elkartu, eremu bat aukeratu eta ekin. Zerutik garbitzaileren bat noiz eroriko zain geratu gabe. Baliabide handirik ez zuten, baina ilusioa eta gogoa soberan, hori bai.
Dagoeneko dozena erdi bat ibaiertz garbitu dituzte, auzoetako eta herrietako lagunak bildu eta elkarlana bultzatuz. Makina bat neumatiko, plastikozko ontzi eta botila atera dituzte uretatik. Bizikleta zaharren eta farolaren bat ere bai, ez pentsa. Ederki pasatzen omen dute gainera!
Beren eguneroko bizitzan, Anja eta Malouk lanordu amaigabeak izaten dituzte. Pentsatzen jarrita, kanpotik etorritako jendea izanda, bertakook baino aitzakia gutxiago behar zuten haien aisialdia beste afizio eta denborapasa batzuetara dedikatzeko. Baina bizi diren gizartean arazo bat identifikatu eta horri aurre egitea erabaki dute. Determinazioa eta eskuzabaltasuna erakutsiz.
Urgardenek zabaldutako bideak erantzun ona jaso du. Jende dezente animatzen ari da katiuska zahar batzuk jantzi eta haien hitzorduekin bat egitera. Apustu egingo nuke laster ikusiko ditugula Goierrin, Oria ibaian gora etorrita, izokinek ibaietan egin ohi duten bezala. Hala ere, arrakastak arrakasta, gogoetarako bidea eman dezake hiritartasun adibide honek. Ezer ez dugu deskubrituko honezkero, baina bi gipuzkoar berri hauen ekimenak garbi erakusten du gizarte batean parte hartzeak duen garrantzia.
Egia da. Euskal jendartearen berezitasun gisa goraipatu izan da partaidetza, ekimena eta auzolanerako berezko sena. Ez noa joera natural hori zalantzan jartzera, adibide ederrak baiditugu inguruan: Idiazabalen ernatutako Nazioen Mundua, desjabetzeen aurkako mugimendua, eskualdean nahiz urrutixeago ditugun kooperatibak… eta abar luze-luze bat.
Soroa emankorra da, bai, baina herritar askotxo nagiak eraginda ez ote gauden beldur naiz. Lo hartu nahi ez, baina aldiro begiak ixten zaizkion bidaiariaren moduan. Batez ere gazteoi, gure aurrekoei ikusitako konpromiso eta borondateari jarraipena ematea kosta egiten zaigulako. Erosoagoa baita politikagintzan nahiz gizartegintzan pauso bat aurrera ematen duenari kritika zorrotza egitea. Eta bitartean, gu, etxeko sofan eserita bageunde bezala, guztiaren ikusle eta epaile.
Beste askok, berriz, nahiago izan dute gizartearen lokatzetan murgiltzea. Izan zitekeen bizilagunen elkarte bat, pilota txapelketa bat antolatzea edo txaranga batean dunbala jotzea, adibide duinak den-denak. Norberak bakarrik baitaki zertan lagun dezakeen gizarte dinamiko, bizi, alai eta arduratsu bat lortzeko eginbehar konpartituan. Errekak garbitzea izan da Anja eta Malouren hautua, uretan ikusi dutelako lanerako beharra. Eta badakitelako parte hartzea ezinbestekoa dela, herriaren parte izateko.