Barack Obama eta konpainia dagoeneko hasi dira hauteskundeen lehian. Baina ez dago hain urruti joan beharrik hauteskundeen atarian gaudela antzemateko. Nahikoa da egun hauetako egunkariei bistadizo bat ematea. «Guraizeen aroan» murgilduarazi gaituzten honetan, jakinminaren harra hazten doakit: Zer nolako kanpainak egin behar dituzte «gure» politikoek? Hezkuntzan eta osasunean egin asmo dituzten neurriko murrizketak egingo ote dituzte kanpainetan? Zenbat diru erabiliko dute kanpainak gauzatzeko? Zer nolako ekitaldiak ikusiko ote ditugu? Batzuen aldetik izan ohi diren “gehiegikeriak” non geratuko ote dira? Jabetuko ote dira herritarren diruarekin ari direla «jolasean»?
Ez, barka; herritarrentzat zergak dira opari. Dirua soilik bankuentzat da. Dirua bankuei ematen zaie; barra-barra. Hauek herritarren dirua gordetzen dute, eta herritar bat, lanik gabe geratzen denean eta etxeari dagokion hipoteka ordaindu ezin duenean etxearekin geratzen dira, jabea kale gorrian utziz eta zorra ordaindu beharrean. Hori da errealitatea.
Hauteskundeen gaira itzuliz: ea oraingoan, aspaldiko partez, herritarrek benetan izaten dugun aukera desberdin guztien artean hautatzeko eskubidea, baita proiektu horiek aurrera eramatekoa ere. Aukera guztiak mahai gainean jartzeko moduan baldin bagara, argi eta garbi, herriak horren alde lan egin duelako izango da.
Ion Muñoa
Aitortu behar dut irrikitan nagoela Barack Obama eta (ia ziur) Mitt Romney hautagai errepublikarra aurrez aurre jarriko dituen AEBko hauteskunde kanpaina jarraitzeko. Egia da: gustu xelebreak ditut. Baina komunikazioaren munduan hezi eta bizi naizenez, ezin dut ekidin demokraziaren gailurra omen den hauteskunde garaian gauzatzen diren komunikazio estrategia guztiak jarraitzea. Politika ere espektakulua denez, nik Conquistador del fin del mundo edo Salvame ikusi ordez, hauteskundeekin gozatzen dut.
Norbaitek esango dit nola hitz egin dezakedan «fribolidade» horrekin politikaz. Non eta gure herri honetan! Politikak hainbeste kalapita, gorabehera, sufrimendu eta desgrazia ekarri digun herri honetan! Baina egungo munduan, Mendebaldean, normaltasun politikoa duen estatu, autonomia, federazio edo erreinu batean bizi nahi badugu, uste dut ezinbestekoa dugula politika «fribolidade» puntu horrekin hartzea.
Badakit. Ez luke horrela izan beharko. Gu guztiok eraikitako herri eraikuntzan gure eta ondorengoen etorkizuna landu beharko genuke joko-arau demokratikoak guztioak praktikatuz. Teoria nahiko ongi dakit! Politikari dagokion zilegitasuna, garrantzia eta lekua itzuli behar zaio; herrigintza egin behar da. Hori ere badakit! (eta hala dela uste dut). Baina oro har bizi dugun egoeran, ez bagara gai gizartean «politika» deitzen diogun hori espektakulu askotxotan negargarria dela konturatzeko, uste dut ez garela gai izango hipoteka ezin ordainduta daudenen arazoak nola konpon ditzakegun aurkitzeko. Yes (maybe) we can!