
Iñigo Igartza
Bankuko langilea
– Baina baina… zer duzu Marina? Zergatik malko jario hori?
– Tripako mina dut, aitatxoooo.
– Zer gertatu zaizu ba? Ez al zenuten eskolako txokolate jana?
– Baiiiiiiiiiiii, eta uste dut gehitxo jan dugula, azkarregi ere bai agian, eta orain ezinean nabil. Bost txokolate hartu ditut eta hamaika bizkotxo, txorizoa eta goxokiak ere nahi adina, eta… eta … eta ….
– Baina baina, denek izan al duzue jarrera bera? Dena hartu eta, arrapaladan irentsi?
– Eeeeeeez! Gutxi batzuk zerbait hartu eta jolastera joan dira, baina gehienak….
– Baina, bukatu egingo zela pentsatzen al zenuten? Sekula txokolate gehiagorik ez dela izango uste zenuten?
– Ez dakit aitatxo, baina denek edo gehienek behintzat, jarrera hori hartu eta… nik ere bai. Aiiiiiiiiii… hau mina!!
– Lasai, Marina. Nork antolatu du txokolate jan hori?
– Ez dakit ziur, baina gutxi batzuen artean izan dela uste dut. Zergatik aitatxo? Farmaziako jabeak eta dendariak uste dut.
– Marina … eta zer egin dute soberakinekin? Han geratu al dira? Edo egoitzaren batetara eraman dituzte?
– Galdetu dute baina denok jolas egin nahi genuen eta bitartean dena biltzen aritu dira. Zergatik aitaxo?
– Ummm… krisia, hori bai egunerokoa.
– Aitatxo? Zer diozu kirsiaren inguruan? Nik tripako mina besterik ez dut!
– Ups! Barkatu Marina, krisiaren eta zuen txokolate janaren arteko parekotasunak txunditu nau. Hausnarketa surrealista batean harrapatu nauzu.
– Aitxooo?
– Bai Marina?
- Ondo al zaude? Zer da krisi famatu eta ezezagun hori? Nondik sortu da? Zein parekotasun izan lezake gure txokolate janarekin?
– Jajajajaja. Ba begira Marina, zuek bezala, gizarteko pertsona asko eta asko, txokolatea jatera abiatu dira zentzugabeki. Etxeak, kotxeak, oporrak, ordenagailuak eta era askotako jostailuak erostera, behar ez zituztenak eta asko erabiliko ez dituztenak. Orain, horren azkar eta hainbeste jatearen biharamuna dute, eta tripako ezinegonari –zorrei– ezin eutsirik dabiltza. Eta beste gutxi batzuk, eguneroko jarrera orekatuan, jolasera joan zirenak, oraindik ere jolasean jarraitzen dute– nahiz eta errurik gabeko batzuk ere kutsatu diren–.
– Gure jarrera txarra izan al da aitatxo?
– Beno Marina, autokritika deitzen zaio horri.
– Baina aitatxo? Gure errua bakarrik izan al da orain tripako mina izatea?
– Ez Marina, lasai maitia. Demagun dendaria eta farmaziakoa pertsona berekoiak direla, eta beren produktuen kontsumoa bultzatu nahi dutela. Egoera ikusi eta zuen festaz aprobetxatu dira, gehiago irabaztean eta dirua lortzean, jolastokian bakarrik geratu eta beraiek bakarrik jolasteko. Hori, baina maila altuagoan….
– Eta? Zein da irtebindea?
– Jajajajaja Marina. Lehenik eta behin autokritika, norberak ere badu errurik eta. Gero denok batera, dendari eta farmaziakoei beren jarreraren argitzea eskatu, eta txalotu edo zigortu, eta lortu dituzten mozkinak edo irabaziak, berriro ere hurrengo beste festa baterako gordetzea –gizarteratzea–, neurri batean bada ere. Eta azkenik, eskola izan behar dugu begi bistan. Zergatik baimendu duten eta zergatik beraiei –horiek gure politikariak dira–.
– Aitxooooooooooo.
– Zer Marina?
– Asko maite zaitut. Mila esker ipuinagatik.
– Nik ere maite zaitut Marina. Eman muxu Urkiri oheratu aurretik, ados ?
Oharra: Barkamena eskatzen diet txokolate janean parte hartu ez dutenei eta, hala ere, tripako minez dauden guztiei.