Gerra aurreko garaian, euskaltzaletasuna eta euskal kultura pil-pilean zeuden garaian, Jose Maria Iparragirre olerkari eta kantari ezagunari omenaldia egin zioten Urretxun, bere jaioterrian; bi eguneko festa antolatu zuten herritarrek.
36ko Gerra eta haren ondoren ezarri zuten diktadura faxistak, kalte handia eragin zioten euskal kulturari eta euskaltzaletasunari. Urte haien aurretik, ordea, II. Errepublika garaian, euskaldunek oro har eta abertzaleek bereziki, modu agerikoan bizi eta erakusten zuten euskararekiko eta aberriarekiko maitasuna. 1933ko uztailean, Urretxuko euskal kulturaren ikur nagusietako bat zen Jose Maria Iparragirreri omenaldia egin zioten. Bi eguneko egitaraua osatu zuten urretxuarrek, eta ehunka lagun bildu ziren ospakizunetan. Iparragirreri ez ezik, euskarari eta euskal kulturari egindako omenaldia izan zen ekitaldia.
Garai hartako kronikek diotenez, ‘Euskaltzaleak’ taldeak antolatu zuen ekitaldia, udalaren laguntzarekin. IV. Olerki Eguna probestu zuten olerkari ezagunari gorazarre egiteko. El Día egunkariko Euskal Orria atalean, Arripe ezizenarekin sinatzen zuen kronikagileak, urretxuarrak aspaldian lozorroan zeudela aipatzen zuen, baina «Iparragire’ren oroimen biziak aztinduta edo, itxartu da noizbait ere eusko izateara, ta leyatsu diardu olerkari entzutetsuaren jaya antolatzen».
Lerro haien bidez, urretxuarrei ez ezik, euskaltzale guztiei egin zieten ekitaldi haietara joateko deia. «Betoz baita egun oretan Uretxua’ra al duten euskotar geyenak besarkada anaikor batean bildurik aundikiro ospatzera olerkari ilezkorrari bere jayoterrian eskaintzen zayon jai aldia».
1933ko uztailaren 15ean eta 16an egin zituzten ospakizunak. Besteak beste, dantzariak, txistulariak, bertsolariak eta antzezleak bildu ziren bertan; baita olerkariak ere. Izan ere, Olerki Eguna zela eta, poesia egilerik onenak ere saritu zituzten; sari nagusia, zilarrezko haritz adar bat zen. Abesbatzaren eta kantarien laguntzaz, Gernikako arbola kanta ezaguna abestuz bukatu zen jaia, Iparragirreren estatuaren aurrean.