Gauza asko dituzte komunean Alex Calvok, Andoni Aranak, Unai Barrigak eta Ioxe Aranak. Laurak dira legazpiarrak, 16 eta 17 urte dituzte, eta musika egitea biziki gustatzen zaie. Legazpiko Doinua musika eskolako ikasleak dira guztiak, eta lurralde mailan sortu berri den Gipuzkoa Kutxa Big Band taldeko partaide dira.
Big band-ak musikari askoz osatutako jazz talde handiak dira, eta oinarrian Andoni Aranak azaldu duenez, «haizezko, sokazko eta perkusiozko musika instrumentuz» osatuta daude. 1.920 urte ingurukoak dira ezagutzen diren mota honetako lehendabiziko taldeak. Baina banda hauen urrezko urteak 1935 eta 1950 artekoak izan ziren. Jazz musika egiten dute batez ere, baina Ioxe Aranak zehaztu duenez, «bluesa, rock and rolla edo swinga bezalako estiloak» ere jotzen dituzte.
Legazpiko lau musikari gazteak, hain zuzen, gisa honetako talde baten partaide dira. Guztiek tronboia jotzen dute, Andoni Aranak izan ezik, bera, tronpeta jotzailea baita. Gipuzkoa Kutxa Big Band berriki Italian egin den Musikari Gazteen Jaialdiaren aitzakian sortu da aurten.
Gipuzkoako musika eskola ezberdinetako 22 ikasle gaztez osatuta dago. Legazpikoez gainera, badira taldean «Zumarragako, Beasaingo edo Ordiziako musika eskoletako kideak ere, besteak beste», Unai Barrigak dioenez.
Italiako jaialdian beste musikari gazteek egiten dutena ezagutzeko aukera izan dute, baina, baita beraiek egiten dutena nazioartean ezagutzera emateko ere. Taldeak Italiara joan aurretik eskaini zuen lehenengo kontzertua Legazpin izan zela harro diote gazteek.
Laurek aitortu dute, esperientzia oso ona izan dela talde berrian aritzea, «Italiara joateko aukera emateaz gainera», lagun berriak egin dituztelako, adierazi du Alex Calvok. Gazteak izanagatik eskenatokiak ez ditu kikiltzen, eta behin jotzen hasita, bat datoz laurak gozatu egiten dutela esaterakoan.
Umetatik ezagutzen dute elkar, eta hamaika bat aldiz jo dute batera. Banda txikian aritu ziren lehenengo, eta eskolako big bandean ere elkarrekin jotzen dute. Eskenatoki gainean, harreman hori «nabaritu» egiten dela diote, gainera.
Italiako abentura amaitu da, baina Gipuzkoako big bandak jarraipena izatea gustutatuko litzaiekeela diote laurek. Musikaren altzoan hazi eta hezitako gazteak dira, eta euren etorkizuna ere musikaren inguruan irudikatzen dutela aitortzen dute.