Goierriko eskola txikiek festa giroan ospatuko dute lehen aldiz elkartu zireneko 25. urteurrena, igandean.
Orain dela hogeita hamar urte, Euskararen Legea onartu eta D eredua ikastetxe publikoetan txertatu zenean, birmoldaketa bat izan zen Goierriko eskoletan. Biztanle gutxiko herrietan, adibidez, demografiaren beherakada ere kontuan hartu beharreko aldagaietako bat izan zuten, herriko eskolak aurrera jarraitu ala ez pisu handia hartu zuena —askotan gaur arte—.
1980ko hamarkadaren erdialdean irakasle talde bat elkartu eta egoera berdintsua zuten eskoletan bilerak egiten hasi ziren, herriz herri. Irakasle mugimendu hura—metodologia eta material prestaketaren premiak bultzatuta— izan zen Gipuzkoako Eskola Txikien festaren eragilea, lehena 1988an Bidegoianen. Bost urteren buruan sortu zen koordinakundea, gurasoak ere gehituta. Etzi, igandea, 25. festa izango dute eskola txikiek, Larraulen.
Koordinakundea sortzea eskola bakoitzak zeuzkan beharrak bideratzeko indar gehixeago egitearen ondorio izan zela gogoan dute askok oraindik, arazoak elkarren antzekoak zirela eta erabaki baitzuten pausoa ematea.
Orduz geroztik hazi egin dira, orokorrean, Goierriko eskola txikiak, bai ikasle kopuruz, bai irakasle lan-talde aldetik, gizartearen neurri berean. Koordinakundean hiru herritakoak daude gaur egun, Gipuzkoako 27 herri eta auzoren artean: Zerain, Olaberria eta Gabiria. Itsasondokoa ere izaera horretako ikastetxea da.
Lehen Hezkuntzara arte dute; Itsasondon eta Gabirian ziklo guztiak, Olaberrian 3. zikloa osatzen hasiko dira. Berrogeitik gora ikasle dituzte horiek, Zeraingoak 14. Ume aldetik momentuz ez dute arazorik, kasuak kasu.
Demografia gora-beherek, izan ere, erasan zuzena dute eskola txikietan. Hori dute arazo larrienetakoa. Bestea, hezkuntza sistemaren gutxieneko kopuruak eta eskakizunak. Ekonomikoki oso garesti ateratzen direla askotan entzuten dute, eta horretan arrazoi dutela, baina ekonomia baino gehiago, beste gauza batzuk ere badirela sarri azpimarratu izan dute eskola txikietako arduradunek.
Haur gehiago edo gutxiago, eskola txikien lanak eta eginbeharrak handien parekoak dira, eta irakasleek partaide izan behar dute, lan askotan. Giza baliabide arloan, irakasle batzuk eskola batek baino gehiagok banatzen dituzte, orduka.
Hezkuntza ildoa Berritzeguneetan bideratzen dute eskola txikiek ere, baina berezitasun batekin: Goierriko herri txikietako irakasleek Ordiziako Berritzegunean parte hartzen dute, baina baita Lasartekoan ere, han eskola txikietako gaiak lantzeko.
Jarraipidea ziurtatzeko, murrizketek zeresan handia izan dezakete irakaslerian, eta, ondorioz, eskola txikietan nabarmenago. Teknologia berriek laguntzen dutela diote, baina oztopatu ere bai. Lan burokratikoak geroz eta gehiago dira, eta lehen Delegaritzatik egiten zituzten asko orain aplikazioen bidez eskoletan egin behar izaten dituzte. Lan karga handiagoa horretan ere, beraz.
Ane Miren Aizpuru: «Herrietan eskola beharrezkoa da, eta herri txikietan oraindik gehiago»
Goierriko eskola txikietako bat da Gabiriako Balentzategi. Bertako irakasle eta zuzendari 27 urte darama Ane Miren Aizpuruk (Gabiria, 1961). Irakasleen bilkuretatik hasi, festarekin segi, koordinakundea sortu… ibilbide osoa ezagutu du.
Zer garapen ikusi duzu?
Hasieran irakasleek indar gehiago zuten, eta tartean gurasoak indarra hartzen joan dira. Momentu honetan hortxe gabiltza; denak elkarrekin, baina batzuetan gurasoek bide bat nabarmenago, irakasleek beste bat, eta tarteka elkartuta. Zerbaiten beharra dagoenean, denok elkartzen gara. Festak berak ere izan du garapen hori. Irakasleen eta ikasleen parte-hartzea izaten zen hasieran, eta gurasoak laguntzaile. Azken urteetan gurasoak dira antolatzaile, eta beste ekintza mordo bat osatzen dute. Kopuruak ere eragin handia izan du horretan.
Balorazio orokor bat egitekotan, nolakoa izango litzateke?
Eskola Txikiak indartzeko, baloratzeko eta hobetzeko bide egokia izan dela uste dut.
Zein behar lehenetsiko zenuke etorkizunari begira?
Eskola handiei iristen zaizkien murrizketak eskola txikietan batzuetan nabarmenago izaten dira. Gure egoera asko aldatu da 25 urteotan. Hemen hasieran bi irakasle geunden, 20-25 ikasle; gaur egun askoz gehiago ditugu, baliabide aldetik ere ondo hornituta gaude. Behar materialak baino gehiago, baloreen aldaketa da. Urteotan aldaketa batzuk izan dira, eta guraso aldetik partaidetza asko aldatu da.
Eskola, gurasoak eta udala. Ardatz horiek doituta dabiltza?
Herrietan eskola beharrezkoa da, eta herri txikietan oraindik gehiago. Herritarra izanik eta herrian egonda, saiatu naiz eskola herriarekin lotzen. Nik, behintzat, hasieratik herriarekin lotura sentitu dut —gure leloa Eskola sendoa, herriaren bizigarri da—. Jendeak ere ikusten du hori beharrezkoa dela, umeak herritar sentitzeko ere bai, herriaren ezagutzatik hastea. Herriari eguneroko bizitasuna emateaz gain, bakoitzaren balioak ere aberasten dira.
Eskola txikien zein onura nabarmenduko zenuke?
Ikasle bakoitzaren jarraipena nahiko estua da, eta ibilbide orokorra jarraitzeko errazagoa. Elkarren artean laguntzen dute, txiki eta handi. Bakoitzaren balioa ematea, batzuk gauza baterako, besteak besterako. Gurasoekin harremanak errazagoak dira, gertutasun gehiago egoten da.
Eta desabantailak?
Batzuetan, kopuruena, oso txikia baldin bada. Adin desberdinetako umeak beraien artean izatea aberatsa da, baina beren modukoak ere behar dituzte. Beharbada, hori izan liteke. Izan ditugu hemen urte batzuk banaka egon direnak; orduan, kanpotik pixka bat indartzen saiatu behar duzu, beste ekintza batzuetan parte hartuz, beste modu batera, beraien jirakoak eduki ditzaten.
Funtzionamendu arloan?
Baliabide aldetik eta eginbehar aldetik eskola handi batek adina ditugu, berdinak. Aldatzen direna kopuruak dira, guk txikixeagoak jarri behar ditugula. Baina, bestela, lan berdinak, eta esku gutxiagotan. Desabantaila hori ere izan liteke. Eskola txikietan denok denetik egin behar dugu.