Gorka Azkarate
Udaberria iristearekin batera… ba hori, eguraldi ona, eguzki ordu gehiago… eta urteko kirol erronka potoloak. Nerea, badakit zu bertsoen munduan buru-belarri murgildurik zabiltzala, behar den bezala, horretan ez zarelako makala, txabala; baina konturatuko zinen, konturako zinenez, errepideak sasi-txirrindulariz mukuru daudela garaiotan, eta mendi kaskoak sasi-ibiltari-korrikalariz lepo, «hezur-hauskaria» bezalako froga entzutetsuak prestatzen lehenak eta Zegama-Aizkorri edo Ehunmiliak bezalakoak prestatzen bigarrenak.
Azken boladan agian lasaixeago nabilen arren (urteak ez dira alperrik pasatzen), nik ere badakit zerbait horiei guztiei buruz, eta ez iezadazu galdetu, mesedez, zerk bultzatzen gaituen horrelako erronkei aurre egitera. Neuk ere ez dakit, egia esan. Zaila da zehazten. Naturak sortzen digun erakarpen indarra izan daiteke, edo gorputza mugara eramateak sortzen digun urduritasun-zirrara puntu hori… Ostegunetako pintxo-pote berritzaileak sorrarazten duen moduko zerbait, ulertuko duzun hizkuntza batean esanda. Moda kontua dela ere entzun diot bati baino gehiagori, eta moda bat den neurrian, kirol erronka handi hauekiko sukar honek ere iraungitze data bat behar duela. Baina horretaz ez nago hain ziur…
Nerea Elustondo
Badakizu ez naizela halako froga handien ez zale, ez aditu. Badakizu, bere horretan, ez diedala zentzu eta epikotasun handirik ikusten halako frogei. Badakizu, halaber, bakoitzak bere gorputzarekin nahi/ahal duena egiteko daukan eskubidearen defendatzaile sutsua naizela. Badakizu sekula ez nukeela planteatuko halakoren batean parte hartzea ere, badakizulako hirugarren kilometroa baino lehen anbulantziaren batean eraman beharko ninduketela.
Aspaldian ez naiz osteguneko pintxo poteoan ibili. Zure usteen kontra, ez naiz askotan ibili izan. Horregatik beharbada, nik ulertzeko moduko hizkuntzan esanda ere, kosta egiten zait horrelako erronkei aurre egitera zerk bultzarazten zaituzten ulertzea. Apenas legokeen ondo ikusita, jakineko ostegun batean laurogei pintxo pote hartu ahal izateko bost hilabetean zehar obsesiboki horretan aritzea. Erakustalditik baino gehiago izango luke astakeriatik …
Moda aipatu duzu. Eta sukarra. Bietatik pixka bat izango dute seguruena aipatzen dituzun froga handiek eta haien inguruan sortzen den mugimenduak. Norberak hartu behar neurria! Bizi garen munduan bizi gara, Gorka; batean ez bada bestean, gutxi gehiago, denok sentitzen dugu zerbait demostratzeko beharra. Esaera zaharrari hitza aldatuz, bakoitza bere erronkak bizi gaitu.