Jon Mendizabal Txipo Donostian jaio zen 1987an, baina 2002an Legazpin sei hilabete pasa eta Segurara joan zen bizitzera. Deustun (Bilbon) eta Gasteizen ere bizi izan da ikasten aritu den bitartean, eta orain ere ikastera joan da, etxekoak eta lagunak Seguran utzi eta Portora (Portugal). Biologia ikasketak amaitu zituen lehenik, eta iazko irailean, Gasteizen hasi zuen Ingurugiro Zientziak karrera amaitzera joan zen Portora, Erasmus gisa.
Zer egiten duzu Porton?
Bolonia dela eta, azterketa partzial asko eta lan ugari egin behar izaten ditugu, baina ateratzen dugu Portugal ezagutzeko tartetxoren bat. Asteburuetan inguruko herrietara joaten gara eta urtarrileko azterketak amaitu bezain pronto auto bat alokatu, eta eta astebete Lisboara jaitsi ginen kostaldetik, eta Porto barrualdea ere hobeto ezagutzeko aprobetxatu genuen. Aste Santuan, berriz, Algarvera joan nintzen motxila eta kanpin denda hartuta hondartzaz-hondartza bost egun. Erasmusak duen famarako ez dut asko bidaiatu, baina, hona ikastera etorri nintzen…. ezta?
Non bizi zara?
Ikasle-pisu batean bizi naiz. Eraikin berean bi ikasle-pisu daude eta bakoitzean hiru lagun bizi gara, baina esan liteke seirok elkarrekin bizi garela.
Nolakoa izan zen lehen inpresioa? Eta orain?
Hasieran arriskutsu itxura hartzen zaio honi. Krisiak gogor jo du hemen ere; eskale asko ikusten da kalean eta delinkuentzi asko dagoela dirudi. Baina denborarekin ikuspegi hori erabat aldatzen da. Oso hiri polita da, zaharra eta zaindugabea egoteak bere xarma ematen dio.
Jendea, berriz, beti laguntzeko prest dago: harrigarria da. Behin, emakume bat berea ez zen autobus geltokian gelditu zen niri bidea erakusteko.
Zer gustatu zaizu gehien?
Bertako jendea eta hiria bera ere asko gustatu zaizkit. Jana ere oso ona da; zopa, bakailoa eta arroz zuria jaten dira batez ere. Hemengo ardoa ere oso famatua da, eta niri asko gustatu zait, baina kontuz, segituan jotzen baitu!
Fadoak ere gustoko ditut, asko sentitzen dituzte eta taberna askotan astero edo hamabostean behin fado-eguna egoten da: hemengo bertso-saioen antzekoak izaten dira.
Gazte gisa, egunero festa egiteko aukera ere ez da txarra: hiri unibertsitarioa da hau.
Eta gutxien?
Burokrazia eta kaleko garbitasun eza.
Horrez gain, euskaraz hitz egin ezin izana ere oso nekagarria egiten zait. Familia, lagunak eta Segurako herrigiro eta poteo ohituraren falta sumatzendut: hemen tabernetan mugitu gabe egoteko ohitura dago, eta niri hori ez zait gustatzen.