Antxiñe Mendizabal Aranburu
Idazlea
Inork ez dezala bestelakorik pentsatu; prostituzioari buruz idaztea bururatu zait gaurkoan. Gure lantokiaren inguruan, basora bidean, dagoen putetxeari horrela esaten diogulako aukeratu dut izenburua. Izan ere, egunero egiten dut nik topo hango emakumeekin. Beraiek, nik bezala, bazkalordua aprobetxatu ohi dute lantokitik irten eta, paseo bat emanez, gorputza astindu eta haize freskoa hartzeko.
Lanordu ezberdinak ditugu, halere. Nik, eguerdirako, lanaldiaren erdia egina daukat; haiek berriz, esnatu berriak dirudite. Nagienak pijama erantzi gabe egon ohi dira etxeko sarreran, ilea nahastuta eta makillatu gabe; bizkorrenak, txandala jarrita, ibiltzera abiatzen dira. Guztiek daramate sakelako telefonoa alboan. Gehienei ez diet zer esaten duten ulertzen, baina moduagatik esango nuke batzuek senideekin hitz egiteko aprobetxatzen dutela tarte hori; beste batzuek, berriz, bezeroren bati kasu emateko. Behin baino gehiagotan taxiren bat aurkitu izan dut etxeko sarreran, neskaren bat dakarrela edota haietakoren baten zain. Argitu didate goizetan ere bulegoetako zerbitzuei erantzunez lan handia egiten dutela.
Ez da denbora asko, prostituzioaren legeztatzea hizpide zuen solasaldi bat ikusi nuen telebistan. Ez nuen aldeko edo kontrako argumentu berririk entzun, eta ez dut gaiaz iritzi argirik. Putetxeetako ohiko bezeroa zela aitortu zuen gizonezko baten adierazpenak, ordea, asaldatu egin ninduen: prostituziorik ez balego, bortxaketa gehiago egongo lirateke. Jarraian, eta prostitutei zien maitasunaren erakusle, batekin baino gehiagorekin maitemindu izan dela kontatu zuen.
Hitz horien harira, aitortuko dut, nire eguerditako osteratxoetan, gizonezkoren batekin topo egiten dudanean, batzuetan, beldurra pizten zaidala. Gehienak, nire antzera, buruari atseden pixka bat ematera irten diren langileak dira. Eta, deskuidoan, baten batek, modu adeitsuan, hitz erdi esaten badit, aldartearen arabera, pentsatuko dut: «Ez daukat inorekin hitz egiteko gogorik!» edo «Mutil jatorra ematen du!» edota «Badira egun batzuk begiz jota naukala!». Baina gertatu izan zait, halaber, larritu eta pausoa azkartzea.
Autoren bat, behin edo behin, gelditu eta gizonezko batek igotzeko proposamena ere egin izan dit. Horrelakoetan, beste emakumeren batek, zerbitzuagatik, zenbat kobratuko duen pentsatu beste lanik ez luke izango; nik, berriz, esan izan dut nire golkorako: «Ezta ordainduta ere!». Behin gertatu zitzaidan gizonezko bat antzarak ferratzera bidali eta iraintzea. Auzoko baserritar bat zen, euria ari zuen; laguntzeko asmoz etorri zitzaidan.
Ziur nago horrelako egoerek emakumezko gehienoi itsatsita daukagun antzinako beldur bat pizten digutela: gizonezkoari beldurra. Camille Paglia, feminista amerikar eztabaidazaleak dio, bortxaketa ezinbesteko arriskua dela emakumezkoontzat. Eta nik uste dut arriskuak, neurri handi batean, jarraitu egingo duela, gizonak nahiz emakumeok parametro kultural berberetara makurtuta jarraitzen dugun bitartean; hau da, gizona, behar edo nahi duelako, diru truke sexua lortzen duenean, beheratzen eta makurrarazten jarraitzen dugunean, edota emakumea, behar edo nahi duelako, diru truke sexua ematen duenean, biktimizatzen edo zigortzen jarraitzen dugunean.
Ez dut nik esango prostituzioaren legeztapena erabaki politiko zuzena ez denik, baina horrek ez ditu gure pentsamenduak aldaraziko, ezta gure beldurrak uxatuko ere. Horretarako, sexu-askatasunean bizitzen ikasi beharko genuke, dela bikotearen barruan dela kanpoan. Izan ere, Estatuak beti gaitzetsi, zigortu eta beheratu ditu harreman sexualak ezkontza edo bikote bizitzatik kanpo, eta baita maitasunera baldintzatu ere, ezkontza edo bikote bizitzan.
Horregatik uste dut prostituzioa, emakumeek onartuta eta behar bezala ordainduta, ez dela bortxaketa. Aitzitik, indarkeria hutsa iruditzen zait Estatuak gizon nahiz emakumeoi ezartzen digun sexuaren gaineko kontrola. Betidanik gizonak izan dira emakumearen duintasunaren mugak ezarri izan dituztenak. Jakin dezatela behingoz emakumeok ez daukagula halako zaintza-beharrik; guk badakigu geure kabuz esaten zer zaigun duina, eta zer ez.
Niri, esate baterako, ez zait batere duina iruditzen prostitutei «emagaldu», «andre gaizto», «atso bero», «motxinbero» edo «zulo handi» esatea. Gauzei beren benetako izenez deitzen hasi beharko genuke. Onartuko didazue, halere, «La casa del amor» bere horretan uztea; besterik gabe, zuen arreta bereganatzeko egin dut.