Aizu Unai, ez dakidala zeri buruz idatzi! Zein gai nahi duzu? Krisia? Euskal Herriaren egoera? Atez atekoa? AHTa? Urolaren zuzendaritza aldaketa? Berdin zait, berdin zaizu, moldatu beharko duzu (edo ez), oraingoan niri tokatzen baitzait puntua jartzea. Baina ez dizut behintzat, ez krisiaz, ez gure herriaren egoeraz, ez atez atekoaz, ez AHTaz, ez Urolaren zuzendaritza aldaketaz hitz egingo.
Baina bueno, pentsatzen jarrita, igual edukiko genuke kontu horiei buruz esateko zerbait. Aportatuko genuke gurea, aizu, zaila ez da eta. Badakizu zergatik? Euskal komunikabideetan gai horiei buruz idazten diren analisi eta iritzi ia guztiek, guztiek ez esatearren, gauza bera esaten dutela iruditzen zaidalako. Horregatik. Orduan, uste dut gu ere gai izan gaitezkeela. Tira, Urolaz hitz egiterako orduan eminentzia batzuk gara, baina beste foro batzuk erabili ditzakegu horretaz aritzeko. Ez, ez, beste kontuez ari naiz, Unai.
Horiei tiraka, ez dakit zergatik esaten dudan ondokoa: «Euskal komunikabideetan gai horiei buruz (…) gauza bera esaten dutela iruditzen zaidalako». Tristea da nik hori esatea, idatzitakoak ez baititut osorik irakurtzen. Laurdena ere ez. Lehen lerroei erreparatu, testuan hitz klabe batzuk bilatu, eta badakit zein den igorleak helarazi nahi duen mezua edo kexua. Esan nahi dizudana da ausardia falta zaigula gauzak normal kontatzeko. Hitz klaberik gabe. Ea ikasten dugun beldur eta lotsa horiek kentzen. Edo igual kontua da ez daukagula zer kontaturik, nik gaur bezala.
Unai Kerejeta
Kristo Igor, hauxe enbajada! Orain hasi naiz ulertzen Martxoan Bertsoan nire poltsatik objektua atera eta etxean sobran dudan lehen gauzari bertsoa bota behar dionak zer sentitzen duen. Zergatik begiratzen nauen horren gaizki. New Yorken urtebete eman duen kazetariari, langabezian dagoen soldatzaileak eman behar euskal komunikabideen diagnosia. Baina, hortxe dago agian erantzuna. Sarri, kazetariek edo eruditoek intelektualentzako edo jakintsuentzako testuz betetzen dutela egunkaria. Agian, jende normalaren egunerokotasunari buruz ariko bazinate… Bi gauza aipatu nahi ditut lerro hauen bidez, eta biak kritikak dira.
Lehena Zumarragako Kortaberri jatetxearen ondoan dagoen aparkalekuari buruzkoa da, badaramatza eta bizpahiru urte erabat abandonatuta. Sartu orduko zulo handi batetik pasa behar da, eta 4×4 bat baduzu tira, baina bestela… Horrenbeste ari da handitzen non laster baten bat sartu eta gruak atera beharko duela ibilgailua. Zuloa pasata, eskuinera, zabor ontzi bat dago, beti beteta egongo dena; izan ere, inguruan zabor pilo bat edukitzen du lurrean botata. Aurrerago joanda, obratako burdinazko hesi pilo bat dago bi aparkaleku okupatzen dituztenak. Ezin ahal zituzten beste inon gorde hor utzi beharrean? Bueltan etorrita, berriz, aparkalekutik irteteko ere komeriak daude, ubide handi bat dela eta dena txiki-txiki eginda baitago.
Bigarrena, berriz, azkenaldian Urretxu-Zumarragan egon diren lapurreta kopuru igoera ikusgarria da. Garajeetan sartzen dira, autoko kristalak puskatu eta irratiak lapurtzen dituzte (niri orain dela hilabete bezala). Lapur hauek lasai lasai dabiltza, gainera.