Jose Ramon Soroiz (Legorreta, 1951) euskaldun askoren aktore kuttuna da. Euskal Herriko Tom Hanks. Izan ere, euskarazko antzezlan eta telesail garrantzitsuenetan parte hartu du. Guztien buru, Ama begira zazu eta Bi eta bat. ETB telesail honen bigarren zatia emititzen eta grabatzen ari da eta, noski, Joxelontxo bertan da.
Nola gogoratzen duzu duela 20 urteko Bi eta bat?
Oso gustu goxoarekin gelditu ginen. Euskarazko fikziozko lehen telesaila izan zen. Lehen sei kapituluak makillajerik gabe grabatu genituela gogoratzen dut. Primarioa izan zen. Proba egin nahi zuten eta funtzionatzen zuela ikusi zutenean, beste era batean hasi ginen lanean.
Nolatan erabaki da bigarren zatia grabatzea?
Duela urte pare bat Elena-eta [Elena Irureta] berriro Bi eta bat egitea ez zela asko kostatuko esaten hasi ziren: lehengo materiala dago erreferentzia bezala, publizitate handirik ez da behar… Azkenean, Eneko Olasagastik eta Karlos Zabalak egitasmoa ETBn aurkeztu zuten eta baiezkoa jaso zuten.
Zuen ideia izan zen, beraz, Bi eta bat berreskuratzea.
Elenaren iloba batek bigarren zatia grabatzea ondo legokeela esan zion, eta elkartzen ginenean Joxelontxo 20 urte ondoren nolakoa izango ote zen galdetzen genion geure buruari.
20 urte ez dira alferrik pasatzen…
Orduko aurpegia edo egungoa ikusi… Dena den, bi emakumeak sorgin hutsak dira gaur egun ere. Etxean sartu ditut eta orain ezin atera…
Lehen kapituluak emititu dituzte jada. Ikusleen harrerarekin gustura al zaude?
Bai. Dezenteko audientzia lortu dugu, eta baita garai bateko izpiritua mantentzea ere. Ilusio handiz lan egiten ari gara, pozik gaude, barre egiten dugu… Hori guztia seinale ona da.
Zer dio jendeak?
Jendeak erritmoa duela, eta erraz ikusten dela esan dit. Ez dut lehengoa nahiago zutela entzun.
Telesail honi maitasun berezia al diozu?
Joxelontxo izena patentatu izan banu, dagoeneko aberastuta nengoke. Jendeari izen horrek eta pertsonaia inozente hutsa izateak grazia handia egiten dio. Jaun ta jabe egin nuenean «Joxelontxo lehendakaria» izan nintzen, ondoren «Joxelontxo ertzaina»… Joxelontxo izeneko txaranga bat dago, Joxelontxo izeneko pailazoa… Dagoeneko izena ahaztuta nuen, baina umeak Joxelontxo deitzen hasi zaizkit berriro, eta bueltan da!
Jose Ramon Soroizek eta Joxelontxok ba al dute antzik?
Noski. Gidoiak ez dira nireak, baina pertsonaia nik egiten dut. Inozoa izango banintz, bere modukoa izango nintzateke.
Nondik atera zenuten izen hori?
Hasieran Joxe Felipe izan behar zen, baina nire anaiak Joxelontxo du izena eta Eneko Olasagastiri grazia egiten zion. Pertsonaiari anaiaren izena jartzea proposatu zidan eta anaiari baimena eskatu nion. Askotan esan dit oraindik ez duela ezer kobratu, baina hala jarraituko du.
Beste zertan zabiltza?
Bizkaitar batzuekin Alabatxo testurik gabeko antzezlana egin dut, eta Xixongo haurrentzako antzerki lehiaketa irabazi dugu. Oso pozik gaude, Bartzelonara joan behar dugu, eta hango zirkuituan sartzea oso zaila da.
Aktore kuttunik ba al duzu?
Ez naiz mitozalea. Hau lanbide bat da, beste edozein bezala: antzerkia egiten hasi nintzen, ondoren antzerki eskolak eman nituen, gero aktore profesional moduan hasi nintzen… 30 bat urte dira dagoeneko honetatik bizi naizela eta lanean, dudan onena ematen dut. Antzerkira eta zinera joaten naiz, baina ez dut egun osoa besteen lanak ikusten ematen.
Zu, ordea, euskaldun askoren aktore kuttuna zara.
Osatutako ibilbidearekin gustura nago, baina bide latza izan da. Hasierako urteetan denetik egin nuen. Furgoneta zahar bat nuen, eta harekin mudantzak egiten nituen. Ondoren zortea izan dut eta lanak bata bestearen atzetik kateatu ditut.
Noiz hasi zen kate hori?
Euskal Telebista sortu zenean. Bai horixe!, Bi eta bat, Goenkale, Jaun ta jabe eta Ertzainak bata bestearen atzetik egin nituen. Antzerkian, berriz, Ama begira zazu eta El florido pensil lanek sekulako arrakasta izan zuten. Martin telesaila bukatu zenetik gauzak zail jarri dira, eta antzerkian garai batean baino askoz ere emanaldi gutxiago ditugu. Gazte askok aktore izan nahi du, baina lanbide oso zaila da. Asko gaude. Gainera, pertsonaia on batek ezagun egiten laguntzen du, baina lan txar bat egin edo denbora batean desagertuz gero, akabo. Lan gogorra da. Burua bere tokian izan behar da antsietateari amore ez emateko. Guk zortea izan genuen, Euskal Telebista jaio zenean aktore euskaldunak gutxi baikinen.
Zinean gutxi lan egin duzu.
Maite pelikulak arrakasta handia izan zuen, baina egia da gutxitan deitzen didatela. Ez dakit zergatik. Pena ematen dit, baina ez dut neure burua estutzen. Ez naiz kexu, pribilegiatua sentitzen bainaiz.
Euskal Herritik kanpo ere gutxi lan egin duzu.
Hori nik aukeratu dut. Askotan eskaini didate hautaketa frogetara joatea, baina ez dut nahi. Policías telesailean lan egin nuen eta gaizki pasatu nuen. Izan ere, han ez nintzen inor. Hemen berbera gertatuko zaie kanpotik datozenei. Gainera, neure burua gaztelaniaz entzutea ez zait gustatzen. Euskaldun azentua dudala iruditzen zait. Neure konplexua da, inork ez baitit sekula halakorik esan. Gainera, hautaketetan urduri jartzen naiz, elkarrizketetan ere bai.
Donostian bizi zara baina Legorretara sarritan joaten al zara?
Nahi baino gutxiago. Anaia han daukat, eta Dar-Dar taldeko Zinkunegi anaiekin harreman estua dut. Primerako pertsonak dira eta sekulako lana egiten dute.
Xabier Agirre aktore eta ekoizlea ere bertakoa da. Zer du Legorretak?
Patxi Ezkiaga idazlearen gurasoek antzerki taldea sortu zuten eta horrek zaletasuna piztu zuen. Herritar askok parte hartzen zuten, sagardotegiko Juan Inaziok-eta. Ni mutikoa nintzen, eta haien antzezlanak ikustera joaten nintzen. Hain herri zokoa izateko, artista asko daude Legorretan: Ezkiaga idazlea, Lasa eskultorea…