Aizan, Joxepa, nahastu samar nabilen eta hau ere baten bati esan behar nionan: gauzak «EZ egiten» edo «EZ antolatzen» noiz hasi behar dinagu?
Hara, konturatuta nagon nola herri mailan hala pertsona mailan nahi dudan toki guztietara iritsi ezinik nabilela. Berdin-berdin dun, gainera, astegun buruzuria izan ala asteburua izan: egun bakoitzean bizpahiru konpromiso pilatzen zaizkidan aspaldiko bolada luzean. Eta, tarteka, egia aitortzea nahi badun, itolarria, kokotsetik gora beheko ezpain ertzeraino iristen zaidala nabaritzen dinat. Hau zer dun: ona ala txarra?
Argiago ikusteko, eta beste ezergatik ez, joan zen astekoa kontatuko dinat: astelehenean, gure ama ortopedia zentro batera eraman behar nuelako, arratsaldea etxetik kanpo pasatu ninan; asteartean, Txillardegiren irakurraldi ozena geninan Gerrikon; asteazkenean, ikastolaren 50. urteurreneko bilera; ostegunean, eskola-kiroleko bilera; ostiralean, arratsaldea Usurbilerako gordea zeukanat eta, azkenean… eskerrak, iritsi gaitun asteburura!
Zakurren biolina!, Joxepa, asteburuetan okerrago gabiltzan azkenaldian: ez daukagula asteburu bat libre eta neka-neka eginda, porru eginda hasten dugula astea.
Hortaz, gauzak «EZ egiten» hasi behar ote dinagu, bada?
Joxepa Madariaga
Egia, egia eta egia, Iñaxio!, itota gabiltzak, baina «EZ egiteaz» eta «EZ antolatzeaz», kieto! Ken ideia horiek burutik. Geratzea ez zaidak ondo iruditzen. Ezta pentsatu ere! Ekintzek, mugimenduak, lanek, festek… ematen ziotek bizia herriari. Horiek dituk bizi garen seinale. Beraz, horietatik zenbat eta gehiago, orduan eta hobe.
Hainbeste lan zegok egiteko, hainbeste ekintza antolatzeko, hainbeste alor lantzeko… Denak garrantzitsuak, denak beharrezkoak: euskara, kirola, konkista, zinea, hitzaldiak, txangoak, lehiaketak, jaialdiak, ikastaroak, sukaldaritza, festak, hezkuntza, lan-mundua, administrazioa…
Ekintza kopuruak ez dik neurririk, baldin eta interesa baldin badago, baldin eta Euskal Herria eraikitzen ari bagara. Eta horretan ari gaituk, herria eraikitzen.
Pertsonok bai, guk badiagu neurri bat, badiagu maila bat eta neurriz kanpo gainezka egiteko moduan ari ote gara lanean batzuk? Pertsonok behar dugun neurria, non dago?
Gainezka egiterako, erretzerako, geure buruari muga jarri beharrean gaudek. Estrategia, antolaketa, organizazioa eta lan-banaketa, horiexek lanerako gakoak. Gakoak zein diren jakin arren, ordea, ez diagu nahikoa jende erakartzen, auzolanera, ez heldu eta ez gazte.
Transmisioan huts egiten diagu. Zer gizarte utzi behar diegu geure haurrei? Eta… zer haur utzi behar diogu gizarteari? Horra hor koxka!