Andoni Salamero Alberdi
Irakaslea
Ingurura begiratu, eta jendearen joan-etorri bizietan erreparatuz, presak eta estresak ezereztutako aurpegiak besterik ez ditut ikusten, gurpil zoroan sartutako gizon-emakumeak. Bake gehiegi ez dut aurkitzen haien begietan, noraez eta lasai egon nahi gutxi, beti beharrez, hau, bestea, bestearen hurrengoa, hurrengoaren bestea egin behar minez, eta behar hori ez badago, beti, bestelako beharrik sortzeko premia biziz. Presa santu honen ondorioetariko bat horixe izan da: pertsona guztiok gorderik dugun gizatasunaren iturri ezinbesteko hori agortu eta hustu nahi izatea, agortu eta hustu jokabide hotz eta zapaltzailea norbereganatzeko, aurrean dagoen pertsona mespretxatzeko, zuzenean ez bada, zeharka, tatxa, kaltea agerian jarriz, makur dena onestuz eta onartuz.
Ez dut uste zapaltzaile izateko jaioak izan garenik, eta ez gara supergizon eta superemakumeak, edonora edozein modutan hel gaitezkeen heroiak, ezta gizaki hutsak ere; bizidunak gara, baina horixe da gakoa, bizidunak garelako bizia ematen jakin behar dugun gizakiak izan behar dugu, ez bizidun izan eta jardunean hilik gabiltzan gizaseme eta gizalabak. Horren froga litzateke gure haurtzarora jotzea, gure haur begietan begirada finkatzea, erakusten genuen gardentasun hartaz oroitzea. Esango nuke gure haur izate haren baitan bazirela honako bertute edo dohain berezi hauek: samurtasuna, xalotasuna edo inozentzia, mantsotasuna, jakinmina eta, gauza guztien gainetik, poza. Garai hauetan, ezer gogor edo latzik gertatu ez bazitzaion inori, horrelako bertutetatik edanda, lasai asko esan genezakeen zoriontsu ginela.
Hazi ahala, gure gizarteak erakutsi eta erakusten duenaren arabera, aipaturiko bertute horiek geure ondotik urrundu genituen; jada, ez ginen haurak, umemoko batzuk, kozkortuak ginen, gizarte teknifikatu eta modernoaren aurrean, ezinbestekoak zitzaizkigun eta mesede egiten ziguten dohainak –poza, samurtasuna– ukatzen erakutsi ziguten, arrazoia: helduaroan sartu ginelako, heldu izanik halako dohaiei men egitea txorakeria zelako, edo nortasun faltagatik besteen aurrean lotsagarri gera gintezkeelako. Baina, begira, heldu izan, zurrunbilo zoroaren zuloan sartu eta zertan bihurtu garen, izan behar ez garen horretan, gizantzuak. Esan beharra daukat, aukera egin dugun horretan, emaitza ez dela atsegina izan. Inguruari begiratu besterik ez dago, presaren presaz gure barruak erasotu, txikiagotu, galdu nahi izan dituzten mota eta itxura desberdinetako beldurrak sortu ditugula, batzuk lehenagotik bagenituen ere, aurrerantzean gure bidelagun leial bihurtu ditugunak.
Beldurrez bizi den gizarte honek bakea aurkitu nahi du, eta urrun jotzen du batera, bestera, beharbada, urrunean gertuko ez duena topatuko duelakoan, baina ez da hala, norbera bere baitan baketsu ez badago, nekez baketuko ditu bere burua eta ondokoak. Baretasuna, lasaitasuna, norbera barrura bildu nahia, horixe da gizarte honen premiarik handiena. Bestela, erreparatu liburu-dendetan, zenbat autolaguntza-liburu daude? Lur estali. Zenbat psikologok, psikiatrak bere kontsulta itxi du? Gutxik esango nuke. Halaxe gabiltza.
Dena den, eromen hau izanik ere, asko miresten dudan jendea dago, besteen arazoetan sakonduz beraien denbora gogoz eskaintzen dakien pertsona-taldea. Haien predika ez da deshumanizazio horretan gizakia murgiltzea, baizik eta haien atsegin osoz eta gozoz baliatuz barruko beharrik duena laguntzea. Hemen leudeke yogiak, Reiki irakasleak, barre-terapeutak, biodantzariak… ez dira nahigabe sortu, ez. Ardura eta kezka izanik, gizarteak bizi dituen arazoez ohartuz lanean hasi dira. Lehenengo haien formakuntzaz arduratuz, bigarrenik, dakiten hura guri tentuz eta mimoz irakatsiz, ahaztu dugun partekatzea, gizakion arteko komunikazioa suspertuz eta piztuz, bizian izan daitezkeen gauzarik naturalenak, ederrenak eta sanoenak –irribarrea, barrea, negar egitea, besarkatzea, ferekatzea, dantzatzea, mintzatzea…– lasai eginez, inongo kontrolik eta denborarik gabe, tarteka, zergatik ez, ordulariaz ahaztuz, zuri zeure denbora emanez, zeu izanez, baina ez presaren gurpil zoroan murgilduta, orduan ez zara zeu, baizik eta, barre, sentitu, maitatu egin behar duzun hori izanez, zure heldu oskolean gordetzen duzun haurra besarkatuz, eta harekin, egunero, bat eginez, bat izanez. Froga ezazu, izan zaitez zeu, eta erakutsi guztioi zure bihotz barruko edertasuna, prest gaude zugandik edateko, zure irribarrearen ostadarraz argitzeko, zure pozaren dantzaz blaitzeko. Jaso, aldez aurretik, bihotzetik bihotzerako besarkadarik beroena.