Josu Galilea soroslea da Urretxuko igerilekuan. Irailera bitartean, igerilarien mugimenduak ikuskatzea izango da bere lana. Galileak (Legazpi, 1985) bost urte daramatza sorosle lanetan. Goi mailako kirol teknikari izateko ikasi zuen Donostiako Zurriola ikastolan, eta gero, Heziketa Fisikoko irakasle ikasketak egin zituen unibertsitatean. Legazpiko Bikuña kiroldegian hasi zen sorosle lanean, urte osoan zehar. Udako denboraldian Urretxuko igerilekuan aritzen da; aurtengoa bigarren denboraldia izango da.
Zergatik aukeratu duzu sorosle izatea?
Kirolarekin lotutako ikasketak egin ditut, eta horien barruan, sorospena ere ikasi nuen. Unibertsitatean hasi aurretik Legazpin aritu nintzen hiru urtez lanean. Behin unibertsitatean hasita, Zerki kirol zerbitzuetan eskola kirola ematen hasi nintzen, eta hortik sortu zitzaidan, iazko udan, Urretxun sorosle gisa aritzeko aukera.
Zer moduzkoa da sorosle lana?
Nire iritziz, bi sorosle mota ezberdindu behar dira: hondartzetakoa eta igerilekuetakoa. Hondartzako sorosle izateko prestakuntza gehiago behar da. Igerilekua hondartza baino seguruagoa da.
Zergatik da horren garrantzitsua sorosleen lana?
Jendea, askotan, ez da gure lanaren garrantziaz ohartzen. Sorosle figuraren inguruan dauden topikoek ere ez dute horretan gehiegi laguntzen. Askok, denbora eguzkia hartzen eta ezer egin gabe pasatzen dugula uste dute, eta ez da horrela. Gu ez gara medikuak, baina une jakin batean bizitza bat salbatu genezake.
Sorosle izateko zer prestakuntza behar da?
Uretako salbamendua menperatzeaz gain, lehen sorospenen gutxieneko ezagutza izatea behar beharrezkoa da gure lanean.
Zure egunerokoan zein betebehar dituzu?
Gure lana jendearen mugimenduak zaintzea baino gehiago da;igerilekuko arauak betearazi behar dizkiegu. Goizero,uraren PHa eta kloroa neurtzen dugu, bainurako egokia den edo ez jakiteko. Igerilekua ixten denean ingurua garbi uztea ere bai.
Bizitako une larriren bat gogoratzen al duzu?
Iaz, igerileku txikian haur bat atera behar izan nuen uretatik. Buruz behera zegoen, eta ez zen mugitzen. Zorionez ez zen ezer txarrik gertatu, baina une batez gaizki pasatu nuen. Dena dela, normalena horrelakorik ez gertatzea da. Zauriak, kolpeak edo ziztadak artatzen ditugu, batez ere.
Zer da, sorosle lanetik gutxien gustatzen zaizuna?
Garbiketarena da gutxien gustatzen zaidana. Ikusgarria da igerileku inguruko zelaiak nola uzten dituen jendeak. Zaborrez beteta gelditzen dira. Horretaz gainera, jendeari uretara sartzeko txanoa janztea beharrezkoa dela etengabe esaten aritzeak ere gogaitzen nau.
Eta gustukoen duzuna?
Gehien gustatzen zaidana, igerileku batean nire lana behar beharrezkoa dela jakitea da. Inork nire beharra izanez gero, hor egongo naizela jakitea.