Rufino Iraola Garmendia
Idazlea
Nola bizi elkartasun solidarioan? Ez daukat erantzunik, baizik eta galderak galderen gainean: zergatik izan behar dugu solidarioak?, zergatik bizi behar dugu anaitasunean?, zer da anaitasuna?, zer da solidario izatea? Ez dakit erantzuten. Baina badut desio bat, xede bat: galdera horiek ezabatzea edo galdera horiek egin gabe bizi ahal izatea.
Zergatik ez dut erantzunik? Nire erantzun guztiak aurrefabrikatuak direlako, maileguan jasoak, hau da, ideologiaren batek prestatuak: agian, kristautasunak; beharbada, marxismoak. Eta erantzun berriak nahi ditut, ogi labetik atera berriaren antzera; erantzun aurrefabrikatu guztiek porrot egin baitute. Zerotik hasi nahi dut.
Europako Futbol Kopa jokatzen dihardute. Polonia eta Errusiaren arteko partida (Varsovian) jokatu aurretik, sekulako iskanbilak izan ziren alde bateko eta besteko futbol-zaleen artean, elkarren arteko etsaitasun historikoa dela bide. Dirudienez, Errusiak Polonia –duela 73 urte– inbaditu zueneko oroitzapenak dabiltza jiraka futbol-zale horien buru-bihotzetan. Nola da posible horrenbeste urte igaro eta, oraindik ere, gorrotoak horrenbesteko indarra izatea?
Jesus Egigurenek berrikitan esan duen eran, doluak prozesu bat izaten du, eta denboraren joanean amaitu egiten da. Psikologikoki, horretarako programatua dago gizakia. Hortaz, zergatik azaleratzen dira hain erraz antzinako haserre zaharrak? Norbaiti zergatik interesatzen zaio zauriak ixten ez uztea eta doluak, bizitza osoan ez ezik, bigarren eta hirugarren belaunaldietan zehar ere irautea? Egiazko justiziak exijitzen duen neurriraino hitz egin behar da. Ez al zaizue iruditzen handik aurrera isilik egonda bakarrik konpon daitezkeela gauzak?
Erantzun berrien tenorea da. Hasteko eta behin, esan genezake pentsamolde dualistaren ondorioak direla: “Amen, zu hor eta ni hemen!” Pentsamolde dualistak haustura eta gatazka dakartza. ‘Gu’ eta ‘Besteak’ bereizten ari da etengabe. Kultura arrazionalista honetan, gure egoak gehiegizko protagonismoa izan du. Kontzientziaren goragoko maila berri batean integratu beharrean, bere kasa ibiltzen utzi diogu. Orain, oso zaila da ‘Gu’ eta ‘Zuek’-en arteko dikotomia saihestea. Etnozentrismoa nagusi.
Gure buruak ez dauka dena zatitu gabeko onik! Horma zatar bat eraiki du ‘Ni’ eta ‘Zu’-ren artean. Zuria ala beltza da dena. Gure jokamolde eta ekintza oro guztiz onak dira; bestearenak, zeharo txarrak eta pozoituak. Gauzak horrela, harritzekoa al da Polonia eta Errusiaren futbol-zaleen artekoa? Eta oinarri bera dute Varsoviako iskanbilek eta munduan zehar gertatzen diren beste mila gatazkek.
Ikuspegi dualistak geu ere zatitu egiten gaitu, geure barnea ere zartatu egiten du. “Homo homini lupus”, esaten zuten klasikoek. “Ego mihi lupus”, esango nuke nik. Edo, nahiago baduzue, barnean daramatzagun bi otsoren parabola kontatu dizuet. Bai, bi otso daramatzagu barnean; bata, leiala eta otzana; bestea, maltzurra eta gaiztoa. Zeinek irabaziko duela uste duzue? Guk elikatzen dugunak.
Konponbide edo irteera bakarra dago: bestea geure berdintzat jotzea; areago oraindik, denok bat garela kontsideratzea. Elkar hartuta gauza handiak egin ditzakegu; elkarren kontra, sufrimendua sortu besterik ez. Benetako jakintsuen hitzetan, gorrotoak ez du inoiz gorrotoa gaindituko; maitasunak beste ezerk ez dezake mendera gorrotoa. Kontzientzia berria, unitarioa, ego integratua… hortik etor daiteke argia.
Dualtasun guztiak dira txarrak; adibidez, “gorputza” eta “arima” bereiztea. Gu bat gara, geure baitan eta Den Gaineratiko Guztiarekin. Gizakiak hor du gorputza bere behar fisiologiko eta presentziarekin; hor du burua bere arrazoimenarekin; bihotza, bere sentimenduekin; eta identitate sakonago bat bere proiekzio transpersonalarekin. Dena bat da, eta dena elkarrekin lotua, dena integratua, dena presentea, ezer galdetzeko premiarik gabe. Lau elementuok, bakoitza bere aldetik hastean, gure hondamendia baino ez dira; batez ere burua, nahi duen tokian larreratzen uzten badiogu, zaintzen ez badugu.