
Salah Hafaifa (Aljer, Aljeria, 1966) 1999. urtean irten zen bere jaioterritik. Alacanten (Herrialde Katalanak), Tuteran (Nafarroa) eta Zumaian (Gipuzkoa) bizi izan zen eta egun harategia du Ordiziako Urdaneta kalean.
Zergatik utzi zenuen Aljeria?
Lana nuen, baina egoera politikoa oso nahasia zen, eta jaioterritik alde egitea erabaki nuen. Garai hartan Aljeriako egoera egun Sirian bizi dutenaren antzekoa zen. Gobernu eta presidente aldaketa izan zire,n eta egun, nire herrialdea lehen baino hobeto dago.
Nondik nora ibili zinen Ordiziara etorri aurretik?
Lehenengo Alacantera joan nintzen eta ondoren Tuterara. Nafarroako herri horretan soldadura ikastaroa egin nuen, eta paperak lortu nituen. 2002an Zumaiara joan nintzen eta inguruko hainbat enpresentzat lan egin nuen.
Halako batean Olaberriara bidali ninduten, Aristrainera, eta Goierrira etortzea erabaki nuen. Izan ere, goizeko bostetan Zumaiatik Olaberriara etortzea oso gogorra da. Bolada batean Idiazabalen bizi izan nintzen, ni baino zaharragoa zen lankide batekin.
Zer gertatu zen gero?
Ordiziara etorri nintzen. Ezkonduta nengoen eta 2005ean emaztea etorri zen. Hiru alabak hemen jaio dira. Euskaraz hitz egiten dute eta ni ere ikasten ari naiz, eurei etxeko lanekin lagundu ahal izateko.
Nolatan erabaki zenuen harategia irekitzea?
Jaso eta Pingon enpresentzat lan egin nuen, baina lanak behera egin zuen, eta 2009an denda irekitzea erabaki nuen. Gurea Goierri behealdeko harategi arabiar bakarra da. Zumarragan beste bat dago. Guk gure erara hildako abereen haragia bakarrik jaten dugu.
Zer moduz doa negozioa?
Behera egin du. Bezero gehienak etorkinak dira eta euren artean langabetu asko dago. Lehen 50 euro gastatzen zuenak, egun 15 euro bakarrik gastatzen du.
Ordizian gustura al zaudete?
Oso gustura. Sekula ez dugu arazorik izan. Betirako gelditu nahi dugu hemen.
Zer egiten duzue aisialdian?
Ez dugu aisialdirik! Duela urte eta erdi joan ginen azkenekoz jaioterrira. 5.000 euro inguru behar ditugu horretarako: itsasontzia ordaindu, opariak erosi… Mendia atsegin dugu eta ahal dugunean Oiangura edo Larraitzera joaten gara lagunekin, barbakoa egitera.
Zer oparitzen diezu Aljeriako senitartekoei?
Nafarroako eztia eta Idiazabal gazta asko gustatzen zaizkie. Bestalde, Erdi Aroko azokan egurrezko artisau-lanak eta arropa erosteko ohitura dugu.
Zer ekartzen duzue Aljeriatik Euskal Herrira?
Datilak, pikuak eta oliba-olioa.