Mikel Alvarez
Segura, Olaberria, Mutiloa, Tolosa, Hernani, Arrasate… Udan sartu besterik ez gara egin eta herrietako festak harri azpietatik loratzen hasi dira urtero moduan. Gogoan ditut orain ez gehiegi uda amaiezin haietan burutzen genituen birak Artola… Bai bai, like a Rolling Stone ibiltzen ginen orduan… Astean zehar herria aukeratu eta asteburu osorako abiatzen ginen bertara. Denda eta zakua bizkarrean hartuta batzuetan, eta autoa besterik ez besteetan. Ostiralean ikaragarrizko parranda egin, ordu batzuk lo pasa eta larunbatari ekiten genion… Lesaka, Etxarri, Leitza… Goizueta! Zenbat lekuetan izan garen, zenbat jende ezagutu, zenbat tontokeria esan, eta zenbat egin… Urruti ikusten ditut urte haiek orain ordea. Beasaingo festak orain hilabete amaitu ziren, eta gorputzari buelta emateko hiru bat aste behar izan ditut. Ez dut sekula ahaztuko astelehenean, hiru parranda jarraian gainean nituela, kuadrila egunerako esnatu eta pentsatu nuena: «Mikel, orain ez asko, kuadrila egunerako esnatu eta atleta baten moduan ateratzen zinen kalera jaietako egun ederrena ospatzeko asmoz. Orain ordea, hil egin nahi dut…» Hogei urte inguru nituenean egun batean naturalki parrandak uzten joango nintzela pentsatzen nuen. Orain, ordea, parrandatik gorputzak erretiratuko nauela ikusten hasia naiz. Gorputzak, eta buruak, azken aldian gogo gehiago pizten baitidate egunean zeharreko planek… (Nork esan behar zidan!) Agian, nik uste baino antz gehiago dugu Rolling Stoneekin Artola…
Jon Artola
Ba kasu horretan, ni taldea aspaldi utzi zuen Bill Wyman nintzateke, eta zu, berriz, Keith Richards, oraindik bira batzuk egiten, baina bitartean irla tropikaletako kokoteroetan erlaxatzen dena. Kar, kar, kar. Baina demontre, ikusten dut, zuk ere azken aldian politikoek duten sindrome bera duzula Mikel: gauzei bere izenez ezin izendatzeko sindromea. Baina ulertzen zaitut, krisi eta erreskate hitzek adina ikara zabaltzen baitu zahartzaro hitzak ere. Zahartzaroa, hori baita gure sintomen izena.
Orain gutxi edalontzia beti erdi hutsa ikusten genuen, eta beste bat eskatzen tabernariari, atzetik edateko. Orain, berriz, beti dugu erdi betea, eta saiatu arren ezin hustu. Non ote dago Irujo bera ere beldurtzeko modukoa genuen sakea!
Zahartzaroa gauza misteriotsua dela alajaina. Zientzialariek kromosometako telomeroen murrizketarekin erlazionatuko dute. Zelula erdibitzen den bakoitzean murrizten doan kromosoma zatia, telomero txikiegiak dituelako gehiago bikoizteko gai ez den arte, eta beraz, berritzeko gai, zelula hilez. Jaiotzetik abian jartzen den atzerakontu makabro bat hortaz. Baina, nire ustez, askoz politagoa da giza eraikuntza prozesu bat bezala ikustea. Inguruan uzten duen arrastoa besteentzat erabilgarri izan daitekeena gainera. Kaleetako eraikuntzak bezala, Mikel. Horregatik pasako dituzte agian jubilatuek orduak eta orduak obrei begira, identifikatuak sentitzen direlako. Baina ez al dio, ordea, inork gure arrastoari kasu handirik egingo!