Iker Irribarria (Arama, 1996) pilotariak joan den ostiralean Elgetan jokatu zuen kadete mailako finala. 22-13 irabazi zuen. Final garrantzitsua izaten da Elgetakoa eta irabazteak profesional mailara asko gerturatzen du pilotaria.
Zer egiten du pilotari batek halako partida garrantzitsua duen egunetan?
Goizean goiz jeiki, gosaldu, paseotxo bat eman, goiz bazkaldu, telebista pixka bat ikusi lasai-lasai, eta goiz afaldu, partida baino lehen, 18:00-18:30ak aldera. Ondo janda joatea komeni da partidara; ez da nahikoa ogitarteko bat bakarrik jatea.
Zenbatero entrenatzen duzu?
Normalean astelehenetan eta asteazkenetan entrenatzen dut Amezketan, bertan ditudan lagunekin. Oso talde polita daukagu han. Gainerakoan, partiden arabera entrenatzen dut. Hori bai, partida aurreko egunean ez dut entrenatzen, ez baita komeni nekatuta egoterik ere.
Festak ere nahi beste agian ez dituzu egingo, ezta?
Zaindu beharra dago, batez ere txapelketen aurretik. Afaldu eta 12:00etarako edo afalondorenean ohera joaten naiz. Herriko festak badira edo, tira, salbuespentxoren bat edo egin daiteke. Horrelako mailan ongi ibiliz gero merezi du pixka bat zaintzeak.
Uda partean neguan baino partida gehiago jokatzen al dituzue?
Bai, nomalean udan herrietako festak direla-eta, partida gehiago izaten dugu. Gainera, torneo pribatuak ere neguan baino askoz gehiago izaten dira udan.
Eta Elgetako finala irabazita gehitu egiten al da kopuru hori?
Bai, ospea hartzen duzu halako txapelketak irabaziz gero: prentsan azaltzen zara eta jende gehiagok ezagutzen zaitu. Uda parteko partidetara eta festetako partidetara Elgetako txapelketan ondo xamar ibiltzen den jendea eraman nahi izaten dute.
Finaleko partidara begira nola ikusten zenuen zure burua? Irabazteko aukerarik ikusten al zenuen?
Oso partida gogorra izango zela banekien. Jokin Altuna amezketarraren aurka jokatu nuen eta oso lagun handia dut. Berarekin entrenatzen dut eta oso ona dela badakit.
Pilotaz gain, saskibaloian ere oso ona izan zinen, ezta?
Bai, Euskal Selekzioan jokatu nuen, eta Espainiako Selkzioak egin zuen topaketa batean ere izan nintzen.
Baina azkenean saskibaloia uztea erabaki zenuen.
Bai, Ordizia mailan jokatu liteke lasai antzera, baina Euskal Selekzioan jokatzeak entrenamendu eta esfortzu handiagoa eskatzen du. Pilotan ere entrenatu beharra nuen, eta ikasketetarako ere denbora behar nuen. Denbora falta zitzaidan, eta larri nenbilen denera iritsi nahian. Gogorra izan zen aukeratu beharra izatea, baina gustura nago hartutako erabakiarekin.