Igor Rezola ‘Dizebi’ Goierrin aski ezaguna da, eskualdeko horma askotan margotu baititu grafitiak. Bere lanak azken urteetan bilakaera bat izan
duela dio, eta grafitiaren eta kaleko artearen mugak zehaztea zaila dela.
Igor Rezola Dizebi (Itsasondo, 1974) Goierriko artista ezagunenetakoa da, eskualdeko herri gehienetako hormetan margotu baititu muralak.
Grafitiak beti iruditu zaizkio deigarriak, baina hemen inguruan ez zegoen halakoak egiten zituen inor. «Kasualitatez», Lasarten grafitiak margotzen urteak zeramatzan jendea ezagutu zuen, eta mundu hori gertuagotik ezagutzeko aukera eskaini zioten. Materiala eskuratu zuen, eta 1998an margotzen hasi zen.
Beasaingo bi lagunekin egin zituen lehen grafitiak. Ondoren, Extralargos taldearekin hasi zen. Iruñeako, Gasteizko eta Bilboko jendeak osatzen du taldea. Bera elkartu zenerako urte dezente zeramatzaten margotzen eta ospe handi samarra zuten. «Beraiekin, ikasteaz gain, jende asko ezagutzeko aukera izan nuen. Izan ere, Estatutik kanpo ere ezagunak ziren, eta grafitiaren inguruko festetara gonbidatzen zituzten. Urte aberasgarriak izan ziren».
Grafitia beti «nahiko purista» izan dela dio, eta talde hori hainbat material nahasten hasi zen. «Guk egiten genuena ez zela grafitia esaten hasi ziren. Betiko kontua, etiketena. Bide bat ireki genuen, eta gaur egun street art (kaleko artea) barruan txantiloiak erabiltzea erabat onartuta dago. Grafitiaren eta kaleko artearen arteko mugak lausotu egin dira».
Berak egun egiten duena ez dela grafitia dio. Hasieran bere ezizena ipintzen zuen, modu ilegalean, baina «nazkatu» egin zen eta muralak egiten hasi zen. Horietan aurpegiei eta figurazio lanari garrantzia handiagoa ematen zien.
Egun, beste fase batean dago. Lanak etiketatzea ez zaio batere gustatzen. Bere ustez, batzuetan lana estilo batekin lotu daiteke, baina beste askotan ez. «Arrisku hori dago: grafititik datorren pertsona bere bizitza guztian grafitilari bezala etiketatzea. Kontuan izan behar da jendearen lanak garapena duela, nahiz eta sustraiek toki bat izan eta oraindik horietatik edaten jarraitu». Egia da, dena den, kalean lan egiten duela ia beti. «Baina horrek ez du esan nahi gaur egun egiten dudana grafitia denik».
Beasainen bizi denez, bere lan gehienak bertan eta inguruko herrietan daude. Baina 2000. urte hasieran Extralargos taldearekin Frantziara, Norvegiara eta Alemaniara joateko aukera izan zuen. Kubara eta Errusiara ere joan zen, bere kasa, eta han ere hormaren bat margotu zuen. «Gaur egun garrantzia gehiegi ematen zaio horri: kanpoan asko margotu izanak norberaren lana hobea bihurtzen duela dirudi, baina ez da hala. Askotan, lanik onenak etxe ondoan egindakoak dira. Nik, kanpora joaten naizenean, gozatu egin nahi izaten dut. Gainera, ingurua ez dugu horren ondo ezagutzen. Etxe ondoan lan egiten dut erosoen. Garrantzitsuena lana bera da, ez non egin den», azaldu du.
Bere lanengatik galdetuta, errazago zaio gustuko ez dituenak aipatzea gustukoak aukeratzea baino. Autokritika beharrezkoa dela uste du. Urteen poderioz bere lanak garapena izan du, eta garai batean egindako lanak beste begi batzuekin ikusten ditu. Zaharkituta daudela iruditzen zaio. Dena den, jendeari duela urte batzuk egindakoak egun egiten ditudanak baino gehiago gustatzen zaizkio. Garai batean egindakoari ez die muzin egiten, baina ezabatuko balituzkete, ez litzake penatuko. «Gure lanak iraungikorrak dira, baina askotan guk nahi baino gehiago irauten dute».
Lan bat aukeratzekotan, Donostian duela urtebete inguru egin zuena hautatu du: ekintza bat izan zen. Tabakaleran pareta bat margotu zuen, eta ertzainak kontu eske joan zirenean, pintura potoa burutik behera bota zuen. Grabatu egin zuen eta Interneten ikus daiteke. «Lehen garrantzia handia ematen nion teknikari eta orain, berriz, ekintzari berari. Kasu honetan, prozesu judiziala bera egitasmoaren parte da».
Ertzainek kalean pintatzeagatik salatu zuten, baina bazekien zertan ari zen. Donostiako Udalak grafitiarekin izan duen jarrera kritikatu nahi zuen. «Donostia 2016 egitasmoaren barne jendeari parte hartzea eskatzen zaio, baina dagoeneko jende asko bere kasa gauzak egiten ari da, eta oztopoak besterik ez ditu aurkitzen». Egitasmoak autokritika puntua ere bazuen: «Instituzioentzat lan egiten dudanean, euren jolasean parte hartzen dut. Helburua, bai eurak eta bai neure burua, zipriztintzea zen».
Ordutik urtebete pasatu da. eta Arte Ederrak ikasketak bukatzen ari da. Ikasteko, CAF enpresan lan utzialdia eskatu zuen, eta orain, lantegira itzuli nahi du. Izan ere, artetik bizitzea oso zaila da. «Sekula baino artista gehiago dago eta lan ezegonkorra da: ez dago sindikaturik, ezta lan hitzarmenik ere. Oso indibidualista da. Futbolean bezala, lehen mailatik behera prekarietatea sekulakoa da. Lan baldintza duinagoen alde borrokatu beharko genuke».