
Ospitaletik bueltaka nabil aspaldi honetan, semearekin lehenengo, amarekin gero eta, azkenik, ni neu ere bai. Zorionez, ez da ezer larririk izan, baina oraindik ez zait nekea joan. Izan ere, neketsua baita ospitaleko gorabehera. Horregatik, inoiz baino behar handiagoa sentitu dut oporrak hartzeko. Ez da asko falta!
Ni, hemen inguruko asko bezala, oporretara Errioxara joaten naizen horietakoa naiz. Ordu eta erdi eskasean beste mundu batean sartzen zara, eta normalean eguraldia lagun izateaz gain, ohitura diferenteak, lagun desberdinak eta leku askotakoak, eta jatekoa eta edatekoa ez dira inoiz falta izaten. Herri txiki batera joaten gara gu, eta udako oporretarako gehienok nahi izaten dugun guztia bertan dugu: igerilekua, tabernak, gaueko giroa… eta, batez ere, lasaitasuna. Justu aurten behar dudana eta nire ingurukoek behar dutena.
Hala ere, egingo dugu tartetxo bat lasaitasun horretatik aldendu eta aparteko planen bat egiteko. Horietako bat: abuztuaren lehen astean lagun batzuekin eta beren seme-alabekin aqua-park deritzan txirristadun igerileku batzuetara joango gara, «en plan dominguero», patata-tortila eta oilasko frijitua fianbreran sartuta, eta sagardo botilak (sangria ere eraman behar omen dugu) hozkailuan. Txikiek ondo pasatzen badute, imajinatu nola pasatzen dugun helduok, horrela deitzerik baldin badago txirristatik behera algaraka jaisten diren gizon puskei, gure gizon puskei. Aurtengo plana iaz bezain ondo aterako zaigulakoan…
Idoia Luzuriaga
Meloia ahaztu duzu, Tere. Baina normala da, hainbeste gauza ditugu buruan. Arrazoia duzu, horrelako plan «normalak» bikainak dira, lagunartean egiten direnean batez ere. Egunean, gutxienez, bizpahiru aldiz entzuten dut oporrak hartzeko gogo eta irrika horrena. Nik neronek ere badut gogoa, noski, eta beharra. Baina gero ekaina eta uztaila, urteko egunik luzeenak dituzten hilabeteak izanda, argiak, eguzkitsuak…batzuetan oso gutxi aprobetxatzen ditugula uste dut, beharretan blai gabiltza eta. Onenaren zain irrikaz, eta egunerokoa gozatu ezinda! Eta nekea. Neke ikaragarria sumatzen dut azkenaldian nire inguruan. Neke fisikoa eta emozionala. Horregatik, errezeta ona da zuk planteatzen duzuna. Gehiegi mugitu gabe, beste mundu batean murgiltzea, pilak kargatuta bueltatzeko. Azkenean, lasaitasuna eta norberarentzat denbora librea edukitzea luxua bilakatu dira. Horrelako erritmoan ezingo dugu pozik iraun! Agian inoiz bukatzeko itxurarik ez duen krisi honetatik balore aldaketa ere sortuko da, eta oinarrizko gauzetara bueltatuko gara. Erraza da hemen idaztea, baina gero martxan dagoen gure bizitzaren trenari abiadura aldatzea zailagoa da. Nik behintzat ez dut oraindik horretarako botoirik edo palankarik aurkitu. Eta zin dagizut, bila ari naizela. Dena den, jendeak bere aisialdian egiten duenari begiratzen badiogu, ez da gehiegi behar, zuk aipatzen duzunetik ez da gehiegi urrunduko. Plan bikaina.