
Maria Caunik 2002. urtean utzi zuen jaioterria, Portugalera lan bila joateko. Gaur egun Beasainen bizi da. Errumania iparraldekoa, Ukrainako mugakoa, da Maria Cauni. Landa eremuan, baserrian hazitakoa da, eta hamaika anaia-arrebetan bigarrena. Gazterik, 18 urterekin, ezkondu zen Ioanekin eta Errumania hegoaldera, Hungariako mugara, joan ziren bizitzera. Errumanian etorkizun garbirik ikusten ez zutenez, bizimodu hobeago baten bila, senarra Portugalera joan zen lanera. Cauni Errumanian gelditu zen, haurdun. «Oso gogorra izan zen», gogoratzen du Caunik. Semea jaio eta zazpi hilabete zituela, semea aitona-amonekin utzi eta 2002ko otsailean senarrarengana joan zen Portugalera. «Erabakia oso zaila izan zen, baina senarraren ondora joatea erabaki nuen. Familia asko hautsi da Errumanian, bikoteak banatuta, eta nik eutsi egin nahi nion», azpimarratu du.
Portugalen oso ondo egokitu ziren eta lanik ez zitzaien falta. «Algarve inguruan egon ginen, oso turistikoa da». Berehala eduki zuten bigarren haurra. Dena den, Portugal krisiak astintzen hasi zen eta Euskal Herrian bizi zen lagun batek, Euskal Herrira etortzeko gonbita egin zien. «Nik ez neukan batere gogorik beste herrialde batera joateko, beste hizkuntza bat ikasteko. Portugalen oso ondo geunden». Baina senarra lanik gabe gelditu zen, eta Beasaina etorri zen. «Ioani asko gustatu zitzaion Euskal Herria. Errumaniaren antza zuela, oso polita zela, berdea zela eta oso garbia zela esaten zidan. Euskal Herriaz hain gauza politak esaten zizkidanez, maitemindu egin nintzen», gogoratzen du.
Bi seme-alabak hartu eta Beasaina etorri ziren 2006ko urrian. «Igande bat, 10a zela uste dut», dio. Hirugarren alaba Beasainen jaioa da. Oso gustura bizi da Euskal Herrian. «Hasieran, mundu berri bat iruditzen zitzaidan, desberdina, eta gogorra egin zitzaidan. Baina gero eta gehiago gustatzen hasi zitzaidan. Gaztelera ere berehala ikasi nuen. Oso gustura bizi naiz. Duela hiru urte joan nintzen Portugala oporretan baina ez zitzaidan gustatu», aitortu du. Errumaniarekin ere antzeko sentipena izaten duela dio: «Oporretan Errumaniara joaten naizenean, itzultzeko desiatzen egoten naiz. Nire herria ere ez zait gustatzen, ez dut ezagutzen, 10 urte daramazkit eta herritik kanpo. Euskal Herrian oso ondo sentitzen naiz, gehiago gustatzen zait».
Errumanieraz, ukraineraz, errusieraz, frantsesez, portugesez eta gazteleraz hitz egiteko gaia da Cauni. Baita euskaraz ulertu eta oinarrizko esaldiak esateko ere. «Ikastea gustatzen zait, eta euskara ere ikasten saiatzen naiz. Oinarrizko gauzak badakizkit». Euskaldun sentitzen dira dagoeneko. «Asko gustatzen zaigu euskara eta euskal kultura». Semeak, Beasaingo idazlan lehiaketan, bertsoen atalean, bigarren saria lortu zuen.
Goierrin horrenbeste errumaniar zergatik bizi den galdetuta, ez dakiela dio: «niri asko gustatzen zait, gero eta gehiago. Jendea oso jatorra da. Portugalen baino jende abegikorragoa aurkitu dut hemen», argitu du Caunik.