Joseba Imaz
Kazetaria
Larraiztik Ausa-Gaztelurako bidean noala, giro ederraz gozatu eta ibilalditxo bat egiteko asmoz, espero gabeko bidelagun batekin egin dut topo. Hemen harkaitz batean, han zoruan iltzatutako harri batean, Nafarroako armarriaren irudia ikus dezaket bide osoan zehar. Poztu nau seinale hori paraje hauetan ikusteak; erreinu zaharreko mugak zaintzen zituen gotorlekura igoko naizela gogoratu didate. Eta pausoz pauso aurrera noan bitartean, Nafarroa eta nafarrak buruan ditudala ekin diot aldapari. Aurrez iragartzen zaila baita ibiltari bakartiaren pentsamendua nondik nora ibiliko den.
Urrun geratzen da San Ferminetako burrunba Aralarreko paraje hauetatik. «Igualeko egoten da hemen», pentsatu dut. Ez baita ohitura txarra pagoen itzalpean eguneroko bizimoduaren pisuak arintzea. Xabier Leteren kanta ezaguna etorri zait gogora halako batean. «Nafarroa arragoa, sua eta ura / Kondaira baten oihartzun oihukatua / Amets bat baino gehiago, ez oparotasun osoa / Nahiaren eta ezinaren burrukatoki ekaitzez betea».
Oroitu naiz aurten justu 500 urte betetzen direla Gaztelako erresumak Nafarroa konkistatu zuenetik. Konkistatu diot, bai, hitz horixe erabiltzeko argudioak ematen ari baitira aspaldian hainbat historiagile eta ikertzaile. Historia ofizialak mendetan zehar defendatu duen anexioaren teoria indargabetzeko ekimen ugari sortu dira azkenaldian, mendeurrenaren harira. Ausa-Gazteluko malkarrak gertutik ikusten ditudan honetan, baina, badut irudipena dibulgazio lan horrek, bere eragina izanda ere, ez duela lagun berri askotxo ekarriko Nafarroaren historia zintzoki berridazten ari direnen kausara. Alegia, lehenagotik konbentzituta zeudenez aparte, ez dela jende asko jabetuko egungo Nafarroaren zimenduei beraiei eragiten dien errealitateaz.
Ibilian-ibilian, auspoa berotu zait jada, eta konturatu naiz jarrera pesimista batera naramala nekeak. Gaztelupeko iturri oparoan atseden hartu eta bueltatu naiz nire onera. Ez dut esan nahi historiaren alderdi ilunetara argia igortzea alferrikako lana denik. Ezta gutxiago ere! Bertsio ofizialen harresitik harago ikustea, gertatutakoaren egira gerturatzea, hori baita benetako historiagintzaren eginbeharra. Ikerlarien lana da urtetan zehar eraikitako pareta lodi horiek gainditzea, gertakari historikoek utzitako aztarna eta datuak arma bezala erabiliz. Ez da komenigarria soilik. Ezinbestekoa da gizarte heldu eta hezi bat garatu ahal izateko.
Baina, beste gauza askorekin bezala, kasu honetan ere gure eskemetara egokitzen diren gauzei bakarrik erreparatzen diegulakoan nago. Jatetxe bateko kartarekin bezala jokatzen dugu historiarekin ere. Jakitunek eskaintzen digutena entzun, aztertu eta gure apetitura egokitzen den menua osatzera ohituak gaude. Gazteluko malda pikoan gora noan honetan, beldur naiz anaia nafarrei ere (horien artean lagun maite asko) antzeko zerbait gertatzen ez ote zaien mendeurrenaz ari direnean; norbere pentsakeraren arabera erabakitzen dutela, Nafarroaren konkista ala anexioa, bietako zein erabili.
Iritsi naiz tontorrera halako batean! Parean zabaldu zaidan paisajearen ederra ikusita, azken galdera bat egin diot nire buruari, gotorleku zaharreko egitura lekukotzen duten harrien ondoan. Arraroa al da ideia batzuk defendatzeko beren historiari uko egiteraino iristen diren nafarren jokabidea? Izerdi patxetan, arnas estuka eta nekatu antzean nago, baina esango nuke ezetz. Pena da, baina gertakari historikoak nahieran kontatzeko tentazioa aspaldikoa eta ohikoa dela esango nuke.
Pekatutik libre denak jaurti dezala lehen harria, Ausa-Gaztelutik behera.