
Txema Gisasola (Zumarraga, 1962) MCC Mondragon Korporazio Kooberatiboko presidente berria da. Hilaren 2an hartu zuen kargua, Santa Isabel egunean. Arrasaten lan egiten du, baina Goierrirekin lotura estua du: Zumarragan jaioa da eta Seguran bizi da.
Azken urteotan Fagor Etxetresnak taldearen zuzendari nagusia izan zara. Zein egoeratan utzi duzu etxetresnen taldea?
2006tik 2012ra bitartean izan naiz kudeatzailea. 2005ean Frantziako Brandt enpresa erosi genuen. Gure tamainakoa zen, 4.500 langile zituen. Urte gogorrak, baina politak, izan ziren. Prozesua arrakastatsua izan zen, eta integrazioa erabatekoa da. 2008tik hona, ordea, merkatuak izugarri egin du behera; Espainian, batez ere. Duela lau urte saltzen zenaren %40 bakarrik saltzen da orain, eta Espainiako merkatua guretzat oso garrantzitsua zen, baina zorionez, Frantzian eta Polonian ere liderrak ginen. Egun, %24 Espainian saltzen dugu, eta gainerakoa Espainiatik kanpo. Dena den, zartada latza hartu dugu, eta neurri gogorrak hartu behar izan ditugu.
Nola ikusten duzu etorkizuna etxetresnen alorrean?
Europan zer gertatzen den ikusi beharra dago. Frantzia, Benelux eta Alemania merkatu sendoak dira oraindik, baina Alemanian alemaniarrek bakarrik saltzen dute. Ekialdeko herrialdeei dagokienez, Errusiak gorabehera asko ditu, eta bertan ez dugu asko saltzen. Europan %76 saltzen dugu eta gainerakoa Europatik kanpo. Sufritzen ari gara, baina aurrera aterako gara.
Zein formula erabiliko duzue aurrera egiteko?
Egokitzapena. Salmentek behera egin dute, baina ez dugu partizipazioa galdu. Lehiakide batzuk gu baino hamar aldiz handiagoak dira eta, iraun nahi badugu, beste batzuekin elkartu beharko dugu. Orain arte kooperazioa MCC barruko enpresekin egin dugu, eta hemendik aurrera beste batzuekin ere egin beharko dugu. Hizketan ari gara, baina oraindik ezin dugu esan norekin elkartuko garen. Asko gara egoera berean gaudenak.
MCC osoaren ardura duzu orain. Gogotsu hartu al duzu kargu berria?
Bai, noski. Kooperatiben egitasmoan sinesten dugu, eta ilusio handia dut. Unea ez da egokiena, baina ez guretzat, eta ez beste inorentzat. Egoera orokorra aldatzeko ezin dugunez ezer ere egin, barruan lan egin behar dugu.
Erronka sekulakoa da.
Gure erronka enpresa sarea eraldatzea da. Hemen bizi gara, baina azken urteotan munduko zenbait tokitan hazkundea eman da. Toki horietan egon denak irabaziak lortu ditu, eta horiek hona ekarri ditu: lana, egitasmoak… Hurrengo urteetarako erronka zein merkatutan eta zein dimentsiorekin egon asmatzea da. Halakoetan, handitasunari ematen diogu garrantzia, baina ez da hori garrantzitsuena: funtsezkoena lehiakorra izatea da, lanpostuak sortzeko.
Kanpora joanez hemen lanpostuak sortzea lortzen al da?
Gure 42 enpresa aztertu ditugu: horietako erdia nazioarteko bihurtu zen, eta beste erdia ez. Lehenengoek gehiago saltzen dute, irabazi handiagoak lortu dituzte eta, guretzat garrantzitsuena dena, Euskal Herrian lanpostu gehiago sortu dituzte. Beste merkatu batzuetan egoteak enpresa matrizean gauza gehiago egiteko aukera ematen du. Hori nabarmena da. Nazioarteko bihurtu ez ziren enpresetan langile kopurua %11 jaitsi da, eta besteetan %25 igo da.
Zaila al da zuen filosofiari eustea mundu globalizatu honetan?
Ez. Gure filosofiaren ardatza parte hartzea da, kudeaketan, erabaki organoetan eta jabegoan. Gure izaera azaltzen diegunean, hemendik kanpokoek ere kooperatibista izan nahi dute. Jendeari autonomia eta erabakitzeko aukera eskaintzen badiozu, ez dizu ezezkorik emango.
Langileak lehen bezainbeste inplikatzen al dira?
Normalean, bai. Fagorreko bazkideek sekulako ahalegina egin dute: soldata %7,5 jaistea erabaki dute. Frantzian eta Polonian hori ezinezkoa dela pentsa daiteke, baina ez da hala. Han langileek eta sindikatuek soldatak ez igotzea erabaki dute.
Gezurra da, beraz, lehen inplikazioa handiagoa zela.
Askotan hitz egin dugu horretaz, baina azken urteotan argi gelditu da beharrezkoa denean, jendea inplikatu egiten dela. Horri garrantzia handia eman behar zaio. Izan ere, pertsona bakoitzak bozka bat du, eta hori sekretua da. Norberak bere soldata %7,5 jaistea oso esanguratsua da.
Nola ikusten duzu mundu mailako ekonomiaren egoera?
Munduan ez dugu halakorik ezagutu orain arte. Dena globalizatuta dago eta horrek ondorioak ditu: nik dirua toki batean sartzen dut, baina diru hori munduko beste puntan mugitzen da. Horrek mesfidantza sortu du. Izan ere, ezin dugu gertatzen den guztiaren berri izan.
Baina globalizazioak gauza onak ere baditu: beste toki batzuk ezagutzeko eta beste batzuekin lan egiteko aukera eskaintzen du. Gure korporazioak 16.000 pertsona ditu lanean Espainiatik kanpo; 250 bulego komertzial eta 92 lantoki ditugu. Arrautzak zenbat eta saski gehiagotan sakabanatu, hobe. Eta hori guztia, lehen esan bezala, hemengoa indartzeko egiten dugu.
Eta Europa mailan, zein da egoera?
Duela 15 urte kanpora joatea Europara joatea zen. Egun, ordea, txikia dela dirudi. Nire ustez, Europa, merkatu bezala, mantenduko da. Beharbada apur bat igoko da, gainera. Oraindik indar handikoa da. Hori bai, Frantziak edo Alemaniak behera egingo balute, arazo latza izango genuke. Espainia, berriz, dagoeneko lur jota dago. Euskal Herriari eta Goierriri dagokienez, oasi batean gaude: behekoak baino askoz ere hobeto eta goikoen pare.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Erabakiak hemen hartzeko ahalmena izan behar dugu. Kataluniak inbertsio handiak egin zituen, baina multinazionalen aldeko apustua egin zuen. Horrek fruituak eman ditu, baina orain multinazionalak alde egiten ari dira. Hurrengo urteetan Kataluniak arazo larria izango du. Laguntzak emateko orduan, bertako enpresek lehentasuna izan behar dute.
Santa Isabel egunean izendatu zintuzten MCCko presidente.
Lehen aldiz ez dut Antiguako erromeriara joaterik izan. Eguerdian joateko asmoa nuen, baina Bilbon bilera izan nuen. Hori bai… ez dut gehiago kale egingo!
Bizitza ia osoa Goierrin eman duzu, lehenengo Zumarragan eta gero Seguran. Alde handia al dago batetik bestera?
Ez. Zumarraga eta Urretxu handiagoak dira, baina ez dago alde handirik. Beharbada, beti euskaldun giroan mugitu naizelako diot hori. Dantzaria izan nintzen eta ezpata-dantza dantzatu nuen hamar urtetan jarraian. Zumarragan oso gustura bizi nintzen, baina emaztea Segurakoa dut eta bertan bikain bizi naiz. Herri txikia da, baina zerbitzuak ditu: ikastetxea, anbulatorioa… Oso integratuta nago, gainera.
Zeintzuk dira zure zaletasunak?
Lehen kirol dezente egiten nuen. Larunbatetan eta igandetan ibiltzea gustatzen zait. Lehen, Zumarragan bazkaria genuen bakoitzean, emaztea autoz joaten zen, eta ni oinez. Baita lagunekin egotea ere. Denetaz hitz egiten dugu, lanaz izan ezik. Etxean egotea eta irakurtzea atsegin dut.