
Iñigo Igartza
Bankuko langilea
Kaixo aitatxo, eskolan arazo bat dugu, beno, arazoan sartu gaituzte edo… nola esan ere ez dakit.
-Tira Marina, has gaitezen hasieratik. Zein da arazoa?
-Ba, gela bakoitzeko delegatuak bildu izan direla azken hilabeteetan euskararen aldeko jai erraldoia antolatzeko eta hilabete faltan, dena desastrea dela aitortu digutela. Ez dugu erreakzionatzeko denborarik eta ez gara antolatzeko gauza.
-Ummmm, Arthur Frinlaif-en istorioa kontatuko dizut:
Garai bateko ibiltaria zen Arthur Frinlaif. Han eta hemen, mendi nahiz basamortu, batetik bestera izaten zen ibiltari. Batenak zein bestearenak entzuten zituen, eta lekuan lekukoa bizi zuen.
Lurralde zabal eta berde baten edertasuna zapaldu zuen batean, urrunean, tontortxo batean zerbait ikusi zuenaren irudipena izan zuen, argi bat edo indar berezi bat. Haren erakarpenari ezin uko eginik, hurbiltzeko beharra sentitu zuen, eta nolabait, han bere lekua zuenaren ziurtasuna nabari zuen. Gerturatu ahala, edertasuna nabarmenagoa zen. Arima hark forma hartzen zuen, baita bere sentsazioak ere, eta zoriontasuna eta askatasuna aurkituko zituela jakin zuen.
Bat-batean, bere parean harresi txiki bat topatu zuen. Harriturik, salto batez gainditu zuen. Kantari abiatu zen berriro ere, eta abestia parean zuen ibai batek ito zuen. «Baina nondik atera ote da hau?» Korrika lasterrean gerturatu eta salto eginez gainditu zuen. Bazirudien bere helburua ez zela horren erraza lortzen, eta haserretu egin zen; baina bere ametsak beteko zituenaren ziurtasunak aurrera bultzatu zuen.
Luze joan bazen ere, zoriontsu zen bere bidean eta helburuaz, baina gertutasunak ematen duen indarra bertan behera gelditu zen, parean presa handi bat eraikitzen ari zirela ikustean. Lurrean eseri zen negar batean, eta ondoan mutiko bat ikusi zuen berari so. Arthur beraren antz nabarmena zuen, hamaika urte lehenago. «Baina, baina,… nork jarri ditu oztopo hauek nire bidean? Eta zergatik?» galdetu zuen Arthur Frinlaif-ek. «Zergatik galdetzen didazu niri? Guzti hauek ez zeuden hemen zu etorri artean! Zuk zeuk ekarri dituzu!», jaso zuen erantzun.
-Orduan aitatxo, ipuin honek dionaren arabera, gu geuk jartzen dizkiegu oztopoak gure helburuei eta bideari, ezta? Guk eta gizartetik jasotzen ditugun iritzi, esames, kontu eta eragin guztiek?
-Lasai Marina, ipuinak ez baitu bere bukaera eman.
Arthur Frinlaif- ek zuk esandakoa hausnartu, eta korrika atzera egin zuen bide guztia, eta hasiera puntuan, begiak itxi eta belarriak estali zituen. Itsu eta gor bihurturik, norberagoa, izate garbiagoa eta eraginik gabea, zuzeneko bidea egin zuen tontorreraino.
Bertatik jende pila bat ikusi zuen lanean, oztopoak ezartzen eta presaren eraikuntzan, eta haien lan zuzendariek, delegatuek, diru saria ematen zieten egunaren bukaeran. Zoriontsu eta ameslari ikusten zituen haien aurpegiak une horretan. Laster konturatu zen Arthur Frinlaif presa hark urik gabe utziko zuela herria, eta arazoak aurki agertuko zirela.
Hauxe bera esan zien gizonei eta hauen erantzuna: «Ez baina, hori gure delegatuen lana da, eta beraiek egingo dira kargu».
-Aaaa! Zein garrantzitsua den delegatuen aukeraketa ezta?
-Bai! Inork egin nahi ez duen lana egiten dute, kritikaren zama jasan eta izugarrizko ardura dute gainean. Horregatik, oso garrantzitsua da aukeraketa hori, eta baita hauenganako errespetua ere. Baina, gure buruarekiko autokritika egin behar dugu. Zeintzuk aukeratu ditugu lan horretarako? Gaitasunik ba al dute? Hori gure ardura da.
-Beraz, bi mezu ezta aitaxo? Gu geu izan behar dugu, baina badugu gure ardura eskolan sortu den saltsa honetan. Delegatuei erru dena bota aurretik, guk aukeratu ditugula pentsatu beharko genuke, eta erabaki horren zergatia.
-Ja ja ja ja ja, bai horrela da.
P.d.: Gure delegatu horiek politikoak dira eta guk aukeratu ditugu, inork gutxi egin nahi duen lana egiteko. Gutxi batzuk izango dira erabakiak hartzeko gaitasuna dutenak, eta epe motzera begira jardun dira beste asko.
Eraiki duten presa horrekin herria itotzen ari dira, aberatsaren esku ur guztia utziz eta trukean kontsumismoaren gaixotasuna ezarriz. Orain gainera, ur horregatik zergak ordaintzea tokatzen zaigu.
Orain gure gurasoek esandakoaz gogoratzen gara, «bete ganbara gariz negua iritsiko da eta». Eta gure politikariak kontrako jarreran izan ditugu, zorren bidez beharrezkoak ez ziren azpiegiturak eraikiz: abiadura handiko trena, airepor- tuak eta abar. Beste batzuk beharrezkoak ziren. Eta gure zerga dirua, oraingoa eta hurrengo urte pila batekoa, bota eta oparitu dute.