Anaitz Goia (Segura 1986) eta Marta Gimenez (Ordizia, 1987) duela bi urte joan ziren Londresa bizitzera.
Nolatan joan zineten Londresa?
Marta Gimenez. Aurretik ere biok atzerrian bizitzen egonak ginen, eta bakoitzaren esperientzia onak izan zirela kontuan hartuz, berriz ere proba egitea pentsatu genuen. Londres, gainera, bioi gustatzen zaigun hiria da. Denbora bat bertan pasatzeko asmoarekin eta esperientzia profesional bat bilatzeko intentzioarekin etorri ginen.
Eta zenbat denbora gelditzeko asmoa dudue?
Anaitz Goia. Momentuz dena pentsatuta bezala doakigu, eta oso gustura gaude. Noiz seguru ez jakin arren, Euskal Herrira itzultzea gustatuko litzaiguke.
Biok lanean ari zarete?
M.G. Bai, biok lanean ari gara. Nik jostailu ekoizle multinazional batean egiten dut lan, eta Europako herrialde ezberdinetako salmenten aholkulari bezala dihardut. Esperientzia erabat positiboa ari da izaten.
A.G. Ni, berriz, ingeniari lanean nabil telebistako eta zineko post-produzkio batean. Proiektu teknologiekoen kudeaketaz arduratzen naiz. Nire kasuan ere esperientzia paregabea ari da izaten.
Zer da zuen herrietatik gehien faltan ematen duzuena?
M.G. Nahiz eta topiko bat izan, familia eta lagunak faltan ematen ditugu gehien. Ez gaude kexatzeko moduan hala ere, beste gauza positibo askoren artean, jende asko ezagutzeko aukera izan dugulako eta beraiekin ere momentu apartak igarotzeko aukera ari gara izaten. Edozein modutan, zalantzarik ez dago, teknologi berriek ere gureengandik gertuago sentiarazten gaituztela.
Goierrira nahiko sarri egiten dituzue bisitak hala ere, ezta?
A.G. Saiatzen gara aldian behin etxekoak eta lagunak bisitatzen. Lanak uzten digunean eta tarteren bat ateratzen dugunean, oso gustura joaten gara gure herrietara.
M.G. Gaur egun ongi komunikaturik dago Londres Euskal Herriarekin, eta hori ere abantaila bat da; nahiko erraza izaten da asteburu batean besterik ez bada ere, bisita azkar bat egitea. Familiakoek eta lagunek ere bisitatu ohi gaituzte, eta oso gustura hartzen ditugu.
Goierrin ez dagoen zer gustatzen zaizue Londresetik?
A.G. Londresek hiri bezala aukera asko eskaintzen ditu, bai alor profesionalerako eta baita aisialdirako ere. Metropoli bat den heinean, egunero izaten da ekintza ezberdinak egiteko aukera, eta aspertzeko denbora gutxi izaten dugu hemen normalean.
M.G. Londresen dagoen kultur aniztasuna oso gustuko dugu. Asko atsegin dugu herrialde edota kultura ezberdin horietako gastronomia probatzea; horretarako aukera handia dago hemen! Hori izan liteke agian Goierrira eramango genukeen zerbait.
Bizi ohiturak hemengoen ezberdinak izango dira; zertara ohitzea kosta zaizue gehien?
M.G. Orokorrean ez zaigu zaila egin hona ohitzea. Aurretik atzerrian esperientzia izateak abantaila pixka bat emango zigulakoan gaude.
A.G. Hasieran nahiko arrotza egiten da ibilgailuak aurkako noranzkoan ikustea, hala ere ohitu gara dagoeneko, edo hala uste dugu behintzat! Nahiz eta noizean behin gidatzea tokatu izan zaigun, normalean garraio publikoa erabiltzen dugu.