Juan Mari Arzak sukaldari donostiarra Ordiziako gazta lehiaketako epaimahaiburua da 1992tik, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako ohorezko kidea ere bada. Baina Goierrirekin duen harremana hori baino askoz ere sakonagoa da. Izan ere, bere ama ataundarra zen eta Arzakek bertan eman zituen bere haurtzaroko zortzi urte. Hori dela eta, «erdi-goierritarra» dela esan ohi du.
Epaimahaiburu izendatu aurretik du lotura Arzakek Ordiziako Euskal Jaietako Gazta Lehiaketarekin. 1980an Euskal Sukaldaritza Berriaren funda- tzaileek lehen aldiz parte hartu zuten lehiaketako epaimahai gisa, eta ordutik du lotura sukaldariak lehiaketarekin. Irailaren 10ean egin zen urte hartan txapelketa, eta lehen aldiz egin zen gazta-erdiaren enkantea. Arzak bera izan zen Zaldibiako Jose Antonio Etxabe artzainaren gazta erdi hura erosi zuena, 12.000 pezeta ordainduta.
Ordutik ez du hutsik egin, eta urtero Ordizian izan da. Berarentzat «egun magikoa da» Euskal Jaietako lehiaketa, eta urtero egun pasa ederra egiten du. Lehenik azoka ikusten du, eta handik bueltan joaten da pilotalekura, lehiaketa gunera. «Giroa bikaina izaten da. Beroa. Gozoa», dio. Enkantearen ondoren, sukaldari asko Martinez jatetxera joaten dira baxoerdi batzuk edatera, eta elkarrekin bazkaltzen dute gero, gehienetan Tolosako Julian jatetxean. «Bertakoak oso lagunak ditut eta, sukaldarien artean zaharrena naizenez, gainontzekoek nire aginduak betetzen dituzte».
Orain arte ez du sekula kale egin, baina aurten ezin izango da Ordizian izan. Elena Arzak alaba munduko emakume sukaldari onena izendatu dutenetik, lanez gainezka daude. «Tsunamia izan da. Pena handia hartu dut, baina ez dut Ordiziara joaterik izango. Kofradiakoei barkamena eskatu diet eta lasai egoteko esan didate: sekula ez dudala kale egin eta ulertzen dutela».
Goierritarrentzat hitz onak besterik ez ditu sukaldariak. «Zer esango dut ba… erdi-goierritarra naiz! Hango jendea ona da. Goierrin auzolanak bizirik dirau, adibidez. Baserri bat konpondu behar zen bakoitzean auzoko guztiek laguntzen zutela gogoratzen dut». Hori bai, goierritarrak jenio bizikoak dirala dio: «Haserretzen direnean, sekulako zalaparta sortzen dute».
Ordiziarekin ez ezik, harreman estua izan du txikitatik Arzakek Goierrirekin. Ama Ataungoa zuen, Ergoiena auzoko Sariarte baserrikoa, eta haurra zela izan zituen osasun arazoak tarteko –asma zuen–, gurasoek Donostiatik Ataunera bidali zuten. Izan ere, Goierriko klima kostaldekoa baino lehorragoa da eta, gainera, jatetxean lan handia zuten.
Donostiako sukaldariak Ataungo Arbeldi baserrian osaba-izebekin eta lehengusuekin eman zituen urteak «zoragarriak» izan zirela dio. «Urte haiek oroitzen ditudanean, Alicek Lurralde Miresgarrian bizi izandakoaren antzeko zer edo zer bizitzeko aukera izan nuela iruditzen zait. Gaixo nengoenez, senitartekoek mimatu egiten ninduten, eta gainontzeko auzotarrak ere pertsona bikainak ziren. Ergoiena familia handi bat zen».
Han bizitakoa «magikoa» iruditzen zaio. «Haur batentzat toki zoragarria da. Gauza zirraragarri asko egin daitezke bertan». Goizean berandu samar jaikitzen zela gogoan du, eta gero mendira joaten zela ere bai, «behiak zeuden tokira. Behor mantso baten gainean joaten nintzen, eta eguna mendian ematen nuen, behiak zaintzen. Nire lehengusua ondoko mendi batean egoten zen, eta irrintzi eta oihu bidez komunikatzen ginen».
Ikasketak Ataunen hasi zituen Arzakek, eta bertako ikastetxea izan zen ezagutu zuen lehena. «Ikasturte bat eman nuen bertan eta ez zutela euskaraz hitz egiten uzten gogoan dut».
Zortzi urte bete arte bertan bizi izan zen. «Osaba Inaxio gizon jakintsua zen, izeba Agustina… Denak zoragarriak ziren: Joxepa, Epifania eta Blankita lehengusuak… Handik urte batzuetara, euretako askok nirekin lan egin zuten Donostiako jatetxean. Blankita ni baino apur bat zaharragoa da eta arreba modukoa da niretzat; Epifaniak urte asko eman zituen gurekin Donostian».
Oraindik ere harreman estua du Goierriko senitartekoekin. Dena den, nahi baino gutxiago etortzen dela aitortu du. «Askoz ere gehiago joan beharko nintzateke, bikain portatu baitziren nirekin eta bizitza osoan asko maitatu bainaute. Eurengandik zer edo zer behar dudan bakoitzean, laguntzeko prest daude», dio.