Erditze luzearen ondoren, Hazi Hezi etxerako haurren heziketa aldizkaria kaleratu dute Hik Hasi aldizkariak. Haurren heziketan, haurraren garapen integralean lagundu nahi duen tresna izan nahi du Hazi Hezik. Hiruhilabetekaria da. Bigarren zenbakia, hilabete honetan, etorriko da. Hazi Heziren proiektu honetan, bi goierritar dabiltza buru belarri: Joxe Mari Auzmendi koordinatzailea(Legazpi, 1954) eta Ainara Gorostitzu kazetaria eta erredakzio burua (Ataun, 1981).
Nondik nora sortu da ‘Hazi Hezi’ proiektua?
Joxe Mari Auzmendi: Hik Hasi aldizkariak bultzatuta, Irrien Lagunak Klubak eta guraso.com webguneak elkarlanean osatu dugun proiektua da. Hik Hasi irakaskuntzarako aldizkaria da, baina haurren heziketarako, etxerako euskarazko aldizkaria sortzeko beharra ikusten genuen. Han eta hemen, ahaleginak egin izan dira, baina Euskal Herri mailako aldizkaririk ez zegoen, eta haurraren heziketan hutsune handia ikusten genuen; handiagotzen ari zen hutsunea, gainera.
Haurren heziketarako aldizkari eta material ugari dago merkatuan eta Interneten. Baina euskarazko aldizkaririk ez zegoen orain arte.
Ainara Gorostitzu: Jendeak esaten digu: «Bazen garaia!» Harrigarria da hainbeste komunikabide daudenean, maila nazionalean ez egotea etxera begirako euskarazko heziketa aldizkari bat. Gaztelaniaz dozenatik gora daude, frantsesez ere asko, ingelesez zer esanik ez… Hemen jendeak kontsumitzen ditu aldizkari horiek. Beraz, euskaraz eta Euskal Herritik egindako aldizkariaren beharra badago.
Informazio ugari dago merkatuan, baina askotan kontraesankorrak ere izaten dira.
J.M.A.:Filtroa oso garrantzitsua da. Gaur egun informazio ikaragarri dago, batez ere Interneten, eta jendeak behar du filtro edo galbahe hori. Jendeari laguntza tresna eskaintzea da Hazi Hezi-ren helburua, galbahe horretan lan egitea, informazio fidagarria eskaintzea.
A.G.: Aldizkaria, oso-osorik, hemen pentsatuta eta hemengo jendearekin egina dago. Guk hemen pentsatu eta hemen landu dugu; hemengo profesionalek hemengo tradiziotik egina da. Noski, mundura begira ere bagaude. Munduko ekarpenak jasoko ditugu, baina hemengo ikuspegitik. Hori bai, ez dugu errezetarik emango. Galderak planteatuko ditugu, erantzun batzuk ere bai… Laguntza tresna izan nahi du.
Heziketaz hitz egiten duzuenean, zein baloretan oinarritutako heziketaz ari zarete?
A.G.: Haurrak, pertsonak, bere nortasuna gara dezan, pertsona autonomo, solidario eta kritikoak sortzen lagundu nahi du Hazi Hezi-k, umeen behar emozionalak, fisikoak eta psikologikoak asetzen lagunduko duena.
J.M.A.: Gure haurrak pertsona arduratsuak izatea nahi dugu, txiki-txikitatik pertsona arduratsua izatea oso balore garrantzitsua baita. Gaur egun, ez du balio, txintxoa eta jakintsua izateak. Arduratsua izan behar da. Hartutako erabakiek zein ondorio dauzkaten jakin behar dute haurrek.
Hazi Hezi-ren lehenengo aldizkariaren hitzaurrean, «etxekoentzako aldizkaria» dela diozue. Nortzuk dira etxekoak?
A.G.: Komunitatea, tribu osoa hartzen dugu kontuan. Etxeari zuzentzen gatzaizkio, eta ez gurasoei bakarrik. Etxea edo familia bere ikuspegi zabalean hartzen dugu. Aitona-amonak, osaba-izebak, zaintzaileak… Aitona-amonek sekulako papera daukate, duda asko dauzkate. Beraientzako ere bada aldizkaria.
J.M.A.: Gizartea asko aldatu da, eta garai bateko ereduek dagoeneko ez digute balio. Eredu aldaketa egon da familietan. Ama batzuk esaten digute bere amaren ereduak ez diola balio, bere ama etxean zegoelako. Aitaren ereduak ere ez du balio, aita ez zegoelako inoiz etxean. Badakigu zerk ez digun balio, baina ez dakigu zer nahi dugun eta zerk balio digun. Hazi Hezi horretara dator, eredu desberdinak eskaintzera, aldaketa horri erantzutera. Familia eredu berriak ere hor daude; denak kontuan hartzen saiatuko gara.
Zein sail edo atal izango ditu aldizkariak? Zein gai mota landuko dituzue?
A.G.: Adituen ekarpenak jasoko ditugu txandaka: psikologoak, sexologoak, nutrizionistak, osteopatak, homeopatak, pediatrak… Adituek aholkuak emango dituzte, eta , irakurleek galderak egiteko aukera izango dute.
Haurren adin tarte guztiak kontuan hartuko ditugu aldizkari guztietan, haurdunalditik nerabezarora, eta gaiak adituekin landuko ditugu.
Bestetik, arituen atala edukiko dugu. Hau da, gurasoengana, aitona-amonengana, irakasleengana joko dugu, euren kezka eta galdera errealei, eurek eman dizkieten soluzioak eta erantzunak jasotzeko.
Sormenaren atala ere edukiko dugu, eta Xabier Zabalak jolasak proposatuko ditu.
Prentsa idatzia krisian dagoela dirudi. Aldizkaria paperean argitaratzearen apustua egin duzue. Zergatik?
J.M.A.: Interneten guraso.com hor dago, eta Euskal Herrira zabaltzen ari da, beraz, ez zuen merezi digitala egitea, eta papereraren aldeko apustua egin dugu. Interneten informazio asko dago, eta paperak aukeraketa bat egiten du. Hausnarketarako denbora dago, bai egiten duenarentzat, bai irakurtzen duenarentzat. Alde horretatik ere, bizitzako beste ikuspegi bat ematen du, eta tresna egokia iruditzen zaigu papera.
Paperaren krisiaz gain, krisi ekonomiko garaia ere bada. Ideiarik onenak krisialdietan sortzen direla esaten da.
A.G.: Beharra egon bazegoela, baina momentua egokia ote den esan izan zaigu. Baina bai, momentua da bai. Nahikoa hausnartuta daukagu, badakigu zer nahi dugun, eta krisiaren garaia ere ona dela uste dugu, balore guztiak ere krisian daudelako.
J.M.A.: Azkeneko hamarkadetan aldaketa izugarriak ematen ari dira gizartean. Hazi Hezi-k ere lurrikara pixka bat ekarri du etxe bakoitzera. Jendea pentsatzen jarri dugu, eta garrantzitsua zer den eta zer ez den hausnartu du. Aldaketa handiak eman dira. Aitona-amonen papera, osaba-izebena… Dena aldatzen ari da. Momentu ona da hausnarketarako.
Nola eskura daiteke Hazi Hezi aldizkaria?
J.M.A.: Urtean lau aldizkari argitaratuko ditugu. Kioskoetan eta liburu dendetan egongo da salgai, baina harpidetzak bultzatu nahi ditugu. Urteko 20 euro kostako da. Hikhasi.com-en egin daiteke harpidetza. Hik Hasi-ren harpidedunentzat merkeago izango da: urteko harpidetza, 15 euro.