Euskal Herriak eta Goierriko hainbat herrik XVI. mendean itsasoarekin nolako lotura zuten agertzen du ‘GU, Itsasoa, munduaren ataria’ erakusketak.
Urarekin estuki lotuta dago Euskal Herriaren historia, mendi gailurretan iturburu duten errekez gain, mendeetan zehar itsasoak Euskal Herriari forma eta edukia eman baitio. XVI. mendean lurralde oso baten indarrak itsasoan nola metatu ziren jasotzen da GU Itsasoa, munduaren atari erakusketan. Baita indar metaketa horren emaitza zein izan zen ere.
Zerainen ikusi daitekeen erakusketak atalka biltzen du informazioa paneletan. Atal bakoitzak bestearekin izan zuen harremanean dago, hain zuzen, euskal ontzigintzaren arrakasta. XVI. mendean «merkataritzan egungo Mannhattan-ekin eta itsas teknologia sorkuntzan Japoniarekin alderatu genezake», azaldu du grafikoki Jakoba Errekondo Zeraingo Udaleko teknikariak.
Natura bera da lehenengo giltza: abiapuntua. Zer behar da ontzi bat egiteko? Burdina eta egurra. Mendiek gordetako burdinaren kalitatea dela eta, euskal isurialde atlantikoan burdinola hidrauliko sare zabala zegoen. Euskal basoetan haritza zen nagusi; eta uretan ondo irauten duelako, egur sendoa delako eta erraz lantzen delako erabiltzen zuten haritza.
Egur gehiago ere erabiltzen zuten: izeia mastak egiteko, intxaurrondoa lemak egiteko, ezpela txirrikak zein poleak egiteko eta pagoa arraunak egiteko. Egurrak itsasorik gabeko lurrak itsasoarekin lotu zituenaren isla da Ataungo Arrauneta pagadiaren izena. Egurraz gain, Zeraingo eta Legazpiko burdina ere itsasora iritsi zen.
Basoetatik eta burdinoletatik gertu zeuden ontziolak, Euskal Herria lurralde txikia izatea abantaila izan baitzen. Baita ontzigileen sormen gaitasuna ere. XVI. mendean, euskal ontzigileek estandarizatu egin zuten ontzien diseinua; ondorioz, eraikitzeko modua sinplifikatu egin zuten. Beste aurkikuntza nabarmen bat zuhaitzei forma emateko teknikaren garapena izan zen. Haritzaren zura ipiñabarritu egiten zuten, hau da, adarrak ipintzen zizkioten zuhaitzei ontzigintzarako forma aproposak lortzeko.
Euskaldunak bi urrats horietan aitzindariak izan zirela dokumentatu dute. Aitzitik, itsas industriaren garai hartako loraldian ez dago beso bakar baten arrauna, beso askoren arraun harmonikoa baizik. Euskal bide-sarean barrena, mandoak nahiz idiak gidatuta, egurra, burdina eta harria eramaten zutenen indarra dago. Basoko eta burdinoletako langileena, errementariena, merkatariena, tabernariena, arotzena, sagardo ekoizleena… Oraindik ere gehiago ziren itsasoarekin lotura zuten jarduerak.
Sagardoaren ekoizpenak kontakizuna Goierrira dakar berriz ere. Itsasontzietako hornidura prestatzerakoan urik ez zuten hartzen, ura usteldu egiten baitzen. Barkuetan sagardoa zeramaten, hiru bat litro tripulatzaile eta egun bakoitzeko; 50.000 litro inguru espedizioko. Horrek ekarriko du dolare-baserrien sorrera. Igartubeiti da, Ezkio-Itsason, dolare-
baserriaren adibiderik fidelena, denboran zehar iraun duena.
Lurralde oso bateko indarrak koordinatuta zeudeneko garai hartan, Europako ontzigintzan jazoko ziren aldaketen inspirazio iturri izan zen euskal itsas
industria. Ondo egindako lana eta berritzeko gaitasuna ziren maisu-ontzigileen oinarria.
Zeraingo erakusketan denboran zehar euskaldunek garatutako diseinuen berri ematen da. Ontzi ezberdinak, zeregin desberdinetarako: baleetarako txalupak, arrantzarako pinazak, bi mastako zabrak, itsasontziak, transatlantikoa, galeoia eta lantegi ontzia. Zoriak baino lanak eta beharrak zeresan handiagoa zutenaren emaitza da lantegi ontzia. Artikora bale arrantzara atera behar izan zirenean sortu ziren lantegi ontziak, orduan ez baitzieten denborarik ematen koipea urtzeko kostara itzultzea.
Irailaren 30era arte dago erakusketa Zerainen, eta sekretu, kontakizun eta jakingarri gehiago biltzen ditu. Komunitate baten irudia egiten du. Portuetatik barrualdeko basoetaraino eta meatzetaraino, orkestra baten moduan aritu zen gizarte batek lortutako arrakastaren istorioa kontatzen du. Euskararen herria itsasoaren herria zeneko garaiaren narrazioa da.
Jakoba Errekondo: «Herriz herri batel bat eraikitzeko asmoa dugu, bakoitzaren ekarpenekin»
Zeraingo museoan ikus daiteke irailaren 30era arte GU Itsasoa, munduaren atari erakusketa. Erakusketarekin bat egiten du tokiaren egur usainak, eta bertako usaina balitz bezala, udaletxean ere, zura da nagusi. Jakoba Errekondok (Usurbil, 1961) Zeraingo Udalean egiten du lan.
Nolatan sortu zen erakusketa hau osatzeko ideia?
Hiru proiekturen elkarlanaren abiapuntua eta emaitza da: Igartubeiti museoa, Albaola –itsas kultura berreskuratzeko Pasaian sortutako elkartea– eta Zerain Paisaia Kulturala. Itsasoa aberastasun iturria izan da milaka urtetan kostaldeko nahiz barrualdeko lurraldeentzat. Hori, halere, ez da posible lurralde oso bat inplikatzen ez bada.
Kontakizuna beste zerbait komunikatzeko aitzakia al da?
Euskal lurralde osoa itsas jarduerari begira zegoela azaltzen du erakusketak. Itsasoa guztiena zeneko kultura zabaldu eta sekulako aberastasuna sortu zuten.
Elkarlanaren gailurra izan liteke?
Ontzigintzan, baso lanean eta merkataritzan elkarlanean aritu ziren. Elkarlanaz gain, herrilana egin zuten, komunitate bat sortu zuten, itsasoaren sarean lotuta zeuden. Egun, Euskal Herrian bizi den arazoari irtenbidea emateko filosofia gisa baliatu ahal dugu.
Proiektua zabalagoa da.
Erakusketa lehenengo urratsa da, Batelaren bidea egitasmoa jarriko baitugu martxan. Herriz herri batel bat eraikitzeko asmoa dugu, bakoitzaren ekarpenekin. Canadan uretatik atera dute Pasaian XVII. mendean eraikitako galeoia. Azpian batela aurkitu dute; batela zama lanetan erabiltzen zuten.
Abiapuntua hori izanda, nola eraikiko duzue batela?
Herriko plazetara eramango dugu, eta bakoitzak emateko daukana gehituko dio. Herritarrek zer ekarpen egin dezakete? Eta eragileek? Ataunen arraunak, Ezkio-Itsason sagardoa, Idiazabalen gazta eta Zerainen burdina, adibidez.
Erakusketarekin lotutako webgunea egin duzue.
Bai, edukiak sartu ditugu guitsasoa.com webgunean. Ekarpenak jasotzeko eta mugimenduan egoteko grina dauka, osatuz joango da.