Antxiñe Mendizabal Aranburu
Idazlea
TVE-ko Versión Española saioan ikusia dut ¿Qué tienes debajo del sombrero? filma, Lola Barrera eta Iñaki Peñafielek egin, eta Julio Medemek ekoiztua. Hunkigarria bezain dibertigarria iruditu zitzaidan Judith Scott protagonista nagusi duen luzemetraia.
Judith Scott, Estatu Batuetan, Ohion jaioa, duela zazpi urte hil zen, 69 urterekin. Down sindromearekin jaio zen. Gormutua zen eta zazpi urterekin gaitasun urriko pertsonentzako instituzio batean sartu zuten, jaiotzetik bizi zuen inkomunikazioa areagotuz. 1987an, bereizketa inoiz gainditu ez zuen bere ahizpa bikiak barnetegitik atera eta berarekin eraman zuen etxera. Handik gutxira hasi zen Creative Growth Art Center-ra joaten. Zentro honetan urritasunen bat duten pertsonak artelanak egiten dituzte, bestelako artistekin batera, izan ere sormen artistikorako gaitasun betea guztiok dugula sinetsita daude bertan.
Judith Scott zentrora joaten hasi eta berehala hasi zen eskulturak egiten. Intsektu batek bezala iruten zituen bere eskulturak. Edozein eratako piezak hartu –asko lapurtu egiten zituen– lotu, eta hariaz, artileaz edo sokaz biltzen zituen, (euskaraz “ehundu” edo “irun” hitzak, antolatu, asmatu edo sortu ere esan nahi du). Judith-ek urte gutxiren buruan lortu zuen nazioarteko kritikaren onespena.
Artista eta psikiatra bat baino gehiago saiatu da bere artelanetan zer esan nahi izan zuen azaltzen. Inor ez da ondorio zehatzetara iritsi, baina guztiak bat datoz bere lanen erabateko zintzotasuna azpimarratzean, izan ere, baldintza sozial edo kulturaletatik kanpo, bere metaforak ezin ederragoak dira. Bere baitako premiazko behar batetik abiatzen dira bere lanak.
Sailkapen ofizialen arabera, Judith Scotten artelanari Art Brut edo marjinala esaten zaio, kultura ofizialaren mugetatik kanpo egina delako. Jakina da ofizialtasunak ezberdintasun guztiak sailkatzeko beharra duela beti, kontrolatzeko besterik ez bada.
Arteari buruz hitz egiten hasita, Euskal Herrian dugun erreferentziarik esanguratsuenarengana jo dut: Oteiza. Bere hitzen esanahia guztiz ulertzea ez da erraza, baina bere metaforak ezin ederragoak dira.
Jorge Oteizak beti defendatu izan zuen arteak gizakiarentzat izan behar zuela, gizakia izan behar zuela helburu; kulturaren bidez gizaki berri bat sortu behar zela. Metafora erraz baten bidez azaltzen digu artea zer den: gizakia, izatearen artzaina da, artista izatearen ehiztaria, eta artea ehiza egiteko tranpa bera (euskaraz “arte” hitzak tranpa ere esan nahi du).
Judith Scotten argazkia aztertzen saiatzen naiz, eta ez naiz arrazoizko pentsamendu bakarrera iristen. Eragiten didan zirrarak eramaten nau orduan eta bururatzen zait Judithek, sokaz eta artilez bildutako emakume forma duen eskultura honetan, bere benetako izatasuna harrapatu zuela. Inoizko gauzarik preziatuena harrapatu izan balu bezala sentitzen dela esango nuke, eta maitasunez lotzen zaio.
Nik artista oso bat, pertsona oso bat ikusten dut argazki honetan, gutxitan bezala. Jakin nahiko nuke Oteizak zer pentsatuko zuen burutazio honi buruz. Bere azkeneko urteetan, arteak eta kulturak porrot egin zutela zioen, etsipenez baino gehiago, amorruz. Suposatzen dut ez lukeela iritziz aldatuko baina, agian, argazki honek zirrara eragin eta gogoa baretuko zion.