Nikolas Ormaetxea ‘Orixe’ idazlea, gerra aurreko euskal kulturgintzaren erreferenteetako bat izan zen; Olaberrian harrera beroa egin zioten, 1930ean.
Gerra aurreko euskal kulturaren izen handietako bat zen Nikolas Ormaetxea Orixe idazlearena. Orexan jaio zen 1888an, eta Uitzin (Nafarroa) hazi. Lauaxeta, Lizardi eta Loramendi izan zituen gerra aurreko belaunaldi hartako kide eta lagun estimatuenak. Euskal Herriko euskaltzale askoren idolo ere bihurtu ziren idazle haiek. Horren erakusgarri da, Orixek 1930ean Olaberriara egindako bisita, eta bertako euskaltzaleek egin zioten harrera beroa.
Hala idatzi zuen Zeleta ezizenez sinatzen zuen kronistak, El Día egunkariko Euskal Orrian, 1930eko irailaren 27an: «Esan bearrik ez dago zein pozik artuko genduan uri tontor onetako euskaltzaleak jaun argi ta idazle bikain orren etorrera izparra». Astearte goiz hartan, trenez etorri zen Orixe Beasaingo geltokira. Ordurako zain zuen olaberritar talde bat, harrera egiteko. «Intxustitar Zezioliok atseginez eskini zigun berezibil ederrean» joan ziren Olaberriko herriguneraino. Elizan «aitagure bat esan» eta herria bisitatu zuten. Gero, hamaiketakoa egin zuten erretorearen etxean. Zeletak idatzi zuenez, Orixek bertako paraje eta ikuspegiak goratu zituen: «Ze gauza ederra dan leku au! Zenbait erri txiki eta zenbait mendi aundi ikusten dan! Zein ederra dan gure euskalerria!» esan omen zuen.
Kontzejuko tabernako Karmenek jarritako bazkaria jan zuten gero, «oberik ezindakoa» kronistaren arabera. Bazkal ondoan, Olaberriko euskaltzaleek olerki bat eskaini zioten Orixeri, eta hark, beste hainbeste egin zuen gero. Euskal kantak abestuz eta taldeko argazkia aterata bukatu zuten bisitaldia.
Egun hura olaberritarren memorian geldituko zen luzerako. Orixeren bizimodua, ordea, gerrarekin batera okertu zen. Atxilotu eta Iruñean hartu zuten preso. 1938an, Frantziara atzerriratu zuten, eta handik, Ameriketara joan zen. Euzko-Gogoa aldizkarian idatzi eta hainbat lan argitaratu zituen. 1954an iztuli zen Euskal Herrira. Zazpi urte geroago hil zen, 1961ean.